Ez dute atzerapausorik nahi

Astelehen Lilak elkarteak Nagore Laffage omendu du, Iruñean, haren hilketaren hamabosgarren urteurrenean. Indarkeria sufritu duten andre guztiak oroitu dituzte.

Edurne Elizondo

Hamabost urte joan dira, eta hemen segitzen dugu. Hemen nago nire alabarengatik eta indarkeria matxistak hildako guztiengatik”. Asun Casasolarenak dira hitzak, Nagore Laffage zenaren amarenak. Jose Diego Yllanesek hil zuen Laffage, 2008ko sanferminetan, Iruñean, eta, geroztik, Casasolak ez du hutsik egin Astelehen Lilak elkarteak 20 urterekin hil zuten erizaina oroitzeko hiriburuan antolatutako urteroko omenaldian.

Astelehenean egin zuten aurtengoa, Laffageren hilketaren hamabosgarren urteurrenean —gaur betetzen da—, eta Iruñean izan zen Casasola, hiriburuko Vinculo plazan. Laffageren amak agerian utzi zituen larunbateko hilketa matxistak eragindako tristura eta amorrua. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan gertatu zen erasoa: 47 urteko emakume bat labankadaz hil zuen haren bikotekideak. Gizonak Poliziaren aurrean aitortu zuen egindakoa, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen. “Emakume guztien alde nago hemen”, berretsi zuen Casasolak, Iruñean.

Hark senideen, lagunen, erakundeen —Iruñeko Udaleko, Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Parlamentuko hainbat ordezkarik parte hartu zuten omenaldian— eta iruindar anitzen babesa jaso zuen

Nagore Laffageren ama Asun Casasola, haren hilketaren 15. urteurreneko omenaldian. Idoia Zabaleta / Foku.

astelehenean. Eskertu zuen helarazi zioten beroa. “Astelehen Lilak taldeko kideak nire makulua dira”. Izan zuen bertze makulurik, halere: txalapartaren hotsa; Bandada taldearen eta Kai Etxaniz musikariaren abestiak; eta antolatzaileen hitzak. Aurresku bat ere dantzatu zuten Laffageren omenez, eta, lurrean jarritako kandelen bidez, Yllanesek hildako emakume gaztea “denen memorian” dela nabarmendu nahi izan zuten omenaldian parte hartu zutenek.

Aldarrikatzen segitu

Casasolak hamaika besarkada eman eta jaso zituen asteleheneko ekinaldian. Etxaniz musikariak emandakoa izan zen Laffageren amak jasotako besarkada horietako bat. “Hemen egonen gara behar den aldi guztietan, baina nahiko genuke karrikara atera behar ez izatea, gure haurrek indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat ezagutu ahal izatea”, erran zuen Etxanizek. Oraingoa eskubideak aldarrikatzen segitzeko garaia dela erantsi zuen, ordea, eta eskaera garbi bat egin zien erakunde publikoei: “Ezin dela onartu erakundeek faxismoa zuritzea; gorrotoak ezin du aurrera egin erakundeetan”.

Txalo artean hartu zituzten omenaldiko parte hartzaileek Etxanizen hitzak. LGTBI kolektiboaren eskubideak ere babesteko beharra nabarmendu zuen musikariak, eta “errespetua” eskatu zuen.

Astelehen Lilak elkarteko kideek ere hartu zuten hitza, eta gogor salatu zituzten indarkeria matxista ukatzen duten eskuin muturreko mezuak. “Gizarte heteropatriarkala, arrazista eta kapitalista bat da gurea. Azken hamabost urteotan, aurrera egin dugu, batez ere, mugimendu feministari esker, eta erakundeekin egindako lan onari esker. Ezin dugu urrats bakar bat ere egin atzera”, erran zuen Astelehen Lilak elkarteko Tere Saezek.

Saezen besarkada ere jaso zuen Casasolak. Omenaldia amaitu eta gero agurtu nahi izan zuten herritar anitzena ere bai. Eta Casasolak eskertu zuen. Eskertu zuen memoria; eskertu zuen borroka.

Gipuzkoako Hitza-ren elkarrizketa Asun Casasolari (2023-7-7)