“Uste dut Iruñean ate gehiago ireki zaizkigula”

“Uste dut Iruñean ate gehiago ireki zaizkigula”

Iruña Iriartek Reikiavik argitaletxea sortu zuen 2015ean, Javier Diaz bikotekidearekin batera. Madrilen hasi zuten bidea, baina Iruñean dira orain; hemendik argitaratu dituzte azken lanak.

Edurne Elizondo

Remigia Etxarren funanbulistari buruzkoa da Reikiavik argitaletxeak kaleratutako azken liburua, eta Estefania de Paz aktoreak idatzitako antzezlan bat du oinarri. Aurkeztu zutenean, Etxarrenen argazkia falta zuten. Aurkitu dute, azkenean. Lan horretaz eta bertzez aritu da Iruña Iriarte editorea (Iruñea, 1984).

Aurkitu duzue, azkenean, Remigia Etxarrenen argazkia. Nola?

Estefaniak [De Paz] esaten du Remigia [Etxarren] guri arrastoak bidaltzen ari dela, gutxinaka.

De Pazek berpiztu du Iruñeko funanbulista?

Bizirik da, zalantzarik gabe. Estefania liburuak sinatzera joan zen behin liburu denda batera, eta neska batek kontatu zion zer gertatu zitzaion: pisu bila ari zen, eta ez zuen deus aurkitzen; collage bat egin zuen, eta funanbulista bat marraztu zuen erdian. Eta pisu bat aurkitu zuen Remigia Etxarren kalean! Gauza magikoak gertatzen ari dira Remigiaren inguruan.

Argazkia bilatzen eta bilatzen aritu da Estefania de Paz. Liburua aurkeztu zenutenean, erran zenuten ez zenutela etsiko, eta aurkitu duzue, azkenean. Kontent?

Oso kontent eta hunkituta nago. Jende askoren parte hartzeari esker osatu dugu liburua, eta liburua argitaratu eta gero ere, ari gara gauza gehiago jasotzen. Buztintxuri auzoko kiliki bati Remigia izena jarriko diotela esan digute, adibidez. Bigarren edizioa ateratzen dugunean, argazkia jaso eta Remigiaren inguruan sortu den guztiaren berri eman beharko dugu.

Argazkiaren berri, beraz, nola jaso zenuten?

Javier Azketa bildumagilearen bidez; hark argazkia erosi zuen, jakin gabe zer balio zezakeen. Interneten bidez izan zuen Estefaniak egindako lan guztiaren berri, eta gurekin jarri zen harremanetan. Elkarrekin joan ginen argazkia ikustera, eta erabat hunkituta gelditu ginen biak. Orduan konturatu zen Javier aurkitutako argazkiaren garrantziaz. Iruñeko udal artxiboan utzi du.

Zer pentsatu zenuen argazkia ikustean?

Balio handia duela, batez ere. Ikusi nuenean, pentsatu nuen nire buruan irudikatu nuena baino gazteagoa zela! Eta ilea oso luzea zuela! Polita izan da Remigia ezagutzea. Bertizko jaurerrian dago Argako erregina erakusketa.

Estefania de Pazek sinatutako liburua Aplausos bildumaren barruan kaleratu duzue; antzerkia jorratzea du helburu bilduma horrek, baina ez da bakarra zuen argitaletxean. Zein da zuen lan esparrua?

Reikiavik Javier Diaz Murillo nire bikotekideak eta biok sortu genuen, 2015ean. Madrilen bizi ginen orduan; Rika Saruhashik gaztelaniara itzulitako Hiroshi Doi reiki maisuaren Gendai Reiki Ho gaztelaniara itzulia zuen, eta argitaratzea erabaki genuen. Liburu bakar horrekin eman ditugu bi urte; mundu osoko jendeak erosi digu.

Latidos bilduma estreinatu zuen lehen liburu horrek; espiritualtasuna du oinarri. Bilduma horrekin eta Aplausos izenekoarekin batera, Entrañas izenburukoa duzue. Zer lan egin duzue esparru horretan?

