Elkar ezagutzen jarraitzeko

Elkar ezagutzen jarraitzeko

Zenbait erakundek eta norbanakok Iruñerriko Mundialito Antirrazista antolatu dute, bigarrenez; Iruñeko Biurdanako pistetan eginen dute, bihar, saretzea sustatzeko.

Edurne Elizondo

Baloiak dantzan jartzeko prest dira, berriz ere. Zenbait erakundek eta norbanakok Iruñerriko Mundialito Antirrazistaren bigarren aldia antolatu dute: bihar eginen dute, 09:30ean, Iruñeko Biurdanako pistetan.

Iaz antolatu zuten mundialitoa lehendabiziko aldiz, eta herritarrek “harrera beroa” egin zioten arrazakeriaren aurkako ekinaldi horri. “Laurehun pertsona inguruk parte hartu zuten. Oso pozik gelditu ginen; jende asko zegoen berriz egiteko gogoz”, kontatu du Iruñerriko Lantxotegi elkarteko kide Arantxa Caminosek.

Iazko esperientziak bultzatu ditu antolatzaileak —haietako bat da Lantxotegi— mundialitoa bigarrenez antolatzera. Katakrak liburu dendaren inguruan sortu zen arrazakeriaren aurkako ekinaldi hori egiteko ideia. Bilbon seigarrenez egin zuten mundialitoa, 2022. urtean. Bilboko antolatzaileak Iruñean egon ziren 2021ean, eta hitzaldi bat egin zuten Katakraken, euren ekinaldiaren berri emateko. Hitzaldi haren bidez, bilbotarrek egitasmo horren hazia erein zuten Nafarroan. Bilera ireki batera deitu zuten Katakraken; zenbait erakundek eta norbanakok egin zuten bat, eta denen artean antolatu zuten iazko urriaren 1eko besta: Iruñerriko Mundialito Antirrazistaren lehen aldia.

Iruñe askotarikoa

Hasieratik, helburu nagusi bat izan du Iruñerriko mundialitoak: nonahi jaio eta Nafarroan bizi diren herritarrek elkar ezagutzeko aukera izan dezatela, kirolaren bidez. “Komunitatea eratzea da kontua”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Kirola bilakatu dute herritarren arteko sarea ehuntzeko tresna, hain zuzen ere. Iaz, saskibaloian eta futbolean aritu ziren mundialitoan parte hartu zutenak. Antolatzaileek zazpi laguneko taldeak osatu zituzten, elkar ezagutzen ez zutenek elkarren berri izan zezaten. Genero, adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak elkartu zituzten. Aurten, mundialitoak egitura bera izanen du. “Ongi funtzionatu zuen, eta jendea gustura aritu zen”, azaldu du Caminosek. Ondorioz, iazko besta moldeari eutsi diote, bidean egindako lehendabiziko urratsak sendotzeko asmoz: goizez partidak eginen dituzte, eta, ondoren, bazkaria, parte hartu duten guztiek bat egiteko. Musika izanen dute lagun egun osoan.

Futbolean eta saskibaloian ez ezik, boleibolean aritzeko aukera ere izanen dute parte hartzaileek aurtengo mundialitoaren bigarren aldian. “Kirol horretan aritzen dira pertsona migratzaile asko, batez ere Latinoamerikakoak, eta toki bat egin nahi izan diogu”, aipatu du Arantxa Caminosek.

Auzolanean

Herritar anitzek egin dute bat mundialitoaren bigarren aldia antolatzeko. Migratzaileak eta arrazializatuak ere aritu dira biharko besta prestatzeko lanak zuzentzen. Lantxotegiko Arantxa Caminosek onartu du, halere, oraindik badirela zailtasunak eta mugak parte hartzea zabalagoa izan dadin. Helburu hori dute egitasmoan bat egin duten guztiek; modua bilatzea da kontua: “Bilatu behar dugu jendearen beharretara egokitzeko modua, gisa honetako prozesuak benetan denentzat irisgarri izan daitezen”, nabarmendu du Caminosek.

Urratsak egiten segitu nahi dute, eta bidean ikasten. Aurtengo mundialitoa antolatzeko lanak eman die horretarako aukera. Izan ere, ekainean Biurdanan egin zuten bat hainbat herritarrek, pistak auzolanean atontzeko. Iruñeko Udalari eskatu zioten antolatzaileek lan hori egin zezala, baina erakunde horrek ez du urratsik egin. Ondorioz, herritarrak aritu ziren ekainean pistak margotzen eta egokitzen, biharko mundialitorako. Pistak eta baloiak prest dira, kirolaren bidez arrazakeriaren aurka egiteko.

Argazkiak: Iruñerriko Mundialito Antirrazista.