Nagore Eslaba
Udako gau beroetan kosta egiten zait lo hartzea. Beroak ohean sartu aurretik nuen neke guztia kentzen dit, bat-batean desagertuko balitz bezala da. Orduan, agobiatzen hasten naiz eta, noski, erremedioa bilatzen dut. Leihoa ireki, postura aldatu, ohetik altxatu, garondoa busti, izerdiaren itsaskortasun sentsazio hori kentzeko haizagailua hartu…, denak alferrik izaten dira. Eta horrela, ohartzen naiz beroa jasateko dudan gaitasunik ezaz eta nire pazientzia murritzaz.
Joan den astean, lau haur saharar heldu ziren Irunberrira. Uda hona pasatzera datoz, basamortuan duten bero jasangaitzetik ihesi. Hori bai benetako beroa. Tindufeko kanpamentuetan bizitzea berez zaila bada, imajina hilabete hauetan. Termometroek berrogeita hamar graduak gainditzen dituzte bertan eta apenas urik izan gabe, egoera aguantaezin bilakatzen da.
Harrera familiek etxeko ateak irekitzen dizkiete, hemen dauden bitartean ahalik eta ondoen sentiarazteko helburuarekin eta egunerokotasunean jasotzen ez dituzten oinarrizko behar horiek asetzeko ardurarekin: elikadura osasuntsua eskaini eta azterketa medikuak pasatu. “Egin dezakegun gutxienekoa da, eman diezaiekegun laguntza guztiaren zati txiki bat, besterik ez”, dio familietako kide batek.
Aurten etorri direnen artean, bada berriro aurreko urteko familia berera datorren haur bat: “Uda honetan Rakia gurekin dugu berriro, Habuben laguna”. Irunberrin askok gogoratzen dugu Habub. 8 urterekin etorri zen lehenengoz, eta hiru uda eman zituen herrian. Alde batetik bestera ibiltzen zen bizikletarekin, eta edozein kuadrillarekin ondo moldatzen zen. Gurekin askotan zetorren; igerilekura, gaueko paseoak ematera…; bizitasun izugarria zuen, eta barre handiak botatzen genituen harekin. Orain, ordea, bizikleta utzi eta arma du esku artean. A ze aldaketa.
Habubekin harremana mantentzen duen lagun batek bere argazki bat erakutsi zidan duela gutxi. “Begira ze guapo dagoen”, zioen irribarrez. Soldaduz jantzita agertzen zen, Fronte Polisarioarekin gerrara joateko prest. Egia esan, ez nuen itxurari erreparatzeko astirik izan, argazkiak berak inpaktatu ninduelako.
Borrokan dauden gazte horiek jaiotzetik bizi izan dute gatazka politikoa, ez dute euren herria libre ezagutu. Egungo egoera, gainera, iluna da. Ez dute nazioarteko laguntzarik, eta Espainiako Gobernuak beste leku batera begiratzen du. Egoera honetan, beraz, nola elika daiteke itxaropena?
Konplexua da erantzutea, baina honek guztiak argi uzten du nola herri horrek bere erroak, kultura eta, finean, nortasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ahalmena duen. Hori da bultzada, eta horri jarraikiz egiten dute borroka, indar eta duintasunez.
Gogorra da hemendik doazenean aurretik duten bizimoduan pentsatzea. Gogorra da hain tarte laburrez soilik egoteko aukera izatea ere, hona etortzeak ongizate mentalari zein emozionalari on egiten baitie. Pare bat hilabeteko deskonexioa dute orain. Bizi duten errealitatetik aldentzeko unea; ihes egiteko, arnasa hartzeko eta indarberritzeko etena.