“Heziketa antirrazista funtsezkoa da gaur egun”

“Heziketa antirrazista funtsezkoa da gaur egun”

Txostena kaleratu du SOS Arrazakeriak: 181 salaketa jaso zituzten iaz Nafarroako bulegoan. Erakunde horretako kide da Flavia Navarrete; nabarmendu du kopuruak %41 egin duela gora.

Edurne Elizondo

Iruñeko Zapateria karrikako 31.ean du egoitza Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeak; iaz, 181 salaketa jaso zituzten egoitza horretan, aurreko urtean baino %41 gehiago. Bulego horretan aritzen da taldeko kide Flavia Navarrete (Managua, 1993). Arrazakeria egiturazkoa dela nabarmendu du.

Nafarroako SOS Arrazakeriaren bulegoan jasotako salaketen kopuruak %41 egin du gora. Zer dago igoera horren atzean?

Orain lehen baino baliabide gehiago dago, oro har, arrazakeria salatzeko. Pertsona batzuk hamaika indarkeria sufritu eta gero etortzen dira guregana; ahaldundu eta gero. Jendeak gero eta informazio gehiago du bere eskubideen inguruan, oraingo mugimendu antirrazista lan handia egiten ari delako eskubide horien berri emateko. Horren guztiaren ondorioz, jendeak gehiago salatzen du. Uste dut, halere, egungo giroak ere baduela eragina.

Eskuinaren eta eskuin muturraren gorakadaz ari zara?

Eskuinak eta eskuin muturrak zabaldutako mezuez ari naiz, bai eta sare sozialen bidez zabaldutakoez ere. Nafarroan, orain, Voxeko bi parlamentari ditugu. Horrek agerian uzten du gizartearen zati batek bere egin dituela mezu horiek.

Lotsarik gabe ari dira orain kolektibo jakin batzuen aurka?

Bai; egon, beti egon dira. Oraingo giroa, baina, hagitz atzerakoia da, eta batzuek galdu egin dute euren jarrerak arrazistatzat hartzeko lotsa. Haien mezua garbia da: bertakoak lehendabizi, bertzeen gainetik. Hilabete bat baino gutxiago joan da Vox udaletan sartu zenetik, eta haien erasoa garbia da; hitzez harago, ekiten ari dira.

Jasotako salaketen harira, nabarmendu duzue nolako zailtasunak dituzten pertsona migratzaileek eta arrazializatuek laguntzak eta zerbitzuak jasotzeko. Arrazakeria instituzionalaz ari zarete?

Bai. Hasteko, sistemak ukatu eta urratu egiten ditu pertsona jakin batzuen eskubideak, pertsona horien egoera administratiboagatik. Hori da arrazakeria instituzionala. Arrazakeria egiturazkoa da, eta bertze hainbat zapalkuntza sistemarekin batera funtzionatzen du, patriarkatuarekin, kolonialismoarekin eta kapitalismoarekin batera, bertzeak bertze. Sistemak etxebizitzaren edo osasunaren arloan eskubideak ukatzen dizkie pertsona migratzaileei eta arrazializatuei.

Pertsona horien egunerokoan, nola islatzen da egoera hori?

Kasu bat aipatuko dizut, Nafarroara etorri eta egoera irregularrean zegoen pertsona batena. Osasun etxe bateko gizarte langile batek erran zion hiru hilabete egon behar zuela zain osasun txartela eskuratu ahal izateko. Inongo araudik edo protokolok ez du horrelakorik zehazten, baina gisa horretako jokabideak normal bilakatzen dituzte. Erroldatzeko aukerarik ez duenak ezin du gizarte zerbitzuetara jo. Egoera erabat prekarioan gelditzen dira.

Atzerritarren Bulegoan txanda lortzeko zailtasunak ere salatu dituzue, arrazakeria instituzionalaren adibide.

