Zezenak beren bakardadean

Zezenak beren bakardadean

Sanferminak hasiko dira ostegunean, eta, bestekin batera, zezenketak ere izanen dira berriz Iruñean. Gero eta gehiago dira zezenketen kontrako jarrera hartzen duten herritarrak: elkarretaratze bat egin zuten larunbatean, eta bihar manifestaziora deitu dute. Plazan zezenak bakarrik dira; kanpoan, ez.

Edurne Elizondo

Iruñeko Gaseko eskortetan daude jada ostegunean hasiko diren sanferminetan hilko dituzten zezenetako hainbat. Hor hasten da hiriburuko zezen plazan amaitzen den animalion bidea. Azkena. Kamioi batean aterako dituzte handik, eta harategietan salduko dituzte, gero, haien gorputz zatikatuak. Zezenketako haragia.

Zezenek ez dute aliaturik plazan. 60 hilko dituzte Iruñeko bestetan, harmailetan bat eginen duten herritarren aurrean. Peñetako kideak eguzkipean izanen dira, euren txarangekin, eta Aroztegia bizirik edo Palestina aske aldarrikatzen dituzten euren pankartekin.

Plazan bakarrik dira zezenak, baina handik kanpo bada animalion erabileraren aurkako jarrera hartzen duen gero eta herritar gehiago. Aurten, zazpigarrenez, zezenketen eta, oro har, gizakiz bertzeko animalien erabileraren aurkako manifestazioa antolatu du Nafarroako Animalien Askapena taldeak. Bihar eginen dute, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan hasita. Datorren astean, berriz, Iruñe Antitaurinoa kolektiboak zezenketen aurkako kalejira eginen du, haiek ere zazpigarrenez: uztailaren 7an, 19:00etan, Udaletxe plazatik abiatuta.

Joan den larunbatekoa izan da zezenketen aurkako aurtengo lehendabiziko protesta, Iruñean. Zezenketarik Ez sareak antolatu du —iaz sortu zuten, zenbait eragilek eta norbanakok bat egin

Zezenketarik Ez Sareak antolatutako zezenketen aurkako elkarretaratzea. Aitor Karasatorre / Foku.

eta gero—, besta eredua aldatzeko beharra erdigunean jartzeko. “Sanferminetan bestaz gozatu nahi dugu, baina bada garaia zezenketak bazter uzteko”, erran du sareko bozeramaile Idoia Azkonak.

Peñen parte hartzea

Zezenketen aurkako sareak Iruñeko Udalari eta herritar orori eskatu die zezenketen aurkako jarrera har dezatela, “behingoz”. Peñei zehazki helarazi nahi izan diete mezu hori. “Ez zaitezte plazara joan”. Eskaera horrekin bat egin dute Nafarroako Animalien Askapena taldeko Irma Jimenezek eta Iruñe Antitaurinoa kolektiboko Txaro Buñuelek ere. “Peñek eta txarangek eusten diete zezenketei; peñarik gabe, laster utziko genituzke bazter”, erran du Buñuelek. “Peñak besta egitera joaten dira plazara; egin dezatela besta bertze edonon, eta ez dezatela zezenketak babesten segitu”, erantsi du Jimenezek.

Peñei zezenketen aurkako jarrera hartzeko eskatu diete zezenketen aurkako eragileek eta eragile antiespezistek. Ez da eskaera berria, urteak baitira eragileok gizakiz bertzeko animalien erabilerari eta erabilera hori oinarri duen besta ereduari buruzko gogoeta eskatzen hasi zirela.

Peñetako ordezkariek, baina, ez diote gaiari heldu nahi izan, orain arte. Iazko sanferminen atarian, Iruñeko Peñen Federazioko presidente Iosu Sanchez Nafarroako Hitza-n mintzatu zen. “Garbi dut karrikan eztabaida badagoela, baina peñen federazioan, ez. Ofizialki, ez dago eztabaidarik. Federazioak, beraz, ez du zezenketen inguruko jarrerarik; ez alde, ez kontra”, zioen.

Iruñe Antitaurinoa kolektiboaren zezenketen aurkako iazko kalejira. Jon Urbe / Foku.

Peñak, baina, plazan dira, egunero, sanferminetan. Plazan, zezenketen alde. Aurten ere izanen dira, eta federazioko presidentea iaz errandakoaren bidetik mintzatu da, berriz ere: “Iruñeko Peñen Federazioak ez du deus errateko zezenketei buruz; peñen erabakia da plazara joan edo ez”.

Federazioak ez du zezenketen inguruko eztabaida bere egin nahi; bertze hainbat arlotan, baina, eztabaida eta gogoeta sustatzeko rola betetzeko arazorik ez du izan. Ekainaren 14an eta 15ean, hain justu, Iruñeko besta herrikoiak biziberritu izenburuko jardunaldiak egin zituzten Iruñeko Kondestablearen jauregian, Iruñeko Peñen Federazioak antolatuta. Ekinaldi horri buruz zenbait hedabidetan mintzatu zen federazioko presidente Iosu Sanchez, eta nabarmendu zuen, bertzeak bertze, erakundeek eta herri eragileek mahai baten bueltan eseri behar dutela “bestekin nora joan” nahi den erabakitzeko; eta herritarrek zehaztu behar dituztela “besten helburuak”. Gazteek eta emakumeek sanferminetan duten tokia aztertu dute jardunaldietan, bertze hainbat gairen artean. Zezenketen inguruko auzia, ordea, ez zegoen gai zerrendan.

