Jose Galle fotokazetariaren erakusketa bat hartu du Nafarroako Artxibo Nagusiak. Gallek XX. mendean Iruñean ateratako irudiak uztailean eta abuztuan izango dira ikusgai, hiriburuan.
Itsaso Jauregi
Bere argazki kameraren objektiboarekin jaso zituen Jose Galle fotokazetariak Iruñeko kaleak (Valladolid, Espainia, 1898-Iruñea, 1983). XX. mendeko hamarkadan, argazkilaria Iruñeko kaleetan barrena ibiltzen zen, atentzioa ematen zion guztia argazki bihurtuz: kaleko lanak, hiriko kaleetan galtzen ziren ibiltariak…, eta ekitaldi instituzionalak ere agertzen dira haren irudietan. Argazkilariaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, Iruñeko Nafarroako Artxibo Nagusiak plastikozko 90.500 negatibo eta beirazko 1.000 plaka izango ditu ikusgai uztailean eta abuztuan, Iruñean, XX. mendearen erdialdeko hiriburua erakusteko asmoz.
Nahiz eta Iruñeko kaleak fotokazetariaren subjektu nagusia izan, Galleren ibilbidea ez zen Nafarroan hasi. Madrilen eta Donostian hasi zen lanean, 1920ko hamarkadan Iruñean behin betiko finkatu aurretik. Nafarroako hiriburuan, hasieran, Gallek Benito Ruperez argazkilari profesionalaren estudioan lan egin zuen. Bere maisuak irakatsi zizkion teknika guztiak xurgatu ondoren, fotokazetari independente gisa hasi zen lanean 1924an, eta ez zuen bere kamera alde batera utzi 1983an hil zen arte.
Argazki kamera kide izanik, hiriaren egunerokoa biltzeko hainbat teknika erabili zituen Gallek: iruindarren erretratuak egin zituen, prentsan lan egin zuen ekitaldiei eta jaiei buruzko erreportajeak egiten, eta hiriko arkitektura eta hirigintza irudikatu zituen bere kamerarekin. Postal horietan Iruñeko ohiturak eta eguneroko bizitza islatu zituen, eta Nafarroako kronikagile gisa hartu zuten hiritarrek.
Gallek, bere anaiorde Rafael Bozanorekin batera, argazki estudio propioa ireki zuen Iruñean 1929an. Foto Galle izendatu zuten estudioa, eta bertan bildu zituzten fotokazetariak egindako irudiak. Gainera, argazki produktuak saltzen zituzten Iruñeko beste bi dendetan. Bere dendetan saltzen zuen materiala Frantziatik lortzen zuen, eta, Francisco Francoren diktaduraren testuinguruan produktuak erosteko arazorik ez zuela ikusita, lurringintzako produktuak ere inportatu zituen. Horrela, argazkilariak bi negozio izan zituen: lurringintzako eta argazkigintzako denda bana.
Irudien ondarea
Gallek bere argazki guztiak Foto Galle izenarekin sinatzen zituen, eta haren seme Fernando Gallek (Iruñea, 1928-1982) oinordetzan hartu zuen aitaren sinadura. 1950eko hamarkadan aitaren negozioan sartu zen, argazkilaritza txikitatik maite zuen eta. Aitaren negozioarekin jarraitzeaz gain, Fernando Galle Nafarroako Argazki eta Zinematografia Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen. Fernando Gallek bere irudiak Foto Galle izenarekin ere sinatzen zituenez, adituek arazoak izan dituzte aitaren eta semearen irudiak desberdintzeko. Beraz, bien irudiak egongo dira Iruñeko erakusketa berrian.
Fernando Galle bere aita baino urtebete lehenago hil zen, eta, pixkanaka-pixkanaka, Galle izena galduz joan zen, argazkigintza eta perfume saltokiak erabat desagertu arte. Galleren izena bizirik mantentzeko asmoz, argazkilariaren lanaren bilduma Vianako Printzea erakundean sartu zen 2001ean, eta Nafarroako Artxibo Nagusian 2013an. Orain, hamar urte geroago, XX. mendeko Iruñeko irudiak ikusteko aukera izango dute herritarrek.