Iruñerriko billabesetako gidariek kalean salatu dute autobus anitzen egoera kaskarra. Langile batzordekoak dira Gustavo Gonzalez eta Laura Molina. Ardura eskatu diote mankomunitateari.
Edurne Elizondo
Iruñerriko garraio publikoa kudeatzen duen TCC enpresako langileak karrikara atera ziren sanferminetan. Gidari baten alditxarrak eragin zuen protesta. Langile batzordeko eta LABeko kide dira Gustavo Gonzalez (Iruñea, 1972) eta Laura Molina (Iruñea, 1974). Euren egoeraz aritu dira.
Zerbitzu publiko bat eskaintzen duzue, baina zuena enpresa pribatu bat da. Zer erran nahi du horrek?
GUSTAVO GONZALEZ: Iruñerriko Mankomunitateak ematen du zerbitzua, baina ez du zuzenean egiten, baizik eta enpresa pribatu baten bidez. Gu enpresa horretako langileak gara. Orain TCC da, baina hemendik sei hilabetera zerbitzua bertze enpresa batek hartzen badu, gu bertze enpresa horretako langile bilakatuko gara.
Nork zehazten ditu zuen lan baldintzak?
GONZALEZ: Lan hitzarmen propioa dugu, eta hori ere subrogatzen dute. Kontua da Iruñerriko Mankomunitateari dagokiola zaintzea hitzarmen hori eta lan esparruko arauak betetzen ote diren, baina ez du egiten. Batetik, Enpresarekin dugu lan gatazka; eta, bertzetik, mankomunitateari eskatzen diogu duen erantzukizuna onar dezala.
Mankomunitateak azken sanferminetako datuak nabarmendu ditu, billabesek inoiz baino bidaiari gehiago izan dituztelako. Zuek karrikan salatu duzue autobusen egoera, eta langile bat ondoezik jarri zela. Zer gertatu da?
LAURA MOLINA: Uztailaren 8an gertatu zen. Autobuseko aire girotua hondatu zen. Beroagatik martxan jartzen den protokolo bat dugu, eta, horren arabera, bi orduko tartea dago konpontzeko edo autobusa aldatzeko. Hiru orduz egon zen gidaria zain, autobusa aldatu arte. Ordezko autobusak ere ez zuen aire giroturik. Gaizki sentitu, eta lurrera erori zen. Larrialdietara eraman behar izan zuten. Orain ongi dago.
Mantentze lanetan huts egin du enpresak?
MOLINA: Aspalditik ari gara salatzen mantentze lanak eskasagoak direla. Errua ez da tailerreko langileena; haiek ahal dutena egiten dute dituzten baldintzekin. Ardura enpresarena da, enpresaren antolaketarena eta kudeaketarena; bai eta Iruñerriko Mankomunitatearena ere, autobusak publikoak baitira, hau da, herritar guztionak. Kontua da laster zerbitzua esleitzeko prozesua eginen dutela berriz. Ez dakigu TCCk segituko duen edo ez; gure susmoa da enpresak ez duela inbertsiorik egiten ez dakielako ziur segituko ote duen.
Noiz jakinen da?
GONZALEZ: Urrian izan daitekeela uste dugu. Betiere, urtea amaitu baino lehen egin beharko lukete.
MOLINA: Gisa horretako prozesuak luzatzen ohi dira, baina mankomunitatetik erran digute uda pasatuta enpresa berria izanen dugula.
Nola eragiten ahal dizue?
GONZALEZ: Dugun hitzarmenak babesten gaitu; datorren enpresak bete egin behar du. Oraingo hitzarmena, halere, aurten amaituko da. Kontua da enpresa pribatu baten helburua beti dela dirua irabaztea, eta horretarako, mantentze lanetan eta soldatetan aurreztu ohi dute.
MOLINA: Enpresekin borroka hori dugu: murrizketei aurre egitea. Mankomunitateari ulertarazi nahi diogu, hain zuzen, zerbitzua enpresa pribatu baten esku egoteak langileoi eta erabiltzaileei egiten diela kalte, murrizketek zerbitzuaren kalitateari eragiten diotelako.
Kudeaketa publikoa nahi duzue?
MOLINA: Bai. Herritarrek garbi izan behar dute autobusak gureak direla, herritar guztionak, gure zergen bidez ordaintzen baititugu. Ez dira enpresarenak. Enpresak esplotatzen ditu, eta badoa. Mankomunitatearen ardura da autobusen egoera zaintzea.
GONZALEZ: Ardura hori du, baina ez du egiten. Egun, autobus berriek, batez beste, hamar urte irauten dute. Ongi zainduz gero, hamabost ere iraun dezakete. Kontua da enpresek adabakiak jarri bertzerik ez dutela egiten.
Enpresarekin hitz egiteko zailtasunak dituzue?
MOLINA: Zenbait gaitan komunikazioa ona da, eta gauzak ongi egin dira; berdintasunaren esparruan, adibidez. Arazoa da bertze zenbait gairi buruz hitz egiteko aukerarik ez dagoela, eta tailerra da horietako bat. Datuak lortzen saiatzen gara, baina alferrik.
Herritarren aurrean, zuek zarete enpresaren ordezkari. Bada presioa?
GONZALEZ: Aire girotuak edo berogailuak huts egiten dutenean, gidarioi dagokigu erabiltzaileen kexak jasotzea. Horrek eragiten dio gure lanari; edozer gertatzen denean, bidaiari orori azaldu behar diogu, guri eskatzen dizkigutelako kontuak. Zama erantsi bat da hori guretzat. Gure gaixoaldi gehienak, hain zuzen, buruko osasunak eragiten ditu.
MOLINA: Zerbaitek huts egiten duenean, erabiltzaileen etsipenak ere gora egiten du, eta horrek ekartzen du erasoak gertatzeko arriskuak gora egitea. Garbi dugu arazoak konpontzeko langileok errateko duguna ere entzun behar dela; enpresaren, mankomunitatearen eta langileon artean landu behar direla gauzak.
Ez da hori gertatzen?
GONZALEZ: Sanferminak pasatuta, mankomunitateak ozen erran du inoizko daturik onenak lortu dituela. Baina noren bizkar? Langileon bizkar. Eta uste dut ardura dela, batez ere, mankomunitateko teknikariena, haiek ari direlako bulego batetik zehazten zer bide eta zenbat denboran egin behar ditugun, Iruñea anitz aldatu dela kontuan hartu gabe.
Hitzarmena laster berritu beharko duzuela aipatu duzue. Zer eskatzen duzue?
MOLINA: Gure aldarrietako bat da lan berak soldata berdina izatea; atseden tarteak zehaztea ere nahi dugu; eta bidaien iraupena aztertzea: hau da, autobus linea batek bere bidea egiteko behar duen denbora berrikustea, ez baita kontuan hartu zirkulazioa mantsotu dela. Presio handia ezartzen digu horrek, eta guk lasaitasuna behar dugu. Gure helburua da zerbitzu ona eskaintzea. Guretzat erronka bat da erabiltzaileek gurekin bat egitea, eta haiek ere mankomunitateari kontuak eskatzea, ahalik eta zerbitzurik onena izateko. Zerbitzu hori denona da.
GONZALEZ: Erretiroa hartzeko adina murriztea ere eskatu nahi dugu, eta 60 urtean zehaztu. Erabiltzaileen segurtasuna gure esku dago, eta 66 urterekin ez gaude zerbitzurik onena eskaintzeko moduan. Erretiroa 60 urterekin hartu beharko genuke, eta langile gazteagoei bidea eman.