“Gure nortasunak baldintzatzen du egiten dugun guztia”

“Gure nortasunak baldintzatzen du egiten dugun guztia”

Maider Lazkano eta Divina Comedia artistek elkarrekin ondutako ‘Vomitorium’ umorezko ikuskizuna estreinatuko dute ostegunean, 19:30ean, Atarrabiako Totem aretoan. Komediaz eta bertzez aritu dira.

Edurne Elizondo

Ane Lindaneren eta Raquel Torresen Bilboko Despotorropen izeneko mikro irekiak elkartu ditu Maider Lazkano (Iruñea, 1988) bakarrizketalariaren eta Divina Comedia (Arrasate, Gipuzkoa, 1998) drag-aren bideak. Iruñean mamitu da haien arteko adiskidetasuna, eta La muerte de la comedia mikro irekiarekin hiriburuko umorea astindu eta gero, Vomitorium ikuskizuna ondu dute orain. Atarrabiako Totem aretoan estreinatuko dute, urriaren 5ean, 19:30ean.

Zer aurkeztuko duzue urriaren 5ean?

DIVINA COMEDIA: Gure material onenaren eta gehien maite ditugun gaien uzta jaso ostean prestatu dugun ikuskizun bat. Gustu txarra ospatzeko eta gustu txar hori gure egiteko lan bat sortu dugu, aldarrikatu nahi baitugu espazio iraultzaile eta ezkertiarretan ere badela aukera pixka bat irrigarria eta groteska izateko.

Hori aldarrikatzeko beharra bada?

MAIDER LAZKANO: Bai. Askotan, ematen du beti izan behar duzula politikoki zuzena.

DIVINA COMEDIA: Uste dut espazio iraultzaile guztietan badela halako estigma bat, eta horrek bultzatzen zaitu oso zuzen izatera. Noski, guk egiten ditugun bihurrikeria guztiek errespetua dute oinarrian; dekonstrukzioaren ikuspuntutik ari gara beti. Halere, egun dagoen irudi hori hautsi nahi dugu, eta erakutsi posible dela errespetuz jokatzea eta aldi berean graziosoa izatea.

Gehien maite dituzuen gaien uzta jaso duzuela erran duzue. Zeintzuk dira gai horiek?

DIVINA COMEDIA: Gure txisteen biktima izanen dira gu biktima bilakatzen gaituztenak: heteropatriarkatua, Eliza katolikoa… Bada umore arinagoa ere.

LAZKANO: Nik umorea aldarrikapen eta militantzia bilakatu dut, baina, tarteka, umoreak umore izan behar du. Gure esperientziatik ari gara umorea egiten dugunean, eta horrek dena bilakatzen du politiko. Txisterik ustez hutsalenaren atzean bada testuinguru bat, esperientzia bat, feminismotik edo transfeminismotik ari baikara. Baina, tarteka, txiste bat txiste bat da, eta kito.

DIVINA COMEDIA: Ezkertiarrak gara, feministak; gure nortasun horrek baldintzatzen du egiten dugun guztia. Baina noizbehinka, arnasa hartu behar da, eta mezurik gabeko txiste bat egin.

Horrelakoa da Vomitorium? Zuen nortasun horren isla?

DIVINA COMEDIA: Mezu politikoa du ikuskizunak, eta, aldi berean, sekulako astakeriak ere badira!

LAZKANO: Posible da uztartzea. Niri gertatu izan zait: bakarrizketa bat egin eta gero, ekintzaileren bat etorri zait txisteren bati buruz zerbait esatera. Nik uste dut garbi dagoela nor naizen, nondik natorren, eta nire esperientziatik eta nire nortasunetik esaten dut esaten dudan hori.

Nola ezagutu zenuten elkar?

LAZKANO: Bilbon Ane Lindane eta Raquel Torres ditugu lagun, eta haiei esker ezagutu genuen elkar. Despotorropen izeneko mikro irekia dute, eta biok aritu gara han. Oholtzan ez genuen bat egin, baina urteurrena ospatzeko bestan, bai. Gutxi hitz egin genuen, baina esan zidan Iruñera etorriko zela, eta mikro ireki bat antolatu nahi zuela hemen, emakumeentzat eta disidenteentzat, komedia pixka bat astintzeko. Eta horrela hasi ginen elkarrekin.

DIVINA COMEDIA: Gurea izan da Iruñeko lehen mikro irekia!

Bazen komedia astintzeko beharra Iruñean?

LAZKANO: Bai, behar handia zegoen. Ez zegoelako gauza handirik, eta zegoen hori betikoentzat zelako: hau da, gizonentzat. Horregatik erabaki genuen gure mikro irekia antolatzea, emakumeentzako eta beste disidenteentzako espazio bat sortzeko.

Zer ematen dio batek bertzeari?

LAZKANO: Nik uste dut elkarrekin ongi aritzen garela oso ezberdinak garelako. Divina lasaiagoa da.

DIVINA COMEDIA: Uste dut gure dinamikaren alderdirik xelebreena zera dela: nire komedia grafikoagoa eta biolentoagoa da, baina leunago hitz egiten dut; eta Maiderrek alderantzizkoa egiten du.

LAZKANO: Nire txisteak zuriagoak dira, baina ozenago aritzen naiz, zuzenago.

DIVINA COMEDIA: Egia da sexuaz edo drogez hitz egiten duzula, indar handiko gaiez, baina zu ni baino atseginagoa zara; ni naiz bikoteko kide iluna.

Eta oholtzatik kanpo, nolakoa da zuen arteko lana?

LAZKANO: Atzeko lan horretan ere ederki moldatzen gara, elkar osatzen dugulako. Divinak lantzen ditu ideiak, batez ere; eta nik arlo praktikoaren ardura dut. Egia da ideia batzuk nireak direla, baina sormen lanaren ardura batez ere Divinarena da. Ni haren jarraitzaile sutsua naiz!

DIVINA COMEDIA: Ni burmuina naiz, eta Maider, berriz, gauzak egiten dituen besoa.

Drag-ak zer pisua du zuen lanean?

DIVINA COMEDIA: Stand-up komediaren ezaugarri nagusietako bat da garatzeko aukera asko dituela. Izan ere, pertsona bat zutik mikrofono batekin umorea egiten, horixe da stand-up komedia. Gustatzen zait gero eta elementu gehiago eranstea. Nire plana da Maider drag bilakatzea!

Prest zara?

LAZKANO: Mikro irekia egiten genuenean, nik ez nuen jantzi berezirik erabiltzen. Kaleko arropa erabiltzen nuen. Oraingo ikuskizunean beste urrats bat egin dut, badira sorpresak. Nik pozik hartzen ditut Divinaren ideiak, eta prest naiz drag-aren munduan sartzeko!

Argazkia: Markel Galdeano.