Beldurraren topografia

Beldurraren topografia

Marta Romanek eta Begoña Pernasek ‘Gauez ibiltzeko eskubidea’ izenburuko ikerketa egin dute, Iruñeko Udalak eskatuta. Nabarmendu dute oraindik joera dagoela gauez ibiltzen diren emakumeak sexualitatearekin lotzeko.

Edurne Elizondo

Auzi konplexu bat” dela erran du, bertze deus baino lehen; segurtasunari buruzko gogoetan sakondu ahala, “paradoxak agerian” gelditzen direla: “Arazo bat dugu segurtasuna deliturik ezarekin lotzen badugu”, nabarmendu du Marta Romanek (Madril, 1962). Geografoa da, eta Gea21 ingurumen eta gizarte aholkularitza etxeko sustatzailea, Begoña Pernasekin (Madril, 1962) batera. Gauez ibiltzeko eskubidea izenburuko ikerketa egin dute biek, Iruñeko Udalarentzat.

Romanek eta Pernasek gauez ibiltzen diren emakumeak jarri dituzte euren ikerketako erdigunean. Iaz egin zuten, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun Sailak eskatuta. Udalak ez du aurkeztu, baina bere webgunean jarri du. Ikerlariek ia ehun pertsona elkarrizketatu dituzte, eta gauez kalea hartzen duten emakumeek sentitzen duten beldurraz, sortzen diren gatazkak kudeatzeko duten gaitasunaz eta bizi duten arriskuaz egin dute gogoeta. Egileek nabarmendu dute oraindik ere joera dagoela gauez ibiltzen diren emakumeak sexualitatearekin lotzeko; zalantzan jartzen dela oraindik ere emakumeek gauez ibiltzeko duten eskubidea.

“Beldurraren topografia moduko bat egin dugu Iruñean”, erran du Romanek, Pernasekin batera ondutako lanari buruz; Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak antolatutako jardunaldi batean aurkeztu du topografia, hiriburuan, urriaren 21ean. Romanek garbi utzi du norberak gizartean duen tokiak baldintzatzen duela segurtasunaz edo beldurraz duen pertzepzioa, eta auzi horiek sexuarekin, arrazarekin edo klase sozialarekin gurutzatzen direnean, ustez segurtasunaren aldekoak diren neurriek kontrakoa ekar dezaketela. “Auzi konplexu bat da”, berretsi du.

Izan ere, emakume anitzek gauez ibiltzeari uko egiteko arrazoiek karrikan egiten dizkieten begiradekin, esaten dizkieten hitzekin edo bizi dituzten egoerekin dute lotura, Romanek nabarmendu duenez; hau da, “delitutzat hartzen ez diren jokabide edo egoerekin”, zehaztu du ikerketaren egileak. Aldi berean, Romanek azpimarratu du sexu erasoekin lotutako delitu anitz ez direla salatzen. “Ezezagunek egindako sexu erasoak salatzen dira, batez ere; anitzez ere gutxiago salatzen dira eremu pribatuan ezagun batek edo bikotekideak egindakoak”, erantsi du.

Beldurra eta kontrola

Romanek eta Pernasek datuak aztertu dituzte ikerketa osatzeko, informazio osoa ematen ez dutela jakinda, baina, batez ere, elkarrizketak egin dituzte, jakiteko emakumeek zer pertzepzio duten segurtasunari buruz. “Beldurraren topografia moduko bat da lortu dugun emaitza. Topografia horretan emakumeek toki jakin bat dute espazio sozialean, segurtasunari buruz duten pertzepzio horren eta hartzen dituzten arriskuen arabera”, azaldu du Romanek.

Topografiak, beraz, zenbait emakume taldek osatutako mapa bat jarri du mahai gainean. Emakume talde bakoitzak errealitate bat utzi du agerian, klaseak, arrazak, sexu orientazioak, jarduerak, auzoak eta bertze hainbat auzik baldintzatuta.

