71 joko etxe daude herrialdean, haietako %70 Iruñerrian

71 joko etxe daude herrialdean, haietako %70 Iruñerrian

Nafarroako Gobernuak jokoari buruzko datuak eman ditu: iaz, 293 milioi euro baino gehiago gastatu ziren herrialdean jokoan. Aralar elkarteak jokoaren behatoki bat eskatu du, eta «legeak betetzea».

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak eman ditu jokoari buruzko azken datuak: herrialdeko jokoaren iazko memoriaren arabera, 2022. urtean 293 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten Nafarroan jokoan. Herrialdean, denera, 71 joko etxe daude —gehienak, Iruñerrian: %70—, eta ia 2.700 joko makina.

Aralar elkarteak ludopatiaren aurka egiten du lan Nafarroan, eta joko mendekotasuna duten pertsonak artatzen ditu. Elkarteko koordinatzaile Teresa Burgik bertze datu bat eman du, jokoaren auziak herrialdean duen neurria zehazteko asmoz: “2022an, jokoan 293,2 milioi euro gastatu ziren urte berean, Nafarroako Osasun Departamentuak 178,5 milioi euroren aurrekontua zuen oinarrizko arretarako”.

Aralar elkarteko arduradunek joko pribatuaren esparruko datuak nabarmendu nahi izan dituzte, batez ere, eta esparru horren barruan, kirol apustuen auzia jarri dute erdigunean: “Kirol apustuek nabarmen egin dute gora, azken urteotan. Apustuek gora egin dute, bai eta jokatutako diru kopuruak eta mendekotasun arazoek ere”, azaldu du Burgik. Aralarrek artatzen dituen pertsona gehienek, hain zuzen, kirol apustuek eragindako mendekotasunagatik jo dute elkartera.

Adin txikikoak

Internet bidezko apustuek gora egin dute, baina, oraindik ere, joko etxeetan gastatzen da diru gehien. Nafarroako Parlamentuak 2022ko udan onartu zuen 2006ko jokoaren legea moldatu zuen arau berria, eta bete dadila eskatu du Aralarrek, hain zuzen. Izan ere, elkarteak salatu du adin txikikoen sarrera kontrolatzeko sistemarik ez dutela ezarri, oraindik.

Gazteen sektorea da zaurgarrienetako bat, kirol apustuen esparruan, Aralar elkarteak salatu duenez. “Gazte anitzen artean ohiko bilakatzen ari da kirol apustuak egitea. Hagitz arriskutsua da, ez direlako jarduera horrek dituen arriskuez konturatzen”, ohartarazi du Teresa Burgik.

Horregatik eskatu dute adin txikikoak kirol etxeetan ez sartzeko kontrola. Jokoarekin arazoak dituztenentzat legez ezarritako neurriak bete ditzatela nahi du Aralarrek ere. Arazoak dituztenek euren izena sar dezakete erregistro batean joko etxeetan sartzea debeka diezaieten. “Pertsona horien borondatea betetzen dela bermatzeko sistemarik ere ez dago, ordea”, erran du Burgik. 2022ko datuen arabera, 86 pertsonak eman dute izena erregistro horretan.

Legea garatzeko erregelamendua osatzen ari da Nafarroako Gobernua. Igandean amaitu zen araudia zehazteko prozesu parte hartzailea, hain zuzen ere. Aralar elkarteak eskatu du “behin betiko egutegi bat” ezar dezatela, legeak jasotakoa betetzeko. Hezkuntza Departamentuari dagokio, adibidez, eskoletan ludopatia prebenitzeko programa bat abian jartzea, baina ez du egin. “Ez dira legeak jasotakoa betetzen ari”, aipatu du Teresa Burgik.

Elkarteko koordinatzaileak gaineratu du Aralarreko kideentzat “inportanteak” diren hainbat auzi gelditu direla iaz onartutako lege horretatik kanpo: “Kirol etxeetan alkohola ez saltzea eskatu genuen guk, baina hori ez dute egin. Ostalaritzaren esparruan dauden txanpon makinen inguruko kontrolik ere ez dute ezarri”.

Aralar elkarteko arduradunek garbi dute jokoarena “auzi hagitz konplexua” dela: “Askotarikoak dira ludopatiaren zergatiak, eta askotarikoak dira, halaber, pertsonen egunerokoan eragiten dituen ondorioak”, azaldu du Burgi koordinatzaileak. Hori dela eta, Aralarrek beti eskatu du politika publiko guztietatik “batera eta elkarlanean” egin behar zaiola aurre auzi horri; alegia, osasunaren, ekonomiaren, hezkuntzaren aldetik heldu behar zaiola arazo horri.

Esku hartze integral horren alde, hain zuzen ere, jokoaren behatoki bat sortzeko eskatu dio Aralar elkarteak Nafarroako Gobernuari. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban badute halako behatoki bat, 2019. urtetik. “Erakunde horren gisako bat behar dugu Nafarroan ere. Hori eskatzen segituko dugu oraingo legegintzaldian”.

 

162

ZENBAT GASTATU DEN JOKO PRIBATUAN,
MILIOI EUROTAN Nafarroan 162,1 milioi euro gastatu zituzten iaz joko pribatuan: kirol apustuetan eta txanpon makinetan. Joko publikoan —loterian— 131, 1 gastatu ziren. Denera, 293,2.

10

ZENBAT APUSTU ETXE DAUDEN HERRIALDEAN Nafarroan hamar apustu etxe daude, 2022ko datuen arabera. Herrialdean badira, gainera, hiru bingo eta 58 kirol etxe. Denera, 71 joko etxe.

1.316

ZENBAT JOKO MAKINA DAUDEN OSTALARITZAN Ostalaritzan 1.316 joko makina daude, eta bertze 555 joko etxeetan. Ostalaritzan, gainera, kirol apustuak egiteko 493 makina daude, eta bertze 323 joko etxeetan.