Paula Kasares, Gemma Sangines eta Rosa Ramos adituak hizkuntza sozializazioaz aritu dira Topaguneak antolatutako ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ egitasmoko jardunaldi batean.
Edurne Elizondo
Igandean amaituko da Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatu duen Haurren aurrean, helduok heldu izenburuko egitasmoa; helburu du helduen hizkuntza praktikak aldatzea eta euskararen erabilera sustatzea. Iruñean egin dute —urriaren 19an— egitasmoaren barruko lehen saioa: helduek umeen hizkuntza sozializatzeko prozesuan betetzen duten rola aztertu dute jardunaldi batean, haurrei eta gazteei tresnak emateko euskal hiztun erosoak izan daitezen.
Paula Kasares, Gemma Sangines eta Rosa Ramos adituek hartu dute hitza Kondestablearen jauregian egindako saioan. Hizkuntza sozializatzeko prozesuan helduak haur eta gazteen eredu direla nabarmendu dute hirurek, eta, ondorioz, helduei eragitea dela zeharka haurren hizkuntza ohituretan eragiteko modu bat; etxean edo eskolan ez ezik, haurrak helduekin partekatzen dituen gainerako espazioetan ere bai.
Testuinguruak duen garrantzia agerian utzi du Paula Kasares soziolinguistak (Iruñea, 1969). “Haurrak testuinguru jakin batean ikasten du euskara; ez da berdin Leitzan edo Burlatan; gurasoak euskaldunak diren etxe batean edo euskara entzuten ez den bertze batean. Hizkuntzaz jabetzea ez da kode linguistiko bat ikastea bakarrik; kode hori erabiltzeko jakintza soziala ere barneratzen du haurrak”
Testuinguru elebidun edo ele anitzetan, haurrek hizkuntzak balio, pertsona eta espazio jakin batzuekin lotzen dituztela erantsi du Kasaresek; hau da, garbi dutela norekin, non eta noiz egin behar duten hizkuntza batean edo bertzean. “Hizkuntzen arteko asimetria sozialaz ere jabetzen dira”.
Hori kontuan hartuta, Kasaresek garbi du hagitz garrantzitsua dela haurrek helduen hizkuntza portaerak ikustea eta ikastea, eta inportantea dela”aktibazio soziala”. Agerian utzi du, gainera, “euskararen alde aktiboki jokatzeak sortarazten dituen emozioak kudeatzeko beharra”.
“Haurrak euskaraz aditzeko eta aritzeko aukera nahikoak eta askotarikoak behar ditu eroso jarduteko”, nabarmendu du Kasaresek. Azaldu du hizkuntzaren transmisioa ez dela bakarrik goitik behera gertatzen, ez dela etxera mugatzen, eta ez dela bakarrik familian gertatzen. “Haurrak zuzenean egiten zaizkion komunikazioen bidez eta bere inguruan helduek euren artean egiten dituztenen bidez ikasten du hizkuntza eta haren arau soziala”.
Gemma Sangines psikologoa da (Bilbo, 1970), eta psikologiatik heldu die hizkuntza sozializazioaren ingurukoei, hain zuzen. “Asertibo” izateko beharra jarri du erdigunean. Hori lortzeko bidean, aurreiritziak eta ohiturak aipatu ditu Sanginesek “barneko muga” gisa. Psikologoak erran du pertsona jakin batzuekin erdaraz egiteko ohitura izan dezakeela norbaitek. “Automatismoa da ohituren arazo nagusia”, azaldu du. Joera automatiko horri aurre egiteko, aurreiritziak eta ohiturak zalantzan jartzeko ariketa egin behar dela erantsi du.
Barneko mugei ihes egiteko, hain zuzen, hiztun asertiboa izatea da irtenbidea, Sanginesen hitzetan: “Hiztun asertiboa da bere hizkuntza eskubideak ezagutzen dituena eta bere hizkuntza erabiltzen duena; hori eginen du besteak errespetatuz eta eroso sentituz”.
Harremanak eraikitzeko
Kasaresen hitzekin bat egin du Sanginesek, eta garbi du helduek eredugarri izan behar dutela haur eta gazteentzat. Bertze balio bat erantsi du psikologoak, eta nabarmendu du “garrantzi handikoa” dela: “Koherentzia”. Euskaraldia jarri du adibide, koherentziaren garrantzia azaltzeko. “Aho bizi txapa jartzen baduzu, hartzen duzun konpromisoa bete behar duzu; bestela, hobe da ez jartzea”.
Rosa Ramos soziolinguistak (Iruñea, 1966), berriz, harremanen esparruarekin lotu du bere hitzaldia. Garbi du gazteen artean gaitasunik eza eta erabilera “arazo” direla, egun, eta konponbidea eman behar zaiola: “Kontua da inertziaz jokatzen dugula, eta garaia dela gauza ezberdinak egiteko, konponbide horren bila”, adierazi du.
Ramosek nabarmendu du komunikazioaren funtsezko funtzioa dela harremanak eraikitzea eta ehuntzea. “Batzuetan, haurrei euskaraz egiteko eskatzen diegunean, eskatzen diegu harremanak eraiki ditzatela nahiko tresna kamuts batekin; erosotasunari eta eraginkortasunari uko egiteko eskatzen diegu”.
“Haur eta gazteen ahozko gaitasuna erdigunean jarri behar dugu; hezkuntzako ibilbide osoan landu behar da”, erran du Ramosek, eta garbi du gazteek tresnak ere behar dituztela euskara erabiltzen dutenean senti dezaketen ezerosotasuna kudeatzeko. “Gune seguruak behar ditugu erabiltzeko eta ikasteko”, berretsi du.