AHTaren obrek eraginen duten «kaltea» salatu zuen udalak apirilean. Bertzalde, Espainiako Gobernuak berrogei milioi eman ditu Belateko tunelentzat.
Edurne Elizondo
Abiadura handiko trenak bertze urrats bat egin du Nafarroan: Adifek hasi ditu Ebro gaineko zubibide bat eraikitzeko lanak Castejonen, herri horren eta Iruñerriaren arteko AHTaren zatian. Lanek ia 59 milioi euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek “hagitz positibotzat” jo du Adifek lanak hasi izana.
Joan den apirilean, AHTak kalte egindako zenbait udaletako ordezkariek agerraldia egin zuten jendaurrean, proiektu hori salatzeko. Haietako bat izan zen Castejongo alkate David Alvarez; salatu zuen herrian orain hasi dituzten obrek “kalte larriak” eraginen dituztela inguruan. “Ibar basoak eta nekazaritzarako balio handiko herri lurrak txikituko lituzkete”, erran zuen.
Castejongo Udalak 2022ko abuztuan jaso zuen zubibidea egiteko proiektua; eta zubibide horri lotuko zaion trenbide zatiarena, berriz, urte bereko abenduan. “Nahita aukeratzen dituzte tarte horiek, alegazioak aurkezteko prozesua zailtzeko”, nabarmendu zuen Alvarezek, apirilean.
Zazpiehun metroko zubibide bat da Castejonen eraikitzen hasi direna, Ebro ibaiaren gainean. Zubibideari lotuta, lau kilometroko trenbide zati bat eraiki nahi dute, abiadura handiko trenaren plataforma eta oraingo trena batzeko, Tuterarako eta Zaragozarako (Espainia) noranzkoan.
Remirezek azaldu du Castejonen eta Iruñerriaren arteko AHTaren bideak bost zati dituela. Lehena Castejon eta Alesbes artekoa da. Zati horretako plataformako obrak amaitu dituzte jada. Bigarren zatia Alesbes eta Erriberri artekoa da; hirugarrena, Erriberri eta Azkoien artekoa; laugarrena, Tafalla eta Tebas-Muru Artederreta artekoa; eta bosgarren eta azkena, Tebas-Muru Artederreta eta Ezkirotz artekoa. Azken horren proiektua oraindik ez dute idatzi.
Berrogei milioi tunelentzat
Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak uztailaren 19an iragarri zuen Castejongo zubibideko lanak hasi dituela; egun hartan bertan, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak berrogei milioi euroko diru sail bat onartu zuen Belateko tunelak moldatzeko lanak ordaintzeko. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek AHTaren obrei buruz errandakoa berretsi du N-121-A errepideko tunelentzat jasotako laguntzari esker: “Hagitz positiboa da”.
Joan den astean onartutako sail hori ez da Espainiako Gobernuak Belateko tunelentzat zehaztutako bakarra: gobernuaren aurtengo aurrekontuetan bertze hamabost milioi euro daude azpiegitura horrentzat.
Orain onartutako berrogei milioiak 2023a eta 2025a bitartean jasoko ditu Nafarroako Gobernuak, Belateko tuneletako lanak egiteko. Europatik behin eta berriz erran diote herrialdeko gobernuari gaur egungo tunelak egokitu behar dituela, ez baitituzte betetzen Europak ezarritako zuzentarauak.
Tuneletako obrek, denera, 176 milioi euro inguruko aurrekontua dute: 90 baino gehiago Belateko tunel berrirako; ia hogei tunelen arteko zatirako; 43 baino gehiago Almandozko tunel berrirako —egungoa baino 160 metro luzeago eginen dute—, eta 22 baino gehiago, egungo tunelak berritzeko lanak egiteko.
Argazkia: Adif.