Nafarroan 260 adingabe daude gobernuaren babes zentroetan

Nafarroan 260 adingabe daude gobernuaren babes zentroetan

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak kanpaina bat hasi du harrera familiak lortzeko. Hitzaldiak antolatu dituzte zenbait herritan.

Edurne Elizondo

Harrera familiak behar dira herrialdean. Nafarroako Gobernuak kanpaina bat abiatu du, bere babes sistemako zentroetan dauden adingabeentzat familiak lortzeko. Egun, 260 haur eta nerabe daude zentro horietan; familia propioarekin egoterik ez duten bertze berrehun adingabe daude haiena ez den familia batekin.

Nafarroako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziako zuzendari Ines Francesek aurkeztu du gobernuaren kanpaina, Iruñean, eta nabarmendu du zentrotan diren adingabeentzat familiak aurkitzea dela Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen, Ekonomia Sozialaren eta Enpleguaren Departamentuko arduradunen “lehentasuna”.

Harrera familiek behin-behinean hartzen dituzte haien familiarekin egoterik ez duten adingabeak. Umea harrera familiarekin dagoen bitartean, familia horri dagokio adingabea arlo orotan artatzea. Harreraren iraupena eta ezaugarri zehatzak, hain zuzen, kasuan-kasuan aztertzen eta ezartzen dituzte. “Edozein egitura duten familiek” eska dezakete harrera familia izatea. Nafarroako Gobernuko agintariek garbi erran dute harrera prozesuak ez duela zerikusirik adopzioarekin. Izan ere, harrera behin-behinekoa da: “Helburua da ahal den neurrian adingabea bere familia propioarengana itzultzea, etxetik aterarazi duten arazoak edo egoerak gainditu eta gero”.

Saioak herriz herri

Antolatutako kanpainaren barruan, Nafarroako Gobernuak hitzaldi sorta bat prestatu du, harrera familien zereginei buruz argibideak emateko asmoz. Lehendabizikoa urriaren 16an eginen dute, Zizur Nagusian. Liburutegi publikoan izanen da saioa, 18:30ean hasita.

Bigarrena urriaren 19an eginen dute, Tafallan, 18:30ean, liburutegian. Urriaren 23rako, berriz, Sarrigurenen antolatu dute saio bat, 19:00etan; azkena urriaren 26an eginen dute, Tuteran, Lestonnac auzoko gizarte gunean, 18:30ean hasita.

Hitzaldi sorta horretan, harrera egiteko zer modu dauden aztertuko dute, bertzeak bertze; adingabeek dituzten beharren arabera, hain zuzen, ezberdina da harrera familien zeregina. Horretaz guztiaz ariko dira antolatutako hitzaldietan.