Iritzia: Jabetza pribatua

Iritzia: Jabetza pribatua

Laura Penagos Rodriguez

Bertolt Brecht antzerki zuzendari, dramaturgo eta olerkari alemaniarraren esaldi ezagunenetakoa da: “Dena eramaten duen ibaia biolentoa dela esan ohi da, baina inork ez dio biolento deitzen estutzen duen ibilguari”. Sistema bortitz eta basati batean jaio, bertan hazi, eta hil arte bertan ozta-ozta bizirauten dugu, eta horrek ez du inolako gaitzespenik. Baina jarrera kritikoa izatea eta modu kontzientean sistemaren tiraniaren eta injustiziaren aurka matxinatzea, ordea, delitua da. Zigortzen da, errukirik gabe. Engranaje miserable hau boterea duenaren neurrira egina dago.

Tesi politikoak, trataduak, gizarte-iraultzak, mugimendu sozialak, mugimendu kulturalak, literatura, filosofia, antzerkia, abestiak, poemak… tortillari buelta emateko sortzen eta garatzen dira. Mendeak dira aberatsen eta pobreen arteko klase-borroka horri emanda: borroka armatua, propaganda, leloak, alderdi politikoak betiereko bizitza saltzen, sindikatuak, eta abar. Eta desberdintasunak gainditzeko ameskeria horren ondorioa zein? Sistemak gero eta pobreago egiten gaitu.

Zalantzarik gabe, makropolitikan, goi mailetan, biltzen dira estatuak gobernatzen dituzten botere guztiak: korporazio handiak, bankuak, erlijio-erakundeak… Eta jakina, horiek denak estatuen egitura politiko eta judizialekin ongi konpontzen dira, ezin hobeki. Horrela asebetetzen dute bere anbizio-nahia. Baina zer gertatzen da mikropolitikan —politika domestikoan esan genezake—, egunerokoan? Nola erabiltzen dugu boterea geure esparru hurbilenetan? Boteretxo kakazu n?imin?oena ere eskuratzen dugunean errege gupidagabearen moduan erabili nahi izaten dugu. Eta aldatu nahi dugun hori, gorroto duguna eta gaitzesten dugun hori, etxean, bulegoan, kafetegietan, zebra bideetan, lanean, parke batean pipak jaten edo lagunekin bi birra edan bitartean, erreproduzitu egiten dugu guk, eta modu batean edo bestean, hurkoa menderatzea bilatzen dugu.

Kasuistika zabala da, botere harremanetako desoreka batzuk hautemanezinak dira, baina beste batzuk, berriz, ez. Izan ere, egoera batzuk zinikoak eta lotsagarriak dira, bidegabekeria hutsa. Esate baterako, etxebizitza duina izateko eskubidearekin jolasean ibiltzea. Espekulazioa. Kapitalismoaren fase sakona, propio disenatua oinarrizko eskubideak higatzeko. Jolas hori geure hurbilean bolo-bolo dabil. Eta Nafarroa ez da salbuespena. Bertan etxebizitza eskuratzea miraria da, loteria, luxu handia.

—Nire jabetza pribatua da, eta potroak mahai gainean jarrita agintzen dut nik hemen. Larrutik egin dut lan bizitza osoa etxea eraikitzeko—. Etxebizitzen jabeek ongi babestuta dituzte beren jabetzak. Eta maizterrak casting zoro batean aukeratzen dituzte. Fidantzak, lan-bizitza, lan-kontratua, nominak, errenta-aitorpena, banku-abalak. Eta horretaz gain, etxe mordoa hutsik, ezer berririk ez. Eta ez dago lau hormetako espekulazioaren aurka babesten zaituen legerik, ez dago.

Etxez etxe, gelaz gela, … jabez-jabe ibiltzen gara bizitoki bila. Bitartean gizatasuna galtzen ari gara, eta zenbakiak gara, paperak gara, makina bihurtzen gara, etxebizitzaren negozioa ordaintzeko.

Argazkia: Haritu.