Iritzia: Oporrak

Iritzia: Oporrak

Bidatz Villanueva Etxague

Oporrak ere errutina bihurtu dira. Hau da, egunerokotik ihes egiteko sasoia izanagatik, urteko data jakin batzuetan deskonektatzeko edo bizipen berriak izateko antolatzen ditugun egunak dira.

Norbanakoon izaeraren ezaugarri ere bihurtu dira, bidaiatzeak pertsona bat deskribatuko balu bezala. Afizioez galdetzean, zenbatek erantzunen lukete “bidaiatzea” edo “mundua ezagutzea”, hain zuzen ere? Hori gustuko izateak zenbaterainoko informazio ematen digu norbaiti buruz?

Alde batetik, ezin da ukatu bidaiatu ahal izatea pribilegio bat dela, mundu guztiak ezin duela bizi esperientzia exotiko bat ordaindu eta kanpora ez joateak ez zaituela gutxiago egiten. Bidaiatzen munduaren ikuskera ez zaizu bat-batean aldatuko, ezta gutxiagorik ere. Bizi izan duzun hezkuntza motaren araberakoa izanen da zoazen lekuari eskainiko diozun begirada. Erraza baita kanpora joan eta hangoa epaitzea, ongi ezagutu gabe beste herrialde horren kultura, iragana eta baldintzak. Kontuz ibili behar da horrekin, mespretxua izan baitaiteke han bizi diren biztanleekiko.

Bestalde, ahalik eta munduko txoko gehienak ezagutzeko presio izugarria dago, gaur egun. Oporrak ditugunean nahitaez bilatu nahi dugu gure eguneroko bizitzan falta dugun irrika aseko duen helmugaren bat, edo estresa baretuko duen leku lasaia. Egunez egun gure ongizatea zaindu beharrean, ardurak alde batera utzi ahal ditugun egun gutxi horiekin amesten dugu, noiz iritsiko zain. Edo kontrakoa: gure osasun mentala mugan mantentzearen arrazoietako bat dira, errutinan jarraitzeko motibazioa eta jomuga.

Izan ere, zenbat iristen gara ikasturte amaierara (ekaina) oporrekin amesten, ezinean ia-ia, gauza txikienarekin ere haserre; ez baitu axola ikasle edo irakasle izan, denoi eragiten digu gehiago ikasturteak, urte oso batek baino. Eta hori gutxi balitz, hauteskundeak ezarri zizkiguten uda erdian, egoera horrek jende askorentzat dakarren zama emozionalarekin.

Auzi garrantzitsu bilakatu dira oporrak, hautatzen dugun lanean balioesten dugun alorretako bat, hain justu; gainera, duela hamarkada batzuetatik hona denbora librea gure gizartean hartzen ari den pisua gero eta handiagoa da. YOLO filosofiaz hitz egiten zuen artikulu batean (You Only Live Once, behin baino ez zara bizi), lan eskaintza eta baldintzez etsita, bizitza ahalik eta gehien zukutzeko hautua egiten zutenena, lanarekiko eta lantokiarekiko konpromisoa hain handia ez den bitartean. Ez da harritzekoa, beraz, denbora gutxian enpresa aldatzen duten gazte horien kasua, eta bidaiatzeko gero eta baimen gehiago hartzea.

Hori guztia hala izanik ere, oporrei dagokienez, gozatzeko sasoia dira, ilusioz itxoin ohi ditugu, eta egiten ditugun hautuez gainpentsatzea baino, hobe da batzuetan arrazoirik eta justifikaziorik bilatu gabe nahi dugun esperientzia bilatzea, edo lasai-lasai, gure bizilekuan denbora libreaz gozatzea.

Hala eraiki da —edo hala eraiki dugu— sistema, eta batzuetan, sistema horren norabidean lerratzea izanen zaigu erosoena, kasu honetan, oporren errutinan.