Iritzia: Oinpekoak

Iritzia: Oinpekoak

Olatz Azpirotz Larzabal

Ez naiz tarteko helmugarik ez duten bideen zale; deserosoa suertatzen zait helmuga urruntzea edo, berez, urrun dagoela ikustea, hain zuzen. Horregatik, akaso, ez naiz sekula txirrindulari zalea izan. Aitortu beharra daukat, momentu bakan batzuetan soilik asetu nahi izan dudala kirol honekiko ezezagutza.

Aurten, ordea, bazkalosteko lo-kuluxketarako esatariaren ahotsa soinu-banda gisa erabiltzen jarraitu ordez, galderak egiten hasi eta txirrindularitzan badela zer ulertu, zer ikusi eta zer sentitu jakin dut. Horrela, ikusi nuen kontzienteki, lehenengoz, Paris-Roubaix lasterketa, besteak beste.

Asko harritu ninduten txirrindulariek lasterketa modu egoki edo haientzat onuragarri batean amaitzeko aintzat hartu behar dituzten ñabardura guztiek, baina, batez ere, bidea eramangarriago bihurtzeko estrategiek; beharbada, niri, ikusle gisa batzuetan gertatzen zaidan bezala, haiei ere, luzea eginen zaie helmugarako bidea, hain zuzen, eta estrategia horiek, finean, bidea erraz diezaiekete.

Frantziako Tourra ez nuen zuzenean ikusi; bai, ordea, ortzaldetik zebiltzan kamerek jendeak jarritako ikurrei grabatutako irudi asko; apika, irudi horietako zenbaitek, harrotasuna eta zirrara sortzen zidatelako. Garbi baitago, gure ikurrak plazaratzeko eta guk munduari eman ezin diezaiokegun itzulia haiek emateko aukera bikaina izan zela; oihalak zabaltzeko parada izan zen, alegia.

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak asteburu honetan ere oihalez, postuz, kalejiraz eta jendez beteko dira, hain zuzen. Banderak eta oihalak kasu honetan, berriz, errepide izkina albo batera utzi eta kale-argi batetik edo balkoi batetik bestera egonen dira zintzilik, eta antzina, XV. mendean Karlos III.a Nafarroakoak bultzatutako Batasunaren Pribilegioa, gogora ekarriko dute.

Haatik, askok ikur horiek apaingarri soil gisa ikusiko dituzte, eta ez diote testuinguruari garrantzirik emanen ere. Are gehiago, aurtengo bisitarekin, ziur aski Alde Zaharreko karrikak segurtasun indarrez beteko dira, eta testuingurua ulertzeko gutxieneko ahalegina ere deuseztatua izateko arriskua egonen da.

Testuinguruak garrantzi handia dauka, jakina baita testuingurua ulertu edo ezagutu gabe elementuen zein diskurtsoaren funtsa noraezean gelditzen dela. Testuinguruak garrantzi handia dauka gurean, batzuetan, tarteko helmugak jartzeko eta existentzia adierazteko aukera ematen digulako, hain justu; ez dago funtsezko helmugarik, bidaiaren xedea ez baita toki jakin batetik beste toki batera iristea, bidea egitea bera baizik (Ekialdeko mamuak, 2003).

Horregatik, akaso, aurtengo ospakizun hau da, ostean guretik igaroko den txirrindularitza etaparekin batera, gure ikurrak berriz plazaratzeko eta leku ezberdinak beregain hartzeko aukera egokia.

Tarteko helburuak jarrita, amaierako helmugarako bidea askoz eramangarriagoa da, edo beharbada, dena da estrategia kontua, eta, agian, nekea arintzeko, epe luzeko estrategiekin batera epe motzekoak ere diseinatzen hasteko garaia da oraingoa; kriteriumak diseinatzeko garaia, alegia.