Gosea, kontrol sozialerako tresna

Gosea, kontrol sozialerako tresna

Estraperloaz, errepresioaz, goseaz, miseriaz eta lotsaz mintzatu da Francisco Santos ikerlaria, ‘El hambre en la posguerra en la Ribera de Tudela (1939-1951)’ bere liburuan.

Olaia L. Garaialde

«Historiarik gabekoen historia kontatu nahi nuen; gosearekin lokartzen eta esnatzen ziren horien historia». Francisco Santos Escribano ikerlari eta DBHko irakaslearenak dira hitzak. Iturri ofizialetako informazioa eta Tuterako Valle del Ebro Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuko ikasleen aitona-amonen kontakizunak jaso ditu, 1939tik 1951. urtera goseak Erriberan zer eragin izan zuen aztertzeko.

Galdetegi bat prestatu, eta batxillergoko ikasleen bidez, testigantzak jaso ditu: «36ko gerraren osteko gosea bizi izan zuen jendea hiltzen ari da, eta historia galtzen ari da, ondorioz, haiekin batera». Jasotako bizipenekin El hambre en la posguerra en la Ribera de Tudela (1939-1951) liburua sortu du, Nafarroako Memoria Institutuaren babesarekin.

Informazioa biltzen hasi zenean, Santosen xedea zen, ariketa praktiko baten bidez, ikasleek historia «hobeto» ezagutzea: «Gelan apenas dagoen denborarik dena ongi ikasteko eta barneratzeko». Bederatzi urtez egon da ikasleekin informazioa jasotzen, eta, liburuaz gain, gida pedagogiko bat ere sortu du: «Institutu batean memoria historikoa lantzeko egin daitekeen ariketa pedagogiko baten adibidea da», azaldu du.

Liburuak soilik Erriberari egiten dio erreferentzia. Hala ere, Santosek dioenez, Nafarroa osora zabaldu daiteke jasotakoa, orokorrean egoera ekonomikoa antzeko izan zelako herrialde osoan. Dena den, hirietan herrietan baino gose «handiagoa» pairatu zutela adierazi du.

Inflazioa

Goseak gizartean nola eragiten zuen ulertzeko, berriz, garai horretako merkatu sistema aztertu behar dela uste du Santosek: «Gerraren ostean, erregimenak autogestio autolitikoan oinarritutako politikak ezarri, eta Alemaniako eredu faxistari jarraitu zioten». Horren ondorioz, inongo irizpiderik gabe ezarri zituztenez prezioak, merkatuaren inflazioa eragin zuten: «Akats bat izan zen, industriak eta landak ez zutelako produzitzen». Hori dela eta, errazionamendurako txartelak sortu zituzten; familiei ematen zizkieten

txartel horiek, lehen mailako produktuak eskuratu ahal izateko. «Miseria kudeatzeko egiten zuten».

Egoera horrek eragindako miseria eta gosea arma gisa eta kontrol sozialerako tresna gisa erabili zutela salatu du Santosek: «Jendea hildakoengatik negarrez eta janari bila aritzen zen. Ez ziren gizartea aldatzen saiatzen, gosez hiltzen ari den jendeak ez duelako ahotsa altxatzen».

Ahotsik izan ez zutelako, eta iturri ofizialetatik «oso urrun» daudelako, garrantzi handia eman die Santosek ahoz jasotako bizipenei: «Iturri ofizialetan agertzen dena aitona-amonekin kontrastatzen dudanean, ez dauka zerikusirik». Esate baterako, laguntza soziala eskaintzen zuten jangelak «oso egoera zaurgarrian» zeuden familientzat ziren, eta familiako kide bakarra joan zitekeen gosea kentzera. «Falan- geak saltzen zituen jangelak erregimenaren aurpegi polita izango balira bezala, baina zaharrekin hitz egiten duzunean, kontatzen dute miseriak pasatzen zituztela eta errazioak txikiak zirela», esan du ikerlariak.

Jangelen funtzionamendua ez da gosea pairatu zutenek salatu duten gauza bakarra; estraperloaz ere mintzatu dira. «Goseak eragindako miseriak jende asko eraman zuen legez kanpo gauzak saltzera». Hala ere, Francisco Santosek kontatu du estraperloan aritzen ziren guztiek ez zutela errepresio bera sufritu: «Miseria larrian zeudenak gogor zigortzen zituzten, baina onartzen zuten pertsona jakin batzuk estraperloan aritzea eta harrokeriaz jokatzea».

Herritarren lotsa

Lana gogoz egin duen arren, Santosi zaila egin zaio informazio guztia jasotzea; batez ere, jendeari kostatu egin zaiolako bizi izandako garai gogorra kontatzea: «Batzuentzat terapia moduko bat izan arren, beste askorentzat zaila da gosea pasatu zutela onartzea, lotsa ematen dielako».

Lotsa ez da urteekin sortu den sentimendu bat, egileak azaldu duenez: «Gerraren ostean ere lotsa handia eragiten zuen gosea pairatzen zutela onartzeak». Gerra ondoko memoria hori jaso du Santosek.