Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak izango dira bihar

Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak izango dira bihar

Elizondon eginen dituzte, eskualdeko mugimendu feminista saretzeko eta indartzeko asmoz. Tailerrak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte gaztetxean.

Itsaso Jauregi

“Eskualde feminista bat” sortzeko helburuarekin antolatu dituzte, biharko, Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak. Tailerrak, solasaldiak, bazkaria eta kultur ekinaldiak antolatu dituzte Elizondoko gaztetxean, eskualdeko gazte feministen arteko harremana sendotzeko asmoz. Topaketetan parte hartuko dute Iñarrosi Baztango Neska* Gazteak taldeak, Lesakako Xulufrinak sare feministak, eta Lapaitza Malerrekako eta Bertizaranako Gazte Asanbladak, besteak beste.

Antolaketa lanetan aritu da Ekhine Txokarro (Narbarte, 1999), eta topaketara deitzeko ideia “gabeziatik” abiatu dela esan du: “Hemengo egoera ez da sobera erosoa guretzat, eta badago gabezia anitz feminismoari dagokionez. Eskualde honetan ez dira inoiz horrelako ekitaldi politikoak egiten, eta neska gazteok espazio seguruen falta sumatu dugu”.

Gabezia horiei aurre egiteko, Txokarro lanean hasi zen apirilean, eskualdeko beste feminista batzuekin batera, Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak antolatzeko. Martxoaren 8a hartu zuten erreferentzia gisa, eta, aurretik eskualdean neska gazteen topaketak antolatu ez zirenez, hutsetik hasi ziren. “Ez dugu inongo eredurik segitzeko, eta, orduan, zaila da ikustea nora ailegatu nahi dugun. Badakigu hutsetik hasten den edozer gauzak oso positiboa izan behar duela. Anitz da horrelako egun bat sortzea guretzat”, azaldu du Txokarrok.

Hutsetik hasteaz gain, beste zailtasun bat aurkitu zuten topaketen antolatzaileek: lantalde bat eratzea. Txokarroz gain, beste hiru antolatzaile aritu dira biharko eguna egituratzen, baina eskualdeko sarea “indartu” behar dela aldarrikatu du Txokarrok: “Kontua da Malerrekan, adibidez, ez dugula talde antolaturik. Orduan, neska gazte solte batzuk ari gara eguna prestatzen, baina ez dugu talderik. Baztanen badute, eta haiekin batera lan egiten dugu, baina talde gehiago egon beharko lirateke”.

Talde horien sorkuntza sustatzeko eta eskualdeko feministen arteko harremana indartzeko antolatu dituzte biharko topaketak, antolatzailearen arabera: “Beharrezkoa da elkar ezagutzeko eta elkarrekin saretzeko. Egia da ez dugula eskualde mailan horrelako harremanik, eta, ikusita gure eskualdean dauden gabeziak, oso beharrezkoa da denak elkartzea. Hasierako helburua hori zen: saretzea eta gure arteko harremanak sendotzea”.

Hurrengo belaunaldia

Eskualdeko harremana indartzeko elkartuko dira bihar Elizondon, eta Zertaz da hain matxista gure eskualdea? mahai inguruarekin hasiko dira topaketak. Txokarroren arabera, mahai inguru horren helburua da argira ateratzea zer-nolako dinamikak dauden Baztan-Bidasoko eskualdean, eta errotuta dauden portaera batzuk identifikatzea: “Iruditzen zaigu gure eskualdean badaudela dinamika, balio eta ideia anitz errotuta daudenak, eta ez direla horiek zalantzan jartzen”. Portaera horiek identifikatzeko eta kontzientzia hartzeko elkartuko dira bihar, 11:00etan.

Apiriletik lanean aritu eta gero, Txokarro “gogotsu” eta “harro” dago egindako lanaz; hala ere, ez daki zenbat jende agertuko den topaketetara, eta “nahiko urduri” dago horren ondorioz: “Ez dakigu zer gertatuko den. Gaueko eskaintzara, segur aski, azalduko da jende gehiago, eta bazkarirako berrogei bat lagun espero ditugu. Egia da datak ez direla sobera onak, uda baita. Ea lortzen dugun”. Jendearengana heltzea izan da erronka nagusia; “politizatuak” ez dauden gazteek topagunean parte hartzea lortzea, batez ere. “Haiengana ailegatzea zailtasun bat izaten ahal da, baina horretan ari gara”, esan du antolatzaileak.

Gaueko eskaintza nagusia Alu Zikinak eta Bines Katiko taldeen kontzertuak izanen dira. Emanaldi horietan espazio seguru bat lortzea da antolatzailearen helburu nagusia, aisialdi eta festa eredu berri bat aldarrikatuz. “Argi dugu Elizondoko gaztetxeko lehendabiziko lerroak neska gazteek hartuko ditugula, eta lehentasuna izanen da guretzat festa erabat erosoa izatea”.

Biharko eguna pasatuta, bi kontu daude Txokarroren agendan: urriaren 13tik 15era Usurbilen (Gipuzkoa) egingo den Baterajotzea, eta azaroaren 30ean Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko deitu duen greba. Bihar jendea “aktibatzea” nahi du Txokarrok, beste egitasmo horietan parte hartzeko, eta eskualdeko mugimendu feminista indartzeko: “Malerrekan talde bat sortzeko urratsa ere izan daiteke”.

EGITARAUA

Elizondon eginen dituzte, bihar, Baztan-Bidasoko Neska* Gazteen Topaketak. 11:00. Zertaz da hain matxista gure eskualdea? mahai ingurua. Gainera, urriaren 13tik 15era Usurbilen izanen den Baterajotzearen aurkezpena. 12:30. Bertso-bermut feminista, eskualdeko bertsolariekin. 14:00. Bazkaria, Merkatuko plazan. Ondotik, Feminancy film laburraren emanaldia izanen da.
17:00. Hainbat tailer antolatu dituzte: gorputzeko ileak tin- datzeko, oihalezko poltsak apaintzeko, buztina erabiltzeko eta twerking-a egiteko ikastaroak, besteak beste.
19:00. Karro-poteoa, herriko kaleetan barna.
21:00. Bokatak banatuko dituzte, gaztetxean.
23:00. Kontzertuak: Alu Zikinak eta Bines Katiko taldeak ariko dira topaketetan.

Goiko argazkia: Ttipi-Ttapa.