Euskararen Eguna eginen dute bihar Castejonen

Euskararen Eguna eginen dute bihar Castejonen

Euskara sustatzea helburu duen Laubide taldeak 30 urte beteko ditu aurten, eta hamaika ekintza prestatu dituzte ospakizun gisa.

Iñaki R. Mendoza

Euskara ere abagune izan dadin, 30 urtez aritu da Castejongo Laubide taldea hizkuntza sustatzen, eta, balentria ospatzeko, Euskararen Eguna eginen dute bihar. Carmen Casas eta Yaiza Mazo Laubide taldeko koordinatzaileek orotariko ekintzak prestatu dituzte biharko, haur, gazte zein nagusiendako.

Besteak beste, azoka, dantza emanaldiak, kontzertuak eta kalejirak antolatu dituzte, eta espero dute herriko jendea horietara agertzea. “Egitarau potentea prestatu dugu, eta positiboa ari da izaten ekinaldiaren harrera”, azaldu du Casasek. Jada 60 sarrera baino gehiago saldu dituzte bazkarirako, eta ia ehun Ene Kantak taldearen Ene Kantak dantzan ikuskizunerako.

Herriaren erantzuna ona ari da izaten, antolatzaileen arabera, baina aitortu dute garai zailak izan dituztela. “Lehen ez zen inor joaten gure ekintzetara, baina susperraldi bat ikusten ari gara”, esan du Casasek.

Euskara suspertzea

Hogei bazkide inguru izatetik 68ra igaro dira Laubiden, iazko maiatzean Casasek eta Mazak lema hartu zutenetik. “Euskara eta euskal kultura suspertzea beharrezkoa da”, adierazi du Mazok. Hain zuzen ere, Castejongo biztanleen %0,9k soilik dakite euskaraz mintzatzen, eta hemezortzi haur daude D ereduan matrikulaturik, herriko eskolako ikasle guztien %3,5.

Bi kideen aburuz, euskarazko eredua bultzatzea da taldearen helburua, horrek bermatuko baitu hizkuntzarekiko atxikipena izatea. Halaber, estigma ezabatzea dute xede. “Batzuek uste dute euskara txarra dela, eta mesfidatiak dira”. Biek argi dute hizkuntza eskubideen defentsan jarraituko dutela.

Argazkia: Laubide elkarteko kideak, iazko Korrikaren zain, Castejonen. Laubide.