Dantza klasikoa, dantza garaikidea eta jazz modernoa irakasteko dantza eskola bat du Irantzu Gonzalezek, Altsasun, 2016. urtetik. Dantza ikasteko herritik atera behar izatea kritikatu du.
Itsaso Jauregi
Leku batetik bestera ibili da Irantzu Gonzalez dantzaria (Altsasu, 1987), munduko dantza mota desberdinak ikasten. Urteetan ikasitako pausoak adin guztietako pertsonei irakasteko, 2016an dantza eskola ireki zuen Altsasun. Igone Augustorekin, Nerea Llamasekin eta Maitane Gonzalezekin batera dantza klasikoa, garaikidea eta jazz modernoa irakasten ditu.
Noiz eman zenuen zure lehendabiziko dantza pausoa?
5 edo 6 urte nituenean hasi nintzen dantzan. Oso gaztea nintzenean, nire lehendabiziko dantza pausoa eman nuen Altsasun, euskal dantzako eskoletan.
Beharrezkoa da dantza klasikoa ikastea dantzari ona izateko?
Azken finean, dantza klasikoa dantzari ororen oinarria da, edo izan beharko luke, behintzat. Dantza klasikoak ematen dizu oinarria zure gorputza ezagutzeko, indartzeko eta mugitzeko. Altsasuarrentzat euskal dantzak dira gure oinarria. Baina handitu nintzenean erabaki nuen dantza klasikoa ikasi nahi nuela nire oinarriak indartzeko.
Altsasutik Londresera joan zinen, ezta?
Bai. Lehenik eta behin, Altsasutik Iruñera joan nintzen; gero, Madrilera, eta, azkenik Londresera. Ipurtarina naiz, eta ikusi nuen Londresen psikologiaren eta dantzaren inguruko ikastaro bat eskaintzen zutela, eta izena eman nuen berehala. Asteburu oso bat egiten nuen bertan, hilabetean behin.
Zein da psikologiaren eta dantzaren arteko harremana?
Oso lotuta daude. Psikologia oso berezia da, baina, azken finean, dantzari batek dantzaren bitartez asko adierazten du: dena. Dantzaren bidez, emozioak mugitzen eta sortzen dira; horregatik, oso garrantzitsua da. Nik eskolan hitz egiten ez duten umeekin lan egiten dut askotan, eta dantza dute beren hizkuntza; beren emozioak adierazteko erabiltzen dute. Oso polita da hori ikustea.
Etengabeko formakuntza ezinbestekoa da dantzaria izateko?
Bai, oso garrantzitsua da. Zure gorputzak etengabeko mugimenduan egon behar du, eta harreman hori sustatu behar duzu. Beti nago zerbait berria ikusten edo ikasten, irakasle gisa hobetzeko eta gero nire ezagutza ikasleekin konpartitzeko. Orain irakaslea naiz, baina dantzari izaten jarraitzen dut.
Ikasle zena, irakasle orain. Erraza izan zen aldaketa?
Bai. 17 urte nituenean, gimnastika erritmikoa egiten nuen, eta irakasleak eskolak emateko aukera eskaini zidan. Beti gustatu zait eskolak ematea: irudimenarekin jolastea, obrak sortzea eta koreografiak antolatzea; niretzat opari bat da. Dantzagatik sentitzen dudan pasioa transmititzea oso erraza da niretzat.
Nolakoak izan ziren dantza eskolaren lehenengo urratsak?
Zailak izan ziren. Eskola 2016an ireki baino lehen urtebeteko prozesua eta lanketa egon zen. Maila burokratikoan beti daude oztopoak, zerbait findu behar delako beti. Pena bat da, proiektu bat aurrera eramateko gogoa nuelako, eta aurkitu dudan bakarra trabak izan dira. Ez nuen laguntzarik jaso. Baina familiaren eta lagunen babesa jaso nuenez, gogotsu eta indartsu nengoen. Herrikoen babesa ere jaso nuen, eta hori oso polita da.
Zein zen dantza eskola sortzeko helburu nagusia?
Nire helburua zen Altsasura dantza ekartzea; dantza klasikoa, garaikidea eta jazz modernoa, hain zuzen ere. Horrela Altsasuko dantzariek ez zuten Iruñera joan behar, ni joan nintzen bezala; edo Gasteizera, edo Donostiara. Bide guztiek Iruñera eramaten zaituzte. Garrantzitsua zen horregatik Altsasun dantza eskola bat sortzea. Guztiz errotuta gaude Altsasun, eta bagara herriko zati bat. Normala da esatea: “Banoa jazz modernoa dantzatzera dantza eskolara”.
Dantza klasikoa, garaikidea eta jazz modernoa. Zergatik dantza mota horiek?
Iruñean dantza klasikoa ikasi nuen, eta gero Madrilen dantza garaikidea eta jazz modernoa, eta asko gustatu zitzaidan. Dantza klasikoa eta garaikidea dantzatzeko behar diren oinarriak dira, eta, jazz modernoaren bitartez, gorputza askatzen da. Nahaste hori lortu nahi nuen.
Zure zaletasuna lanbide bihurtu duzu, beraz?
Bai. Ez da bakarrik zaletasuna, nire lanbidea ere bada, egunero egin behar dudan zerbait. Zorte handia izan dut, baina batzuetan ere zaila da deskonektatzea, lana etxera eramaten duzulako. Adibidez, oporrak hartzen ditudanean, ia ez dut musikarik entzuten. Lasai-lasai nago, mendira noa, isil-isilik.
Nola ikusten duzu eskolaren etorkizuna?
Orain gauden moduan jarraitzea nahiko nuke, ikasleak oso pozik etortzen direlako. Gainera, beste herri batzuetan saioak ere eskaintzen ditugu.
Eta zure etorkizuna?
Beti nago zerbaitekin esku artean. Irailean galdera hori eginez gero, beste zerbait erantzungo nuke, baita datorren astean ere! Urrian, agian, Kretara joango naiz, eta gero Londresera, baina oraindik ez dakit. Orain, nire etorkizuna da nire umearen jaiotzaren esperoan egotea. Hori izango da nire ikasketarik handiena.