Iritzia: Ditiranbo

Iritzia: Ditiranbo

Laura Penagos Rodriguez

Uztailaren 21etik abuztuaren 6ra Erriberriko Antzerki Jaialdia ospatuko da, aukera ezin hobea antzerkiaz hitz egiteko. Eman ditzagun, hasteko, zertzelada batzuk antzerkiaren historiaz.

Antzerkia eta demokrazia antzinako Greziak sehaskatu zituen batera Atenasen, K.a. V. eta VI. mendeen artean. Hara non! Ze paradoxa den! Esan liteke biak elkarrekin sortu eta hazi zirela, anaia-arrebak bezala. Kain eta Abel? Romulo eta Remo? Akaso Dr Jekyll and Mr Hyde?

Garai haietan, musikak, kantuak, poesiak eta dantzak adierazpen bakar batez elkartzen zituzten erritu-zeremonia batean, Dionisiori ohore egiteko. Eta laudorio hori indartzeko asmatu zuten ditiranboa, Dionisiori eskainitako genero lirikoa. Dionisio, ugalkortasunaren, landarediaren eta mahats-bilketaren jainkoa zen. Alajainkoa! Eta zeremonia horren inguruan, honakoa nabarmendu nahi nuke: hiri nagusietan, herriko jendeak eta agintariek batera jartzen zituztela baldintzak bertakoek eta atzerritarrek erritua ospatu zezaten. Grekoen lorpen kultural iraultzaile nagusienetako bat bihurtu zen.

Nork esango zigun antzerkiak eta demokraziak iturri beretik edan zutela. Harreman zintzoa eta orekatua imajina dezakegu, baina urrun gaude horretatik; izan ere, oso korapilatsua eta hauskorra baita bien artekoa. Sortzen dugun artistok geure buruari galdetzen diogu maiz zergatik zaigun hain zaila sortzea. Kontuak erpin asko ditu, baina oraingoan Nafarroako kultur erakundeen lanaren inguruan egin nahi dut hausnarketa.

Antzezle profesionalok ez dugu baliabide nahikorik behar bezala sortzeko eta lanen ekoizpena egiteko. Horretarako dauden leku publikoetan entseguak egiteko baldintzak oso mugatuak dira, eta baldintza egokiak dituzten beste areto eder batzuk ia-ia urte osoan hutsik egoten dira, hautsak janda. Irun?errian oso zaila da espazio publiko egokia aurkitzea modu profesionalean sormen-prozesu bat garatzeko. Diru laguntzaren bat edo ongi kokatutako lagunen bat izan ezean, ia ezinezkoa da proiektu eszeniko bat sustatzea.

Gure eredu kulturalari artea eta antzerkia errentagarri bihurtzea interesatzen zaio, eta lortzen duena da arte eszenikoen begirada eta estetika estandarizatzea, alegia, kultur hegemonikoa mantentzea. Horregatik, izugarri interesatzen zaio kontrolatzea nork sortzen duen, nondik sortzen duen eta zertarako sortzen duen. Adibidez, konpainia profesional txikiek oso aukera urriak dituzte beren proiektuak aurrera eramateko, are gehiago euskaraz sortu nahi badute.

-Zuk bai, zuk ez, zuek merezi duzue, zuek ez duzue ezer merezi. Ze bortitza iruditzen zaidan diru laguntzen sistema, ez du errukirik; elitista, baztertzailea, arrazista eta zapaltzailea da. Horretaz gain artisten artean lehia pizten du, nola ez! Horrela jarraitzen du gurpilak gizarte-arrakala sakontzen.

Antzerki hitzaren esanahi etimologikoa ikusteko tokia da, eta Demokrazia hitzarena, berriz, herriaren boterea. Bi esanahiak elkartuta, herriaren boterea ikusteko tokian ideia sor liteke. Zein esanguratsua den! Ematen du antzinakoen gonbidapena dela bide berri bat eraikitzeko.

Argazkia: Nafarroako Antzerki Eskola.