Zeruko errepideetan barna

Zeruko errepideetan barna

Hegazti migratzaileek Pirinioak zeharkatzen dituzte tenperatura epelen bila; haien bidaiari behatzen diote Lindus 2 proiektuko kideek, Aurizko Lindus tontorretik.

Itsaso Jauregi

Aurtengo migrazioa uztailean hasi zen, sorbeltz arrunten eta miru beltzen bidaiarekin; abuztuan, mirotz urdinek eta zapelatz liztorjaleek zeharkatu dute Lindus tontorreko zerua. Hegazti horien migrazioari erreparatu diote LPO elkarteko eta Ornitolan etxeko kideek, Nafarroako Gobernuko Lindus 2 proiektuaren barruan. Aurizko Udalaren eta SEO BirdLife elkartearen babesarekin, Gabi Berasategi Ornitolan etxeko arduradun eta biologoak (Iruñea, 1978) bazter horretatik pasatzen diren hegaztien migrazioa kontrolatzen du, bere taldekideekin batera: “Hegaztiek zeruko errepide batzuk erabiltzen dituzte. Sorpresak egon daitezke edonon eta edonoiz”.

Lindus tontor gainetik 90 espezie inguru igarotzen dira urtero, abuztutik azarora. Tenperatura epelen bila zeharkatzen dute hegaztiek Pirinioetako bazterra, eta prismatikoekin eta teleskopioekin zain dago Berasategi, lankideekin batera. Tontorra leku “estrategikoa” dela esan du Berasategik: “Hemen aspalditik ikertzen dira hegaztiak. 1960ko hamarkadako datuak ere baditugu. Tradizio handiko lekua da”.

Zerura begira

Zapelatz liztorjale gazte batek zeharkatu du Lindus tontorra. Ez da mendi magaletik urrundu, kontra duen haizetik ahal den heinean babesteko. Udan 10.000 zapelatz liztorjalek zeharkatzen dute Lindus tontorra, Berasategiren arabera; adibidez, abuztuaren 22an 1.500 zapelatz ikusi zituzten hegazti behatzaileek. “Hemendik helduak, gazteak, arrak eta emeak igarotzen dira. Hegaztia ikusterakoan tabletan apuntatzen dugu, eta, egunero, webgune batean igotzen ditugu datu guztiak”, azaldu du Berasategik.

Ikusitako hegaztiak tabletan apuntatzeaz arduratzen da Rajen Aierra (Iruñea, 2005). Txikia zenetik hegaztiak maite ditu, eta gurasoekin joaten zen mendira, txoriak ikustera. Orain, ingurumen zientzien gradua ikasi nahi du unibertsitatean, eta askotan Lindus 2 proiektuko biologoak laguntzera joaten da: “Nire kabuz igotzen naiz mendira hegaztiak ikustera. Hegaztien inguruko liburu asko irakurri ditut”, azaldu du Aierrak. Txoriei behatzeko txandak egiten dituzte: egunsentitik eguerdira, eta eguerditik ilunabarrera. Egunsentian, Aierrak sei lertxun ikusi ditu, eta berehala apuntatu ditu tabletan.

Hegazti migratzaileek tenperatura epelen bila zeharkatzen dituzte Pirinioak. Haien bidaia behatzen dute Aurizko Lindus tontorretik. Argazkian, Gabi Berasategi. 

Ahalik eta hegazti gehien ikusteko, bi pertsonak egon behar dute, gutxienez. “Hemen adi egon behar duzu etengabe. Badakigu ale batzuk ez ditugula ikusi, baina horregatik beti bi egoten gara, gutxienez”, esan du biologoak. Tontorrean jasotako informazioa ikerketa lanak egiteko erabiltzen dute, baita klima aldaketa aztertzeko eta migrazioaren eboluzioa ikertzeko ere.

Klima aldaketak hegaztien migrazioan izan duen eragina ikusi du Berasategik bere prismatikoekin. 1990eko hamarkadan hegaztiei behatzen hasi zenetik egoera “asko” aldatu dela esan du biologoak: “Miru beltzek migrazioa aurreratu dute azken hamarkadetan, eta ipar-beleak ez dira hemendik etortzen”. Europan diren harrapakari migratzaileen %90ek zeharkatzen dutenez Lindus, espezieren bat faltan sumatzerakoan, jatorrizko herrialdearekin harremanetan jartzen dira biologoak, haren egoeraren berri izateko asmoz. “Iker dezakegu zer-nolako gorabeherak dituen espezie bakoitzak, eta Europa abisatu txoriren bat arriskuan ikusten badugu”, azaldu du Berasategik.

Biologoek mendi magalak aztertzen dituzte prismatikoekin, eta taldekideekin komentatzen dituzte ikusitako hegaztiak: eleonor belatza, karraka eta ugatza dira azpimarragarrienak, oraingoz. “Gure taldearen harremana horretan oinarritzen da; beti komentatzen ditugu ikusi ditugun hegaztiak”, esan du biologoak. Aurten karraka ikusi dute hegazti behatzaileek, lehendabiziko aldiz hamalau urtean. Kasu horretan, zortea eta erne egotea nahastu dira, Berasategiren ustez.

Kontserbazio lana egitea, inguruko ekoturismoa eta hezkuntza sustatzea, eta jendea naturara hurbiltzea dira Lindus 2 egitasmoaren helburuak. Horregatik, hegaztiei behatzeaz gain, biologoa eskoletara joaten da bere lanbidea azaltzera, naturarekiko maitasuna txikien artean sustatzeko. Txangoak ere antolatzen dituzte umeek txoriak ikus ditzaten: “Natura maite duen edonorentzat ikaragarria izan daiteke hona igotzea eta gurekin disfrutatzea”, esan du Berasategik

Gizakiak naturarekin duen harremana hobetu nahi du Ornitolan etxeko arduradunak, baliabideen esplotazioa alde batera uzteko: “Gizakioi ahazten zaigu planeta finitua dela; egiten dugunak beste espezieei eragiten die”. Ezagutza da horri aurre egiteko erremedioa, Berasategiren ustez: “Nola babestu espezie bat nolakoa den jakin gabe? Espezie batzuk desagertu dira, guk bertan zeudela jakin gabe”.

Argazkiak: Itsaso Jauregi.