“Fantasiak ematen dit bizitzak ukatu didan identitatea”

“Fantasiak ematen dit bizitzak ukatu didan identitatea”

Boterea, historia, LGTBfobia eta irudimena landu ditu Manuela Trasobares filosofoak ‘Voluntad de poder’ bere liburuan. Iruñeko Marisolasak Bazterretan jardunaldian parte hartu berri du.

Olaia L. Garaialde

Bizipen pertsonaletatik abiatuta, botereak historiaren eraikuntzan duen eragina aztertu du Manuela Trasobares filosofoak (Figueras, Herrialde Katalanak, 1962) Voluntad de poder liburuan. Iruñean aritu berri da lan horretaz, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak Iruñeko Kondestablearen jauregian antolatutako Marisolasak Bazterretan jardunaldian. Abeslaria, eskultorea eta margolaria ere bada.

Voluntad de poder liburuan aipatzen duzu imajinazioaren bidez ihes egiten zenuela bortizkeriatik. Zer bilatzen zenuen?

Batez ere, Disneyko pertsonaien artean bilatzen nuen babesa; Edurnezuri edo Marierrauskin nintzela pentsatzen nuen. Niretzat, garai gris horretan, kolorea, bizitza eta esperantza ziren. Beti egon naiz bi bizitzaren erdian: ustez erreala zen bizitza baten eta fantasiazko beste bizitza baten artean. Egia esan, nire benetako bizitza fantasian oinarritutakoa zen.

Gogoan duzu noiz hasi zinen irudimenaren bidez babesten?

Etengabe jazartzen zidaten eskolan, etxean, familian eta auzoan, eta mespretxatzen eta gaizki sentiarazten ninduten nire esentziarengatik. Haur bat nintzen, eta ez nekien gezur plantak egiten. Orduan, jipoiak, zaplaztekoak eta dutxa hotzak ematen zizkidan aitak; tortura bat zen. Ez dakit noiz hasi nintzen imajinatzen; jasanezina zenez, ziurrenik betidanik izan da. Ikasteko zailtasunak ere banituen, eta noraezean nengoen. Oso hunkigarria da gaur egungo haurrak ikustea; trentzak edo gona jarri ahal izan banitu, neskato zoriontsua izanen nintzen.

Zer ematen zizun fantasiak?

Errealitateak ito eta zapaldu egiten ninduen. Bizitzak ukatzen zidan identitatea ematen zidan fantasiak. Normala da mundu fantastiko batean babesa bilatu izana.

Uste duzu baliagarria izan daitekeela beste sexu-genero disidenteentzat?

Lagungarria izan daiteke, bizirauteko modu bat delako. Garrantzitsuena da errealitateak gu ez itotzea. Fantasiak borrokatzen laguntzen badigu, zergatik ez dugu erabiliko?

Botereaz mintzatu zara zure liburuan. Zergatik hausnartu nahi izan duzu horren inguruan?

Botereak egin digulako minik handiena, eta orain ere mina egiten digulako. Botereak gure esentzia erabaki eta askatasuna eman edo kentzen digu. Biziraupenaren oinarria da boterea; horregatik, asko hausnartu behar dugu zapaltzen gaituzten gauzen eta pertsonen inguruan. Uste dut gezur galanta dela pentsatzea herriak duela boterea.

Begirada fatalista bat irudikatzen duzu, baina botereari aurre egin dakioke?

Benetan aurre egiteko eta benetakoa izateko, gauza asko albo batera utzi behar dira. Niretzat, Manuela Trasobares izatea oso garestia izan da, eta bada. Iragan astean, adibidez, autoa erre zidaten. Ez dakit nor izan zen, baina badakit ni neu izateagatik izan zela. Gu geu garenean, beti borrokan ari gara, edo, EHGAMeko kideek dioten bezala, marisolasean. Horrelako gauzek gure bizitza markatzen eta mugatzen dute.

LGTBfobiaren adibidea da?

Ghettoan, dena ikaragarri polita da, baina ateratzen garenean, argi ikusten da LGTBfobia. Orain, adibidez, zenbat jende dago niri begira? Haien aurpegian ikus daiteke zerbait gertatzen dela. Askok zerbait desberdina identifikatu dute, eta jendeari asko kostatzen zaio desberdina dena onartzea. Dena sailkatu behar dutenez, eta ez garenez sartzen buruan dituzten eskemetan, ematen du bizitza izorratzen diegula. Hortaz, gu izorratzen gaituzte.

Nola ulertzen duzu zuk botere borondatea?

Botere borondatea da botereak duen indar hori, esatekoa edo erabakitzekoa zer den ona eta zer txarra, eta zer den egia eta zer ez. Borondateak boterea dauka aukeratzeko zer egin dezakegun, eta parametro apetatsu batzuk asmatzen ditu gu ez sartzeko. Nietzschek sortutako kontzeptu filosofiko bat da. Hark ondorioztatu zuen errealitatea fikzioa dela egoeraren arabera, egia albo batetik bestera aldatzen delako.

Botereak historian eragina duela ere salatu duzu. Zenbat egin duzu atzera gaur egungo egoera ulertzeko?

Bizitza oso konplexua da, ikuspuntu asko baitaude; oso zaila da gizakiak nola funtzionatzen duen ulertzea. Kristo aurreko historiari erreparatu beharko genioke. Ikasteko pila bat egon arren eta lan handia izan arren, ederra da ikertzea. Ez ditugu sisteman onartuta dauden liburuak irakurri behar soilik; gehienetan, liburu horiekin ez dugu fidatu behar. Liburutegi ezezagun, zahar eta galduetan begiratu behar dugu; bazterretan geratzen diren liburuak eta testuak irakurri, hor aurkitu dezakegu-eta ofizialtasunak manipulatu ez duen informazioa.

Autodeterminazioaren eta etiketen eraginaz ere mintzatu zara. Nola sentitzen dituzu etiketak?

Ikusgaitasuna lortzeko lagungarriak dira, hitz egiten eta ikusten den guztia existitzen delako. Baina adi ibili behar dugu, botere borondateak nahi duena egin eta lortu ditugun eskubide guztiak atzera bota ditzake-eta.

Argazkia: Olaia L. Garaialde.