Peña, zezenketen inguruan

“Peñen federazioak ez du gogoetarik egiten. Zaila da zezenketen auziaz hitz egitea, ez zaie gustatzen. Ez dira prest eztabaida etiko horri heltzeko”. Horixe uste du Iñigo San Martin iruindarrak, San Fermin peñako kide ohiak.

Iazko ekainean utzi zuen peña, sanferminak hasi aurretik. Arrazoi nagusietako bat izan da zezenketek peña horren jardueran duten pisua. “Peñak antolatzen zuen guztia egiten zen zezenketen inguruan”. San Martinek zezenak maite ditu; zezenketak, ez. “Txikitan amonaren etxean ikusi nituen, behin, telebistan, eta gaizki gelditu nintzen. Triskantza bat dela iruditu zitzaidan”.

Peñan 20 urte ingururekin sartu zen, eta bospasei eman ditu taldean. Sanferminak bukatu eta gero, besten inguruko balorazioa egiten zuten bazkideek. 2019koen ondotik idatzitako gogoeta oroitu du San Martinek: “Zezenketen auzia aipatu nuen, baina ez bakarrik hori. Niretzat, peña batek behar du izan zerbait soziala; auzoak, elkartasunak eta elkarlanak izan behar dute garrantzia”. San Martinek ez zituen balio horiek aurkitu peñan, eta 2019an egindako bere balorazioak ez zuen zuzendaritzako kideen erantzuna jaso ere egin.

2020an gertatutakoa ere gogoratu nahi izan du peñakide ohiak. Bestak ez ziren ospatu, baina peñek egin zituzten euren pankartak, eta San Fermin peñakoa San Martinek egin zuen, peñako bertze kide batekin. Aukera hori baliatu zuten zezenketei kritika egiteko. “Peñan hainbatek gaizki hartu zuten gure marrazkia; peñak zezenketen aldekoak direla esan ziguten. Zezen bat marraztu genuen negarrez, zezenketen aldekoek beti esaten dutelako zezenketarik gabe zezenik ez dela izanen”.

Tradizioak egokitu

Zezenketarik Ez sareak antolatutako joan den larunbateko elkarretaratzean izan ziren Zaunk eta Nor eragile antiespezistak. Zaunk taldeko Olaia Garaialdek bat egin du sareko zezenketen aurkako mezuarekin, baina harago jo du, eta gizakiz bertzeko animalien erabilera oro bazter uzteko beharra nabarmendu du: “Ez zezenketarik, ez entzierrorik, ez kalejirarik ere, gizakiz besteko animaliekin”.

Zaunk kolektiboak Herri Sanferminak plataformarekin bat egin du. Aurten, egun bakarrez ospatuko dituzte: uztailaren 10ean. Plataformak aurkeztu du egitaraua, eta erran du “zapalkuntzarik gabeko jaiak sortzeko bidean”, herri bazkaria %100 begetala izanen dela, “gizakiz bertzeko animaliek ere aske eta duintasunez bizitzea merezi dutelako”.

Nor taldeko bozeramaile Maialen Saguesek ontzat eman du Herri Sanferminak plataformak egindako urratsa. Tradizioak egokitzeko eta ohitura berriak sortzeko beharra nabarmendu du. Dauden zailtasunak onartu ditu, halere: “Tradizioek gure kulturarekin dute lotura; gure sentitzen ditugu. Zezenketen ingurukoaren gisako eztabaidak mahai gainean jartzen direnean, jarrerak polarizatu egiten dira; aldaketa erasotzat hartzen da. Uler dezaket, baina horrek ezin du izan aitzakia bat gizakiz besteko animaliak zapaltzen segitzeko”. Iruñean zezenketak peñen besta eremu bat dira, eta Saguesek uste du horrek zailtzen duela gogoeta egitea. “Behar da, ordea; hori da erronka. Herritarrak ari dira egiten”.

Datuak

43

ZENBAT ZEZENKETA EGIN ZITUZTEN IAZ NAFARROAN Nafarroan 43 zezenketa egin zituzten iaz, zezenketa mota guztiak kontuan hartuta, Espainiako Gobernuak zabaldutako datuen arabera. 2021ean pandemiaren eragina sumatu zen, oraindik: hemezortzi zezenketa egin zituzten.

1.662

ZENBAT JAIALDI EGIN ZITUZTEN IAZ HERRIALDEAN Zezenketak ez dira tauromakiaren barruko jarduera bakarrak; zezenak eta bigantxak erabiltzen dituzten jaialdiak ere badira tauromakia, eta Nafarroan horietako 1.662 egin zituzten iaz. 2021ean, berriz, 148 egin zituzten.

Goiko argazkia: Aitor Garmendia-Tras Los Muros.