“Anitz harritu gintuen”. Horixe erran du Marta Romanek, ikerketak klase ertaineko emakume profesionalek osatutako taldearen inguruan agerian utzi duenari buruz. “Baliabideak dituzten emakumeak dira, eta haietako anitzek begirada feminista bat izan dezakete; emakume horiek, baina, ez dute Iruñea hiri segurutzat jada. Harrigarria da hori, Iruñea, berez, hiri segurutzat har baitezakegu”, erran du Romanek.

Zehaztu du emakume horiek azken hamarkadetako gizarte aldaketekin lotzen dutela ustezko segurtasunik eza. “Migratzaileak bizi diren auzoekin lotzen dituzte arriskuak, anitzetan”.

Emakume horiek alabei gerta dakienagatik sentitzen dute beldurra, batez ere, Romanek nabarmendu duenez. “Beldurrak agerian uzten du, gainera, amatasuna ezartzeko bertze modu bat”. Gizartean gertatu diren aldaketa demografikoak aipatu ditu Romanek: “16 urtetik beheitiko herritar gutxiago dago 65 urtetik goitikoak baino. Haur anitz dira seme edo alaba bakar. Haurren hazkuntza pribatizatu egin da, eta horrek aldaketak ekarri ditu”.

Egoera horren ondorioetako bat da familiek kontrol zorrotza ezartzen dietela nerabeei; batik bat, emakumeei. “Ama horiek euren alaben eskubideak urratzen dituen kontrola ezartzen ari dira, sakelakoaren bidez lokalizatzen baitituzte, eta haien mezuak irakurtzen baitituzte. Bikotekideak hori eginen balu, indarkeria matxistaren sintomatzat hartuko genuke”.

Kontrolak badu bertze ondorio “arriskutsu eta larri” bat, Romanen hitzetan. “Emakume gazte horiek maitasuna kontrolarekin lotzen ahal dute. Amek sentitzen duten beldurrak alabak kontrolatzeko zilegitasuna ematen diela onartzen ari gara, eta hori hagitz larria da. Auzi horri buruz gogoeta egin beharko genuke”.

Kontrola ezartzen duten ama horien alabekin ere mintzatu dira ikerketaren egileak; 14 eta 15 urte bitarteko eskola bateko nerabeekin egin dituzte zenbait saio, hain justu: “Karrikan ibiltzen dira; kaleko jazarpenari aurre egin behar diote, anitzetan, baina harreman intimoen esparruko indarkeriaz hitz egin zuten emakumeek, batez ere. Etxean kaleko arriskuez ohartarazten dituzte, erraten diete karrikan kontuz ibiltzeko, baina harreman intimoak nola kudeatu ez dakite. Nahasita daude”.

Bertze errealitate bat da gauez lan egiten duten emakumeena. Taxi gidarien, zerbitzarien eta garbitzaileen hitzak eta esperientziak jaso dituzte Romanek eta Pernasek, bertzeak bertze. “Lanean ez dute beldurrik sentitzen, gatazkak izan arren. Egoera horiek kudeatzeko gai ziren emakume horiek”, kontatu du Romanek. Gauzak aldatzen ziren, halere, laneko uniformea kendu eta emakumeok etxera itzultzen zirenean: “Lanean, ziren tokian egoteko zilegitasuna sentitzen zuten; etxera bueltan, berriz, emakume gisa, beldurra sentitzen zuten, andreek gauez karrikan ibiltzeko duten eskubidea zalantzan jartzen duen arau sozialaren aurka ariko balira bezala”.

Emakume migratzaileak

Romanek eta Pernasek egindako ikerketak bertze talde bat identifikatu du: emakume migratzaileena; haientzat beldurra sentitzea luxu bat da, ikerketak azaldu duenez. Ordutegirik gabe egiten dute lan anitzek, zaintzaren eta garbiketaren esparruetan. “Garraio publikoa martxan ez denean mugitu behar izatea arazo bat da haientzat; bertze bat, berriz, lana eta familiaren zaintza uztartzea”.