Literatura du oinarri horrek; euskal literatura eta literatura garaikidea. Madrilen ginenez, euskal literatura gaztelaniaz emateko asmoz jarri genuen martxan. Danele Sarriugarteren Erraiak izan zen itzuli eta argitaratu genuen lehena. Miren [Iriarte] nire ahizpak itzuli zuen. Bilduma berri bat hasi genuen. Entrañas izan zen lehena, eta hurrengoa Uxue Alberdiren Reverso. Mirenek iaz utzi gintuenez, bilduma hori umezurtz gelditu zaigu, baina jarraituko dugu hasitako bidea.

Iazko abuztuaren 8an zendu zen zure ahizpa, eta horrek ekarri zaitu Iruñera bueltan. Aldaketa handia izan da?

Gure lana ez da hainbeste aldatu, eta Madrilen ginenean ere, hango eta hemengo idazleen liburuak argitaratzen genituen. Berdin du, beraz, han edo hemen egon. Gainera, uste dut Iruñean ate gehiago ireki zaizkigula.

Zer erran nahi duzu?

Hemen aukera gehiago dugula besteen artean nabarmentzeko. Remigia Etxarreni buruzko liburuarekin, adibidez, jende askok ezagutu gaitu. Hedabide askok jo dute guregana, gure lanaren berri emateko. Madrilen hori zailagoa da. Asko garelako; jende asko dago gauzak egiten.

Paura lanarekin estreinatu zenuten Aplausos bilduma. Zergatik antzerkia?

Ni antzerkigintzan aritu naiz. Iaz arte, Lucas Escobedo konpainian egon nintzen lanean. Iruñera etorri nintzenean utzi nuen. Iazko maiatzean etorri nintzen, eta urrian Lucasek [Escobedo] deitu ninduen liburu bat argitaratu nahi zutela errateko. Jende askok eskatzen zizkien antzezlanetako testuak; argitaratzea erabaki zuten, eta gurekin egin.

Antzerkiarekin zenuen loturari eusteko modu bat da?

Bai, eta oso berezia da niretzat lotura horri eutsi ahal izatea. Datorren azaroan, hain zuzen, Madrilen izanen gara, antzerki liburuaren nazioarteko azokan. Bildumak bide hori zabaldu digu.

Entrañas bildumako lanak, berriz, Cuencara (Espainia) eraman zaituzte berriki. Zer egin duzue?

Mirenek egindako Reverso itzulpenari esker, Espainiako Gobernuak antolatutako landa eremuari eta kulturari buruzko foro batean izan gara. Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariek parte hartu zuten, eta, haiekin izan ziren Sara Marchena eta Alba Maria Rodriguez reguefeirak, eta Aurora Brullet eta Laia Pedrol glosadoreak. Danele Sarriugarte aritu zen itzultzaile. Zoragarria izan zen. Mahai inguru batean ere ahozkotasuna jorratu zuten feminismotik. Gogoeta horiei bidea emateko aukera bada Alberdiren liburua itzuli zuelako Mirenek.

Galizian ere egonen zarete. Ahizparen lana zabaltzeko modu bat ere bada zuretzat?

Bai, zalantzarik gabe. Politena da lan horrek zenbat aukera berri sortu dituen. Ostiralean [gaur] Pontevedran izanen gara eta larunbatean [bihar] Ferreirosen [Galizia]. Han ere mahai ingurua eta inprobisazio saio bat eginen ditugu, Reverso liburuaren hariari tiraka. Gainera, Consonni etxeak Mirenek itzulitako azken testua argitaratuko du: Danele Sarriugarteren ¿Qué sucede en K en las noches de luna llena?

Zuek baduzue lanen bat esku artean?

Bai: Donostiako Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoan aurkeztuko dugu Maria Salmeronen La gran broma. Ahizparen heriotzak eragindako doluaz eta bestez ari da egilea. Ahizpa baten heriotza… Azkenean dena dago lotuta.