“Teatro komunitarioa oso polita da, ez baitago akatsik”

“Teatro komunitarioa oso polita da, ez baitago akatsik”

Iruñean bizitzearen bueltan sortzen diren galderetatik tiraka, kolektiboan sortutako obra bat egingo du Maialen Diazek. Horretarako, komunitate horren parte direnekin doako antzerki ikastaro bat eginen du irailaren erdian.

Olaia L. Garaialde

Zer da Iruñekoa izatea? Zerk ematen dizu Iruñekoa izateko eskubidea? Eskubide hori eman daiteke? Galdera horiek eta beste asko landuko ditu Maialen Diaz aktoreak (Beltzuntze, 1988). Irailaren erdialdik aurrera, antzerki komunitarioaren inguruko doako ikastaro bat eginen du, Iruñean bizi den jendearekin. Astean bitan eginen dute bat, hogei ordutan obra bat landu eta azken egunean taularatzeko. Teatrodix Phestibal egitasmoaren eta Accion Revoltosa konpainiaren artean sortu dute tailerra.

Antzerki soziala eta antzerki komunitarioa gauza bera dira?

Lekuaren eta pertsonaren arabera, asko aldatzen da esanahia, zenbait lekutatik hazi baitira. Uste dut antzerki komunitarioa antzerki sozialaren barruan dagoela. Antzerki soziala modu askotara uler dezakegu; adibidez, gai sozialak lantzen dituzten profesionalek egindako antzerkia izan daiteke. Komunitarioan, aldiz, komunitate baten parte direnek beren komunitatearen inguruko lan bat sortzen dute.

Nola egiten duzue lan?

Mila modu daude. Calatea antzerki taldeko partaidea naiz, eta gure asmoa da espazioak irekitzea eszenatik elkarrekin pentsatzeko. Ez dugu egiten antzerkia testu bat emanda istorio bat kontatzeko, baizik eta komunitate bati dagozkion galderak irekitzeko edo eszenikoki lantzeko. Horren arabera sortzen dugu antzerki pieza.

Zerbaiten parte izateak zer esan nahi duen landuko duzue. Zergatik?

Abiapuntua da, baina taldeak esango duena entzungo dugu. Beste interesak baldin badituzte, hasierako ideiatik beste leku batzuetara joango gara. Gaia konplexua da, zerikusi handia baitu bestetasunarekin.

Hortaz, gauzak proposatzeko espazio bat izanen da?

Gure asmoa da galderen bidez sorkuntza bultzatzea; esaterako, zeren inguruan eraikitzen den zerbaiten parte izatea, ea aukeratzen den eta zein pribilegio ditugun edo ez ditugun zerbaiten parte izateagatik. Hala ere, galderen kontra joan gaitezke, galderekin ados ez egon, eta galdera berriak sortu. Gainera, ez dugu ikuspegi produktibista; hori dezente gorroto dugu.

Zein kolektiborekin lan eginen duzue?

Iruñean bizi den ororekin. Landuko dugu zer den Iruñean bizitzea, zer den Iruñekoa izatea, zerk ematen dizun Iruñekoa izateko eskubidea, baldin eta eskubide hori eman ahal bada. Horrez gain, salto poetikoak emango ditugu, kirolaren munduarekin jolastu nahi dugulako. Adibidez, nola aukeratzen diren taldekideak, zer gertatzen den kanporatzen bazaituzte, zein gaitasun behar diren edo ez, babesleak onartzen diren edo ez, eta diru horrek nola eragin dezakeen.

Inprobisaziorako tarterik badago?

Egitura bat dago, baina, publikoarekin elkartzen garenean, bakoitzak bere modura esaten ditu gauzak. Nahi izatekotan, etxean testua idatz daiteke lasaiago egoteko, baina ez dugu horren zehatz esaten horrek beste teknika bat behar duelako. Gure asmoa da naturaltasunez kontatzeko espazioak sortzea, eta horretarako giroa sortu behar da.

Atrezzoaz baliatzen zarete giroa sortzeko?

Uste dut orain gehiago erabiliko dugula, kirolaren munduan sartuta gehiago jolasteko aukera dugu eta. Hala ere, taldearen araberakoa da. Batzuetan maskarak behar dituzte, distantzia markatzen laguntzen dietelako.

Nolakoa da parte hartzen duen jendea?

Iaz, askotariko jendeak parte hartu zuen; batzuek Paris 365 jangela solidarioak deituta, eta beste batzuek, euren kasa. Adin eta jaioterri ezberdinetakoak. Oso polita izan zen, gure gorputzen memoriaz hitz egiten aritu baikinen, zer dioten nire eskuek nitaz, gorputzetatik abiatuta nola dauden zenbait istorio, bizipen eta testigantza. Eztabaida gogor batzuk egon ziren, baina onena da errespetuz eztabaidatzen jakitea. Espero dut iazkoek ere parte hartzea.

Uste duzu iazko esperientziak aurtengoa antolatzen lagundu dizula?

Bai. Azkeneko urteetan Madrilen izandako esperientziarengatik ohituta nagoen arren, asko aldatzen da Iruñeko esperientziarekin alderatuta. Madrilen komunitateak ez ziren txikiak. Iruñean mundu guztiak ezagutzen du elkar, eta horrek beste harreman bat sortzen du intimitatearekin, lotsarekin eta kontatuko ez denarekin. Oso baliagarria izan zait ikustea hirien tamainak nola eragiten dion lan egiteko moduari.

Lotsa galtzeko eta jendaurrean egoteko teknikak lantzen dituzue?

Bai. Bakoitza bere istorioa kontatzen ari denez, antzerki komunitarioa oso polita da, ez baitago akatsik. Totelka hitz egin dezakegu, baina ulertuko dugu urduri zaudela. Polita da, zaurgarritasunak ere lekua duelako. Hori bai, ahotsaren bolumenean indarra jartzen dut, gehiago konpartitzeko.

Doakoa izanen da; jende gehiagorengana iristeko da hori?

Dudarik gabe. Prozesu kultural bat sortzeko aukera eskura ez dutenei aukera eskaintzea da helburua eta desira.

Barrura begiratzen lagundu dezake antzerki komunitarioak?

Bai. Bestela, uste dut ez nukeela egingo. Elkar ezagutzeko eta jakin-mina pizteko espazioak behar ditugu. Oso azkar goaz, eta aurreiritzi asko ditugu; antzerki komunitarioak begirada berriarekin begiratzeko aukera ematen digu, eta horrek eraldaketak eragiten ditu. Hori polita da, eta polita izatea ez da gutxi.