Sarerik ezak eragiten ditu emakume migratzaileon lana eta familia uztartzeko zailtasunak, hain zuzen. “Anitzetan, seme-alabak hurbilekoak ez diren pertsonekin utzi bertze erremediorik ez dute”, erran du Romanek. Emakumeontzat lana eta familia uztartzeko bideak bilatzeko beharra nabarmendu du: “Emakumeokin hitzartu behar dira behar dituzten irtenbideak”.

Prostituzioan aritzen diren emakumeak eta etxerik ez dutenak osatzen dute Pernasek eta Romanek egindako topografiako bertze talde bat. “Iruñeko kaleetatik ia desagertu egin dira prostituzioan aritzen diren emakumeak; klubak ere ixten ari dira. Prostituzioa, batez ere, etxebizitzetan gertatzen da, eta, ondorioz, kontrol sozialerako aukera gutxiago dago, eta arriskua handitu egiten da emakumeontzat”.

Karrikan bizi diren emakumeei buruz, Romanek azpimarratu du andreok kalera eraman dituzten egoerek lotura zuzena dutela sexu abusuekin edo indarkeria matxistarekin. “Kontsumo eta menpekotasun arazoak garatzen dituzte kasu anitzetan, eta, ondorioz, ez dituzte hartzen indarkeria matxista sufritu duten emakumeak artatzeko zerbitzuetan. Zerbait egin behar da, emakumeon taldea baita arrisku gehien duena”.

LGTBI kolektiboko gazteen taldea da Pernasen eta Romanen topografiak zehaztu duen azkena. “Familiaren eta lagunen babesa galtzen dute anitzetan; anitz sufritzen dute. Garbi dut haiei esker hobeki ulertuko dugula aldatzen ari den egungo mundua”, dio Romanek.

 

GAKOAK

Marta Romanek eta Begoña Pernasek Iruñean garatzeko zazpi proposamen egin dituz- te euren lanean.

1. Aldaketa soziala udal politiketan txertatu. Segurtasunik eza migratzaileekin lotzeko joeraren aurka egin nahi dute ikerketaren egileek. Joera horrek migratzaileak arriskuan jartzen dituela nabarmendu dute. Uste dute udal politikek egungo gizarte askotarikoari erantzun behar diotela.

2. Krisian diren auzoak suspertu. Estigmatizatutako edo krisian diren auzoak suspertzeko eskatu dute ikerketaren egileek; bertzeak bertze, dendariak laguntzeko neurriak pro- posatu dituzte.

3. Saretzea bultzatu. Gizarteak bazter utzita- ko sektoreek zailtasu- nak dituzte saretzeko. Egoera horri aurre egin nahi diote ikerketaren egileek, hirigintzan eta hiriko horniduran era- ginez. Zerbitzuak benetan herritar guztien eskura jartzeko eskatu dute.

4. Kontziliazioa sustatu. Gauez lan egiten duten emakumeen kontziliazioa errazteko eta segurtasuna indartzeko neurriak proposatu dituzte: garraio publikoa eta zaintza zerbitzuak egokitzea, bertzeak bertze.

5. Gaua eta karrika denentzat. Ikerketaren egileek uste dute herritar orok duela gauez eta karrikan ibiltzeko eskubidea. Ondorioz, garbi dute auzo biziak izateko «gatazka jazartzeari utzi» behar zaiola. «Gauza bat da indarkeria, eta bertze bat, gatazka».

6. Sexu indarkeriari buruzko ikuspegia. Egileek nabarmendu dute arrisku nagusia arlo pribatuan dagoela. Kaleko jazarpenari aurre egin behar zaiola uste dute, halere, baina ema- kumeak kaletik urruntzen dituzten mitoak elikatu gabe.

7. Sexu heziketaren beharra. Arlo pribatuko egoera horretan eragiteko, sexu heziketa funtsezkoa dela iritzi diote egileek. «Gazteak munduan kokatzen lagundu behar ditugu».

Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak egindako jardunaldian Ana Burgos antropologoak ere parte hartu zuen. Berria-n Ion Orzaiz kazetariak egindako elkarrizketa.