Iritzia: Une batez

Iritzia: Une batez

Nagore Eslaba

Hilak hamabost ditu gaur; beraz, irailaren erdia joan zaigu jada. Batzuok hartu dugu martxa dagoeneko, eta murgildu gara berriro gure errutinan, baina badira oraindik euren burua oporretan dutenak, eta lanera bueltaz kexu direnak; opor osteko sindromea duten horiek, alegia.

Lanean hasteko gogorik ezak edo haserreak eragiten dute sindrome hori; halere, ez omen da klinikoki existitzen. Marian Rojas psikiatrak, egiten dituen hausnarketa eta azalpen interesgarri guztien artean, sintoma horiek bizpahiru eguneko iraupena besterik ez dutela dio, luzatuz gero, kontu serioago batez ariko baikinateke. Gakoa norbere burua ezagutzea dela uste du berak, eta edozer egiteko bezala, barne erritmoak ezagutu eta jarrera baikor bat hartzea, lasaitasunez.

Pasa den astean amaitu ziren Irunberriko jaiak, eta esango nuke une horretan ematen dugula gehienok uda amaitutzat herrian. Aurrekoan lagun batekin festen errepasoa egiten ari nintzela, hurrengoa esan zidan: “Aurten luzeegiak egin zaizkit, azken bi egunak soberan nituen”.

Parranda gogoa joaten ari zitzaiola pentsatu nuen hasieran, baina, jarraian, produktibo sentitzeko beharra zuela gehitu zuen lagunak: “Lanera itzuli nahi dut, txakurra paseoan atera, gimnasiora joan, kozinatu…; produktibo sentitu”.

Denbora okupatzeko edo programatzeko premia hori are handiagoa da adinak aurrera egiten duen heinean, nire ustez. Izan ere, erretiratuen artean bada momentu oro zukutzeko nolabaiteko obsesioa.

Fase horretara helduta, hain zuzen, askok ez dakite zer egin euren denbora librearekin, eta hor heltzen dira inertziak bultzatutako erabakiak, gehiegi pentsatu gabe eta albokoari jarraituz hartutakoak. Edozein gisako plan ikusten da begi onez orduan, edo hala sumatzen dut nik behintzat hurbilean ditudan kasuetan.

Honetan guztian pentsatzen jarrita, hainbat galdera datozkit niri burura: zergatik dugu denbora betetzeko beharra? Zeri erantzunez sortzen da behar hori? Beldurra diogu geldirik egoteari? Edo gehiegi pentsatzeari, akaso?

Daramagun bizimodua azkarregia da, azeleratuta gabiltza denok, eta gelditzeko aukera dugunean ere, ez dugu egiten (kontuz, ea ez garen alferregiak izaten ari). Egingo dugun hurrengo horretan pentsatzen bizi gara, gure denbora zatika eta produktibotasun hori mantentzea derrigorrezkoa balitz bezala.

Eta kuriosoa da, egun osoa jo ta ke ibili ostean, lasaitzen ikasteko geroz eta zabalduago dauden meditazio eta yoga eskoletara joaten gara, horrek zurrunbilo guztiaren barnean ordena bat eskainiko baligu bezala.

Abiadura horrek geldirik egotearekiko ezeztapen moduko bat sortzen du. Ez diogu denborarik eskaintzen hausnarketari, barrena begiratzeari eta benetan egin nahi dugun horretan pentsatzeari.

Rojasek, egunerokoan inguratzen gaituzten milaka estimuluetatik aldenduta, honakoa dio: “Asperdurara itzuli behar gara, asperdura baita sormenaren eta harriduraren sorleku”. Egin diezaiogun kasu Rojasi, une batez bada ere.