Iritzia: Genetika ala kultura?

Iritzia: Genetika ala kultura?

Laura Penagos Rodriguez

Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrenean egindako dokumentala otsailean aurkeztu zuten Irun?eko Kondestablearen jauregian. Ohikoa denez, ikustaldiaren ondoren, galderen txanda iritsi zen. Eta, nola ez, Nafarroako errealitate linguistikoari buruzkoak izan ziren horietako asko.

Bat-batean, atzealdeko eserlekuetatik gizon batek galdera bat egin zuen; ezin dut hitzez hitz hemen idatzi esan zuena, baina gogoan dut testuingurua: etorkinak eta euskara. “Hemengoek ez dute seme-alabarik eta etorkinek, berriz, asko dituzte; hori kontuan hartuta, zer gertatuko da euskararekin?; zein etorkizun du?”.

Une horretatik aurrera, buruan darabilkit galdera, eta horren aurrean zer esan, zer erantzun, nondik, eta merezi duen erantzutea edo ez. Bai, dudarik gabe, galdera mota horiek erantzun ona merezi dute aurreiritziei zilegitasuna kentzeko, eta azpian duten planteamendua egia bihur ez dadin, batez ere estigma sozialik ez zabaltzeko. Lerro hauetan neure buruari baimena eman nahi izan diot nire ideiak landu eta adierazteko.

Ibili eta buelta, ikaskuntza sozialaren teoria delakoan aurkitu dut ideia argigarri bat. Gai hau hezkuntzaren adarrari dagokio, eta gizakiak beren bizitzan zehar nola aldatzen diren aztertzen du, bizi-zikloaren azterketa ikasten du, gizabanakoaren ekintzak nola aldatzen diren etengabe eta gizabanakoak etengabe aldatzen ari den giroaren aurrean nola erreakzionatzen duen aztertzen du.

Gaur egun, euskararen arazoetako bat etorkinak direla esateak ez du fundamenturik, eta ezin diogu zilegitasunik eman teoria horri. Besteak beste, arriskutsua iruditzen zait, eta badakigu zergatik.

Hasteko, euskara hizkuntzak berez ez du arazorik, hor dago edertasunaz blai, kutsatu gabe gure zain. Arazoak jendarteak sortzen ditu, bere uste mugatzaileekin, bere ideologia politikoekin, buruan izaten ditugun ergelkeriekin.

Lehenago aipatutako Ikaskuntza sozialaren teoriaren arabera, garapen kognitibo indibiduala eta giza-ikaskuntza, parte handi batean, gizarte-prozesu bat dira. Ikaskuntzaren oinarria da beste pertsona batzuekiko elkarreragina. Sinesmen eta jarrera kulturalek eragina dute irakaskuntza eta ikaskuntza garatzeko moduan, hain zuzen.

Pertsonok garun-gaitasun erraldoia dugu, bizitza osoa ikasten ematen dugu, bizipenetan oinarrituta, eta inguruaren arabera. Kulturak modu batean edo bestean eragiten digu. Nabarran ez jaiotzeak ez gaitu mugatzen hemengo kultura bizitzeko eta euskaraz hitz egiteko, ezta pentsatu ere.

Hemen jaio diren pertsona guztiak ez dira euskaldunak. Izan ere, hemen jaio diren horietako askoren arbasoak euskaldunak ziren, baina euren inguru kultural eta sozialarengatik, haiek ez dute hizkuntza hori jaso. Beste batzuek, bai. Finean, genetikak soilik ez ditu gure portaerak eta aukerak definitzen.

Bizitza kolektiboa da, eta ikasketak ere kolektiboak dira; praktika kulturala nahiko azkar ikasten da, eta maiztasunez eguneratzen da, gainera. Besteak behar ditugu bizirauteko eta eboluzionatzeko.