Izenik gabeko tokien xarma

Izenik gabeko tokien xarma

Eduardo Blanco Mendizabal argazkilariak Corellan duen baratzetik kilometro batera dagoen biodibertsitatea irudi bilakatu du; liburu batean jasotzeko proiektua hasi du.

Edurne Elizondo

Legez babestuta ez dagoen eremu bat; izenik eta osperik gabea; atentzioa ematen ez duten horietakoa. Halakoxea da Eduardo Blanco Mendizabal argazkilariak (Corella, 1977) bere azken proiektuan nabarmendu nahi izan duena: 1 km de biodiversidad (biodibertsitatea kilometro batean) izenburuko lana prestatzen ari da, bere baratzetik kilometro batera dagoen bioaniztasunari buruz. Kilometro bateko tarte horretan aurkitu duen faunari eta landareei egin dizkie argazkiak, eta diru bilketa publiko bat hasi du Verkami plataformaren bidez, irudi guztiak liburu batean jasotzeko.

“Argazkilariak sortzen du, erakusten dituen irudien bidez, toki jakin bat bisitatu nahi izateko beharra”, erran du Blancok. Eta, oraingoan, natura argazkilariak etxe ondoko espazioari eman nahi izan dio balioa: “Etxe ondoan dugun toki horretan lan egiten badugu babestutako naturagune batean ariko bagina bezala, etxe ondoko horrek duen interesa uzten dugu agerian”.

“Naturagune babestuak irla bilakatu ditugu, eta inguruko guztia suntsitu; abandonatu ditugun espazio horiei ere egin behar diegu so, horiek ere balio handikoak direlako”, nabarmendu du.

Ikastaroak eta sariak

Eskarmentu handiko natura argazkilaria da Blanco; Nafarroan, Urbasan eta Iratin egiten ditu ikastaroak, bertzeak bertze, eta, hemendik kanpo, Alaskan, Kroazian, Marokon eta Mongolian egin du lan, bertze herri anitzen artean. Lan horrek sari anitz jaso ditu, gainera: 2019an, GDT Europako Urteko Natura Argazkilaria saria eman zioten.

Blancok pandemia garaian abiatu zuen bere baratzearen inguruko bioaniztasunari buruzko argazkiak egiteko proiektua. “Bakarrik egon nintzen konfinamendu garaian; baratzera ateratzeko baimena eman zigutenean, aplikazio bat sortu zuten, kilometro bat baino gehiago ez urruntzeko. Nik aplikazio hori erabili nuen, baratzea erdigune gisa hartuta, kilometro batean zegoen biodibertsitatea lantzeko”.

Espazio mugatu horretan, hamaika animalia eta landare aurkitu ditu Blancok: basurdeak, orkatzak, kastoreak, igarabak, azkonarrak, hamaika espezieetako hegaztiak… “Bizilagunekin hitz egiten nuenean egiten ari nintzen lanaz, anitz harrituta gelditzen ziren, ez zutelako uste inguruan hainbertze animalia bizi denik”, kontatu du. Gozatu du, bereziki, kastoreen irudiekin, “animalion inguruko material gutxi zegoelako”.

Garbi erran du ez duela kilometro batean bizi diren espezieen zerrenda bat osatu nahi izan; ez du Corellako animalien inguruko gida bat osatzea helburu hartu: “Kilometro batean dagoena erakutsi nahi izan dut”.

Erakusteko moduak ere badu garrantzia, Blancok beti bilatzen baitu “argazki ahalik eta artistikoenak” egitea: “Kontua ez da erakutsi nahi dudan hori desitxuratzea, baina bai animalia baten fitxa huts bat ez egitea. Begiradan dago natura argazkilariaren lana eta ofizioa”.

Lan horrek Alaskara eraman zuen irailean, eta orain, urrian, Iratiko basoan ariko da udazkeneko irudien bila. Bi ikastaro eginen ditu datozen egunotan: lehendabizikoa, urriaren 25etik 27ra; eta bigarrena, hilaren 27tik 29ra. Azaroan, Nafarroan jarraituko du Blancok lanean, bertze ikastaro bat eginen baitu azaroaren 3tik 5era, Urederrako iturburuan eta Urbasako mendilerroan. Argazki baten atzean dagoen lana erakutsiko du, bertzeak bertze. Klik egin baino gehiago behar baita argazkilari izateko.