Hamaika traba jartzen dizkiote erregularizazio prozesuari. Txandak lortzeko zailtasunak handiak dira. Tramiteak luzatzen dituzte, adibidez, eta arrakala digitala edo hizkuntzak ezartzen duena ere badira oztopo nabarmenak. Hori arrazakeria instituzionala da, zailtasun horiek ondorio dutelako jendearen egoera are prekarioago bilakatzea eta haien eskubideak urratzea.

Sistema nahita ari da gero eta jende gehiago bazterrean uzten?

Sistema diseinatuta dago hori egiteko. Sistemak nahi du zaintza emakume migratzaileen esku egotea, adibidez. Sistema diseinatuta dago pertsona jakin batzuk bazterrean gera daitezen, egoera irregularrean dagoen jende horrek egiten dituelako lanik prekarioenak. Sistemak arautu nahi ez dituen arlo batzuk daude; zaintzarena da bat, baina nekazaritzaren eta ostalaritzaren arloetan gertatzen dena ere aipa daiteke. Ez dute onartzen erregularizazioa beharrezkoa dela, ez dituztelako sektore horietan ari direnen eskubideak aintzat hartu nahi.

Kostatu egiten da arrazakeria egiturazkoa dela onartzea?

Errazagoa da arrazakeria existitzen dela ukatzea, arrazakeriaren oinarrian genozidio bat dagoela onartzea baino. Ez da onartzen hegoalde globlalak pairatu duen genozidioa. Hori onartzeak berekin ekarriko bailuke kalte hori ordaintzea, eta egindakoa berriz ez errepikatzea. Espainiako Estatuak ez du hori egin nahi. Sistema arrazista da, eta sistema horren barruan hazten gaituzte.

Sistemaren diskurtsoa barneratzen dugu?

Jendeak barneratutako arrazakeriaren adierazpide nagusietako bat da beti pentsatzea zuria ez dena atzerritarra dela.

Uste duzu pribilegio zuria ageriago uzteko garaia dela?

Pribilegio edo supremazismo zuria aipatzen denean, jendeak eraso indibidualtzat hartzen du. Eta ez da hori kontua. Zuritasuna sistema bat da berez, batzuei eskubideak eman eta bertze batzuei ukatzen dizkiena. Pribilegio bat duzula ukatzen duzunean, zapalkuntza sistema oso bat ari zara ukatzen. Finean, pribilegio hori seinalatu behar dugu, baina erantzunak kolektiboa behar du izan. Sistemaren aurka egin behar dugulako.

Hezkuntzak zer-nolako rola bete dezake hor?

Heziketa antirrazista funtsezkoa da gaur egun. Eskoletan antirrazismoaz hitz egin behar da; hori behar da, kultur aniztasunaz hitz egiteaz harago.

Arriskutsuak dira pertsonen kolorea ikusten ez dutela erraten duten diskurtsoak?

Bai, fenotipo jakin bat duten pertsonek sufritzen duten bazterketa ukatzen dutelako. Pertsona arrazializatuen bizipenak eta esperientziak ukatzen ditu diskurtso horrek. Eta ez dio egiturari erreparatzen.

Egitura horrek migratzaileak eta arrazializatuak kriminalizatzen ditu?

Iruñean, adibidez, gizon beltz edo afrikar jatorriko heldu batena, eta magrebtar jatorriko gizon heldu edo gazte batena erabat kriminalizatutako soslaiak dira. Behin eta berriz geldiaraziko ditu Poliziak. Horrela ezin da bizi. Arrazakeriak buruko osasunari eragiten dio.

Feminismoak aliatu izan behar du?

Feminismo hegemonikoak ez ditu jarri arraza eta bertze hainbat zapalkuntza ardatz generoaren pare. Feminismoak eta antirrazismoak eskutik egin behar dute aurrera; emakume zuriek pribilegio hori dutela onartu behar dute. Emakume kategoriaz hitz egiten denean, ez dira nitaz ari; emakume gisa baino lehen jasaten dut nik indarkeria pertsona arrazializatua izateagatik.

Argazkia: Aitor Karasatorre / Foku.