Haur eskolen akordioa bete dezala eskatu diote Hezkuntzari

Haur eskolen akordioa bete dezala eskatu diote Hezkuntzari

Nafarroako 0-3 Plataformak epeak zehazteko exijitu du, ziklo horren egoera «duintzeko». Europako ratioa halako bi da herrialdekoa.

E. Elizondo

Nafarroako 0-3 Plataformako kideak karrikara atera dira, iazko irailean ziklo horren inguruan onartutako akordioa bete dezatela eskatzeko. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta EH Bilduk sinatu zuten akordioa. Testuan jaso zuten, bertzeak bertze, haur eskola guztiak kudeatzeko eredu bera eta bakarra ezartzea, eta Europako ratioetara hurbiltzeko urratsak egitea.

Europak gomendatzen du 0-1 urte bitarteko lau ume izatea, gehienez, hezitzaile bakoitzeko, 1-2 urte bitarteko sei ume, eta 2-3 urte bitarteko zortzi. Nafarroan, kopuru horien bikoitza dute haur eskolek.

“Ratioena gure lehentasun nagusietako bat da”, azaldu du Nafarroako 0-3 Plataformako kide Eider Gardek. Hori betetzeko, eta akordioa garatzeko, epeak zehazteko exijitu diete haur eskoletako kideek sinatzaileei. Urriaren 12an, hain zuzen, Iruñean karrikara atera ziren protesta egitera, eta Aste Santuko prozesio bat irudikatu zuten, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren egoitzatik —San Domingo aldapan— Nafarroako Parlamenturaino. “Karrikan egon behar dugu ikus gaitzaten”.

Plataformako kideek oroitu dute “aspalditik” ari direla 0-3 zikloa “duintzeko” lanean, eta salatu dute orain arte egindako ahaleginak “hutsean” gelditu direla. Hezkuntza Departamentuak zenbait haur eskolatan lantaldeak sendotzeko urratsa egin zuen urtarrilean, baina ez da nahikoa, Gardek nabarmendu duenez: “Laguntza hori ez da eskola guztietara ailegatu; ez da nahikoa. Ausardiaz jokatzeko garaia du Nafarroako Gobernuak”.

Greba egiteko aukera

Urriaren 12koa ez da ikasturtea hasi zenetik Nafarroako 0-3 Plataformak egindako protesta bakarra. Datozen hilabeteotan ere “karrikara ateratzen” segituko dutela erran dute plataformako kideek, eta greba egiteko aukera ere ez dute bazter utzi nahi: “Greba egiteko aukera hor dago; orain, bestelako bideak lehentsi nahi ditugu. Haur eskoletako zuzendaritzak ere lanean ari dira Nafarroako Gobernuak akordioa bete dezan”. Bilera eskatu dute, hain zuzen, 0-3 zikloko arduradunekin. Bideak zer ematen duen ikusi nahi du plataformak.