Trenbideko langileak jomugan

Trenbideko langileak jomugan

NUPeko Aitor Castillok Tuterako eta Sakanako trenbideko langileen frankismoaren garaiko purga ikertu du. Berrehun espediente jorratu, eta agerian utzi du auzi horretan sakontzeko beharra.

Edurne Elizondo

Aitor Castillo NUPeko ikaslea.

Ez nekien deus”. Horixe aitortu du Aitor Castillo NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia eta Ondarea graduko ikasleak (Iruñea, 2001), trenbideko langileen aurkako frankismoaren garaiko purgari buruz. Nafarroako Memoria Historikoaren Agirien Funtsak emandako beka bati esker, Tuterako eta Sakanako geltokietako berrehun langile ingururen espedienteak ikertzeko aukera izan du. “Lagin txiki bat” dela nabarmendu du, eta ikertzen segitzeko gogoz gelditu dela. Erribera osoko egoera aztertzeari ekinen dio laster, hain zuzen, NUPek eskatuta.

Ikerketa hasi zuenean, helburua zen Tuteran gertatutako purga jorratzea. Carrillok ikerketa esparrua zabaltzea erabaki zuen, ordea, eta Tuteran eta Sakanan gertatu zena alderatzea. Altsasuko geltokiko langileen egoera ez du ikertu, hala ere. “Altsasun industria bazen, eta langile mugimenduak bazuen indarra; han gertatu zena aurrerago lantzeko asmoa dut”, azaldu du NUPeko ikasleak.

Zehaztu du, beraz, Tuterako langileen purgarekin batera, Sakanako landa eremuko geltokietan gertatu zena ikertu duela, batetik; eta, bertzetik, Olatzagutiko egoerari bereziki egin diola so. “Olatzagutiko langileen espedienteen inguruko informazioa Nafarroako Memoria Historikoaren Agirien Funtseko datu basean jasota zegoen. Lan hori baliatu dut nire ikerketarako”.

Olatzagutian, Altsasun bezala, industria bazela erantsi du Carrillok, ezkerra zela nagusi, eta horrek, segur aski, izan zuela eragina herri an egindako purgan.

Militantzia

Frankismoaren garaian, erregimenak langile publikoen purga prozesu bat egin zuen. Trenbidearen esparrua ez zen salbuespen bat izan, eta langile guztiei ireki zizkieten espedienteak. Langileon militantziak espediente horiek garatzeko moduan zer eragin izan ote zuen aztertu nahi izan du Carrillok bere ikerketaren bidez. Lana amaitu eta gero, nabarmendu du kontuan hartu beharreko elementu bat dela militantzia hori —sindikatu edo alderdiren bateko militanteek zigor gehiago jaso zituzten—, baina ez duela, ordea, gertatu zen guztia azaltzen. “Galdera berriak sortu dira lana egin eta gero. Sakontzen jarraitzeko beharra bada, oraindik ezer gutxi baitakigu trenbideko langileen sektorean gertatu zenaz”, erran du NUPeko irakasleak.

Tuteran 91 langile ari ziren trenbidean; haietako lau hil egin zituzten. Gainerakoei espedientea ireki zieten, eta haietako hamarri ezarri zieten zigorren bat. “Langileak tokiz aldatzea zen zigorretako bat; estatu kolpearen aurreko langileen arteko harreman sindikalak eta sozialak apurtzea zen helburua”.

Olatzagutiko geltokian hogei langile zeuden; haietako hamahiru itzuli ziren lanera zigorrik gabe. Sakanako landa eremuan, berriz, langile gehienak itzuli ziren lanera, zigorrik gabe. Ez denak, ordea. Carrillok aipatu du Arbizuko bi langileren kasua: Miguel Flores eta Pedro Iabar 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea gertatu eta handik gutxira hil zituzten. “Etxarri Aranazko langile Andres Gonzalez ere hil zuten; PSOEko militantea zen”, azaldu du Carrillok.

Eskertu du trenbideko langileen aurkako purgaz ikasteko aukera. “Ikertzen segituko dut”.