Nafarroa Oinez ospatuko dute etzi Etxarri Aranatzen, hango Andra Mari ikastolak antolatuta. Iñigo Orella zuzendariak esan du «zirikatzaileak» izan nahi dutela, euskara erabiltzea sustatzeko.
Olaia L. Garaialde
Euskararen bozgorailua izanen da Etxarri Aranatz igandean. Hotsein lelopean, Nafarroa Oinez ospatuko dute herrian, Andra Mari ikastolak antolatuta. Iñigo Orella ikastolako zuzendariak (Berriozar, 1973) azaldu duenez, tokian tokiko euskalkiak sustatzea eta euskara Nafarroa osora zabaltzea daukate helburutzat.
Dena prest?
Gogo handiz eta ilusioz gaude, baina orain lan pila bat dugu, eta elur bola handi bat dator. Hala ere, oso pozik gaude kanpotik jasotzen ari garen harrerarengatik eta babesarengatik, eta ikastolako komunitateko jendearen inplikazioarengatik.
Auzolanean egindako besta bat da. Nola joan da prozesua?
Urte osoan, berrehun pertsona inguru izan ditugu hamalau batzordetan lanean. Igandean gehiago izanen dira; laurehun baino gehiago. Prozesu luzea da, eta gorabeherak egoten dira, baina jendea oso zintzoa da, eta asko inplikatu da. Nafarroa Oinez festaren eguna kenduta, egun gogorrenak sanferminak izaten dira. Izugarria izan zen egin genuen lana.
Nolakoa izan da prestaketa?
Hasierako lana ezkutuko lana da, barrura begira ibiltzen garelako. Iaz, Tafallako Nafarroa Oinez-en lekukoa pasatu zigutenean atera ginen argitara, nolabait. Ordutik, denetarik egin dugu: kirol jarduerak, hizkuntzari eta hezkuntzari buruzko jardunaldiak… Inklusibitateari ere garrantzia eman nahi izan diogu.
Batzorde berri bat sortu duzue horretarako.
Esan ohi dugu ikastola plurala garela eta ikasle guztiek daukatela lekua. Horregatik, Nafarroa Oinez-en ere islatu behar da inklusibitatearen aldeko apustua. Altsasuko Nafarroa Oinez egin zenean, jardueretako batzordearen azpi batzordean lantzen zen inklusioa, eta aurten, lehenengo aldiz, izaera propioa dauka. Egin ditugun gauza guztietan, aniztasunaren ikuspegitik euren ekarpenak egin dituzte.
Nafarroa Oinez antolatzen duzuen laugarren aldia da; urtez urte ikasten da?
Denbora joan da lehena egin zenetik, eta Nafarroa Oinez izugarri aldatu da lan egiteko moduan eta helburuetan. Azkeneko aldiz 2009an antolatu genuen, eta, pertsona horietako batzuk ikastolan dauden arren, gehienak berriak dira. Bietan egon naiz, eta aldatu da dezente, bizirik dagoen eta etengabe eguneratzen den besta bat delako.
Nolako besta izanen da?
Herria inguratzen duten hiru gune egonen dira. Ibilbidea motza izanagatik, saiatu gara jarduera ugari antolatzen. Uste dut oso polita eta osatua gelditu dela egitaraua. Mimoz prestatu dugu.
DBHko eraikina berritzeko behar duzue dirua; zer behar ditu eraikinak?
Eraikinak eraldaketa sakona behar du. 1960ko hamarkadako eraikin bat denez, isolamendu aldetik oso gaizki dago, teilatua ere bai, eta mugikortasuna ezin da ongi bermatu; ez dugu igogailurik, eta, sarreran eskailerak daudenez, malda bat jarri genuen iaz. Berogailu sistema ere aldatu nahi dugu, eta ekologikoagoa eta jasangarriagoa den sistema bat jarri.
Helburu ekonomikoez gain, zer beste helburu dituzue?
Hotsein Sakanako hitz bat da, eta esan nahi du aldarrikatu, deitu edo zarata egin. Egunero erabiltzen dugun hitz bat da. Horren bidez, adierazi nahi genuen euskararen arnasguneetan gaudela. Arnasguneetan gauden eragile askoren kezka da ezagutza handia badela baina erabilera moteldu dela. Horregatik, zirikatzaileak izan nahi dugu. Horrez gain, ikastolen hezkuntza eredua aldarrikatu nahi dugu. Bokazio publikoa dugu, auzolanean eta herrigintzan oinarritzen gara, eta euskararen eta gure hezkuntza proiektuaren transmisioan lanean ari gara.
Ofizialtasunari ere garrantzia eman nahi izan diozue.
Zoritxarrez, Nafarroan zonifikazioa dugu, eta nafar guztiok ez ditugu hizkuntza eskubide berberak. Horregatik, aldarrikatzen dugu Nafarroa osoan egon behar dela euskaraz bizitzeko eta ikasteko aukera. Nafarroan D eredua ez da %30era heltzen, eta hamar ikasletatik lauk ez daukate kontakturik euskararekin. Eredu publikoan lan handia egiten ari dira egoera horri buelta emateko, eta uste dugu publikoarekin elkarlanean norabide berberetik joan behar dugula. Euskaltzale guztiak batu nahi ditugu, ikastolon festa izateaz gain, ofizialtasunaren festa izatea nahi dugulako.
Hamabi ikaslerekin hasi zen Etxarri Aranazko ikastola. Nolakoa izan zen sorrera?
Frankismo garaian sortu zen, eta guraso eta herritar talde batek sortu zuen, uste zutelako beharrezkoa zela beste hezkuntza eredu bat; euskara eta euskal kultura erdigunean jartzen zituen eredu bat. Baliabiderik gabe hasi ziren, eta baldintza gogorretan, baina, oztopo guztien gainetik, aurrera egin zuten. Gaur egun, laurehun ikasle inguru ditugu.
Zer eskaintzen dio ikastolak Sakanari?
Egia da Sakanan D eredua nahiko zabalduta dagoela, baina beste ekarpen batzuk ere egiten dizkiegu hezkuntzari eta hizkuntzari. Ikuspegi nazionala dugu, eta gure proiektu pedagogikoa denon eskura jartzen dugu.
Argazkia: Aitor Karasatorre / Foku.