Maria Asun Fernandez (Ananar): “Amiantoak inguratuta bizi gara”

Maria Asun Fernandez (Ananar): “Amiantoak inguratuta bizi gara”

Amiantoaren inguruko kongresua eginen du Ananar elkarteak azaroan, Iruñean; Maria Asun Fernandezek sortu zuen elkartea, senarra amiantoaren ondorioz zendu eta gero.

E. Elizondo

Iruñeko Alde Zaharrean du egoitza Ananar elkarteak. Maria Asun Fernandezek sortu zuen (Iruñea, 1960), 2017an senarra zendu eta gero. Amiantoak gaixotu zuen. Mineral horren biktimak laguntzeko jaio zen Ananar, eta, azaroaren 18an, amiantoaren inguruko kongresu bat eginen du Iruñean, lehen aldiz.

Zein da Iruñeko kongresuaren helburua?

Joan den azaroan Bartzelonan izan ginen, han egin zuten kongresu batean, eta hemen antzeko zerbait behar genuela pentsatu genuen. Amiantoaren auzia aztertzea eta informazioa zabaltzea da helburua.

Amiantoaren arriskuez ohartarazteko beharra dago?

Bai, amiantoak inguratuta bizi garelako, eta jende anitzek ez dakielako zer arrisku duen horrek.

Txema Esteban Marcos zure senarraren gaixotasunaren bidez jakin zenuen zuk.

Senarrak pleurako mesotelioma bat izan zuen. Amiantoak eragindako minbizia bat da, eta ez du sendabiderik. 2017an hil zen.

Orduan erabaki zenuen Ananar elkartea sortzea?

Bai. Senarrak jasotako kalte ordainarekin erosi nuen elkartearen egoitza. Hura omentzeko modu bat da. Elkartea hiru helbururekin sortu genuen: ikerketa sustatzea, biktimak laguntzea, eta amiantoaren biktimen senideak laguntzea. Bidean, beste helburu bat zehaztu dugu: informazioa zabaltzea. Gero eta jende gehiagok jotzen du guregana inguruan amiantoa dutela erratera, zer egin dezaketen galdetzera. Horregatik erabaki dugu kongresua egitea.

Zer esparru landuko dituzue?

Lau arlo jorratzeko bertze hainbat mahai osatu ditugu: osasunari buruzko mahai bat, arlo judiziala lantzeko beste bat, amiantoaren eragin soziala landuko du hirugarrenak, eta laugarrenak, berriz, amiantoaren inguruko auzi teknikoak. Denak ordu berean eginen ditugu, eta, ondorioz, bakar batean parte har daiteke. Parte hartzaileei, halere, gainerako mahaien informazioa helaraziko diegu.

Nafarroak badu amiantoa ezabatzeko plan bat, baina Adavan elkarteak salatu du ez direla betetzen ari.

Plana onartzea berri on bat izan zen, baina propaganda huts bilakatu da, ez baitute deus egin. Nafarroako Gobernuak, udalek eta Iruñerriko Mankomunitateak gehiago inplikatu beharko lukete. Udalek amiantoa dagoen tokien errolda egin behar dute. Jendeak guregana jotzen du, eta gu ari gara gure errolda propioa osatzen. Herritarrek euren etxebizitzetako amiantoa kentzeko laguntzarik ere ez dute. Beraz, plan bat dugu, baina ez du deuserako balio.

Zer behar da?

Baliabideak behar dira; diruz hornitu amiantoa kentzeko planak. Herritarrek laguntzak behar dituzte.

Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku.