Iritzia: Errealitate zizelkatua

Iritzia: Errealitate zizelkatua

Olatz Azpirotz Larzabal

Irudiak sortu, landu eta ondu behar dira. Irudiak dira denboraren joanari iltzatuta mantentzeko, eta aldi berean, denboraren erritmotik kanpo egoteko ahalmena dutenak. Irudiak margoen eta koloreen pigmentaziotik kanpo ere badira, irudiak barruan zein kanpoan ere badira, eta eremu zabal hori geure zigor edo penitentziaren luzapen bat izateaz gain, irautearen seinale ere izan daiteke.

Margoekin sortutako irudiak alde batera utzita, harritik, beiratik, buztinetik sortutakoak ere badaude, besteak beste. Kasu horretan, sorkuntza prozesua behin amaituta, geure eskuetan dago kolore naturalari lekua ematea edo pigmentua gainjartzea. Irudiak geure begiek hein batean ikusten, eta bestetik, asmatzen dituztenak ere badira, horiek aurretik oroimenean daudenekin lekua partekatzen hasten diren etengabeko figurak dira.

Irudien barruan ere gorputzeko anatomia zein adierazpena dago; irudiak ere zainak, hatzen mugimendu eta kokapenak, imintzioak eta izerdi tantak ere izan daitezke, besteak beste.

Irudiek errealitatea erakusteko eta adierazteko ahalmena duten gisara, errealitatea fikzio bihurtzeko gai ere badira; horregatik, dikotomia horren ondorioz, maiz irudietan ikusi duguna ea aurretik existitzen den, baldin baden edo ez, galdetzen diogu geure buruari, eta guk askotan erantzuna eduki ez eta hura baztertzeko zein asmatzeko joera izaten dugu.

Gertakizunak lekukotzeko ere balio dute, eta hori gertatu zen 2003. urteko irailean, Artozkin aurrera eraman zuten Artezki izeneko kultur egitasmoan. Hogei urte lehenago, Itoizko urtegiaren proiektuaren proposamena ezagutu zen; beranduago, 1993. urtean, eraikuntza lanei hasiera eman, eta hamar urte beranduago, bertako hainbat herri hustu eta eraitsi ziren.

Itoizko herriaren suntsipena ekainean gertatu zen, eta ostean, irailaren amaieran, Artezki ekimena abian jarri eta segituan, Artozkirena.

Txikizio oso baten narrazioa egin zuten Artezkin, hainbat diziplina ezberdinetako artistek, literaturazalek, kirolarik eta abar. Pertsona horiek guztiek sor zezaketena ekimenari borondatez eman zioten, baina baldintza bat jarri zuten: obrak, txikizioa gertatuz gero, bertan geratuko ziren, uraren azpian, herriarekin batera.

Era horretara, momentuan gertatzen ari zena plazaratzeko helburua lehenetsi egin zuten, eta urak izanen zuen uherrari gainjarri zitzaion; modu horretan, narrazioak goian zein azpian iraunen zuen.

Halere, urarekin aurreikusia zuten lehendabiziko hartu-emana ez zen gertatu, zenbait obra herrian sartu eta etxeak suntsitu zituzten hondeamakinek birrindu baitzituzten, eta besteak, berriz, lapurtu eta ezkutatu. Orain arte.

Irudiek leku, gertakari eta egoera deserosoak eta bidegabekeriak plazaratzeko indarra eta boterea dute; irudiek historia sendotzeko eta taburik ez garatzeko ahalmena dute; arteak indar handia du. Horregatik, irudiak sortu, sortu, landu eta ondu egin behar dira, gertakaririk edo egoerarik lazgarriena delako adierazi eta elkarbanatu ezin daitekeena, hain zuzen.