Uztailean hasi zituzten Iruñeko Zangoza karrikako aparkalekuko lanak, eta, handik hilabetera, «behin-behinean» gelditzea erabaki zuen udalak. «Zuhur» agertu da bizilagunen plataforma.
Edurne Elizondo
Ez dira fidatzen. Iruñeko Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformak “zuhurtasunez” jokatzeko beharra nabarmendu du, Iruñeko Udalak uztailean hasitako lanak gelditzea erabaki eta gero. “Hagitz kontent gaude, obrak eten dituztelako, baina adi egon behar dugu, arriskua ez baita desagertu”, erran du plataformako kide Mertxe Zufiak.
Oses eraikuntza enpresak joan den uztailaren 17an hasi zituen Zangoza karrikako lur azpiko aparkalekuko lanak. Lanak egiteko, Zangoza karrikan dauden 46 zuhaitz kentzea zen asmoa —Navarro Villoslada eta Tafalla karriken artean—: haietako 33 moztu behar zituzten, eta bertze hamahiru, berriz, “birlandatu”. Plataforma asmo horien aurka agertu da, hasieratik; auzoko arbolak defendatu ditu, eta eskatu du, gainera, Zabalgunean dauden beharren inguruko txostena egin dezatela.
Orain ere, lanak behin-behinean gelditu eta gero, horixe eskatu du plataformako kide Zufiak: “Ez du zentzurik aparkaleku bat egiteak, auzoan haren beharrik ez bada”. Plataformak nabarmendu du “bertze hainbat aparkaleku” daudela Zabalgunean.
Herritarren protestak
Joan den abenduan osatu zuten Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataforma; Zabalsanche auzo elkarteak osatutako lantalde bat da plataformaren oinarria. Plataformako kideek Iruñeko Udaleko taldeekin eta Arartekoarekin egin dute bat, lanean hasi zirenetik. Protestek gora egin zuten uda hasieran, ekainaren 13an udalak aparkalekua eraikitzeko kontratua adjudikatu eta gero.
Sanferminak amaitu bezain pronto hasi zituzten obrak: uztailaren 17an. Udaleko agintariek “entzungor” egin zieten plataformako kideek karrikan egindako protestei. Aparkalekuaren aurkako oposizioak zuhaitzen defentsa jarri du hasieratik erdigunean, eta, obrak hasi eta gero, herritarrak txandaka aritu ziren zuhaitzak zaintzen.
Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak abuztuaren 17an eman zuen lanak “behin-behinean” gelditzeko agindua. Proiektua defendatu arren, auzotarren eta udaleko bertze talde politikoen babesa lortu nahi duela erran zuen Ibarrolak: “Orain ez dugu bermerik herritar gehienak asebeteko dituen proiektu bat osatzeko”.
Kontsulta egiteko aukera
“Abuztuan lanak gelditzeko [Iruñeko alkateak] aipatu dituen arrazoiak bazituen uztailean ere lanak ez hasteko; azken hilabeteotako protestetan behin eta berriz erran duguna onartu bertzerik ez dugu egin”, nabarmendu du Zufiak.
Ibarrolak herritarren iritzia jaso nahi duela erran zuen Zangoza karrikako lanak etetea erabaki zuenean. Hori nola egin, baina, ez dago argi. “Hasieran, kontsulta bat egiteko aukera aipatu zuen, baina argitu du jada ez duela horrelakorik eginen. Hiritarren parte hartzea sustatzeko prozesu bat eginen duela erran du orain, baina ikusteko dago nola eginen duten”, azaldu du Zufiak.
Plataformako kideak ez dira fidatzen: “Ez dugu uste benetako parte hartzea bermatuko duen prozesu bat eginen dutenik. Kontsultarik ez dute eginen. Uste dugu haien asmo bakarra dela, kanpora begira, parte hartzea sustatu dutela erran ahal izatea”, ohartarazi du plataformako kide Mertxe Zufiak.
Plataformak eskatu du lanak behin betiko bazter uztea. Iruñeko Udaleko EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeek ere proiektua bertan behera uzteko eskatu dute. PSNk ere egin du egungo asmoaren aurka, eta “proiektu berri bat” egiteko ikerketa abia dezala eskatu dio Ibarrolari.
Udalak Sarasateko proiektuari heldu dio, berriz ere
Zangoza karrikako aparkalekuarena ez da Iruñean eztabaida sortu duen proiektu bakarra. Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko asmoek ere kontrako iritzi anitz jaso dituzte azken urteotan. 2019an egin zuten ideia lehiaketa, eta handik bi urtera obrak esleitzeko prozesua bertan behera uztea erabaki zuen Iruñeko Udalak, oposizioko taldeak kontra agertu eta gero. Orain, Cristina Ibarrola alkateak proiektu horri berriz heltzeko asmoa agertu du, baina hutsetik hasita.
Zangoza karrikako kasuan bezala, Sarasateko zuhaitzak botatzeko aukerak eragin zuen, bertzeak bertze, udaleko oposizioko taldeen haserrea. Ibarrolak iragarri du bi txosten eskatuko dituela, Sarasateko pasealekuko zuhaitzen inguruan. Udalaren asmoa da jakitea zein den arbolen egoera, eta, batez ere, zehaztea ea aukera dagoen Sarasateko lanak plataforma bakarrean egiteko; hau da, pasealekua eta Alde Zaharreko ondoko karrikak lotzeko eskailerak edo arrapalak erabili gabe.