Iritzia: Mairuak eta kristauak

Iritzia: Mairuak eta kristauak

Laura Penagos Rodriguez

Irun?eko Udalak Alcoiko Mairuak eta kristauak desfile kolosala ekarri zuen hiriko karrika nagusietara joan zen urriaren 7an. Hausnarketarako hainbat kontu etorri zitzaizkidan burura aldi berean tupustean, alajaina. Balio dezala testu honek horietako batzuk nire buruan sikiera ordenean jartzeko!

Lehenengo eta behin, ze estetika falta! Noren aholkua jarraitzen dute? Hainbeste luma, hainbeste turbante, hainbeste ezkata distiratsu, hainbesteko urre kolore. Ez dut uste garai hartan horrelako jazkerarik erabiliko zutenik gerrarako. Ez nekien Rey Leon musikalaren kopia txarra ikusten ari nintzen edo Gladiator filmaren errepresentazio penagarria.

Beste alde batetik, kreatibitate eskasekoa iruditu zitzaidan. Mairuen gaineko garaipena hainbeste fikzionatu dutenez, zerbait epikoagoa espero zitekeen, nire ustez. Dantza pirriko bat, behintzat? Greziako gerra-dantza zaharrena da. Beren arma eta burdin jantziekin zarata eginez dantzatzen zuten, eta gerrako kolpe-mugimenduak imitatzen zituzten, alde batera erortzeko, atzera egiteko, jauzi egiteko, jarrera oldarkorrak… Oso zeremoniala zen, eta heriotzarekin lotutako esanahiak zituen.

Baina ez… Nolako jantziak… Eta batez ere nolako mezua, ezkutatzen dituen gauzak, desitxuratuta eta gordeta, kultur jarduera artistikoaren mozorroa jantzita. Baina ez, ez da kultur jarduera artistikoa. Badakigu zer den. Zezenak torturatzea eta akabatzea kultura ez den bezala, ez, ez da hori. Badakigu zer den. Zer esanahi du desfile horrek? Zer uste dugu dela inperio bat? Hollywoodek erromantizatutako ideia jaso dugu inperioez, portaera heroikoa eman die bere filmeen bidez inperioen prozesu kolonialistei; bortxaketak, sarraskiak, esklabotasuna, jazarpenak, pobrezia. Zenbat eta zenbat kultura lurperatuta betiko.

Baina ez da pasadizo hutsa, ez da gauza arin bat, ez da ospatzeko deus, ez da harrotasuna sentitzeko ezer ez. Lotsa sentitzeko da. Herri bat beste herri bat suntsitzen bere aberastasunaz jabetzeko. Abya Yalarekin gertatu zen bezala.

Ustez patriotikoak diren ekintza horien ondorioz, herri zapalduari gelditzen zaion gauza bakarra arrazismoa, gorrotoa, enpatia falta, injustizia, axolagabekeria eta lelokeria da. Besterik ez. Eta bide korapilatsu horretan etsaiak jaiotzen dira; mairuak, latinoak, beltzak, ijitoak…

Baina tamalez, udalaren jarrera ez da harritzekoa; lehenagotik bagenekiena erakusten du: alde batetik, arrazakeria instituzionala, eta bestetik, Espainiako Estatua historikoki beste herrialde batzuk zapalduta eraiki dela.

Horretaz gain, agerian gelditu da, enegarrenez, estatu horretan frankismoa alfonbrapean gordeta dagoela, deus gertatu izan ez balitz bezala, eta erakundeek ez dutela egiten oroimen historikoa berreskuratzeko benetako prozesurik; horrelakorik berriz ez gertatzeko bermerik ere ez dute ezartzen.

XVII. mendean on Kixote Mantxakoak esaten zuen jada: “Hiru erraldoiren aurka borrokatzen naiz, Santxo: beldurraren aurka, injustiziaren aurka eta ezjakintasunaren aurka”.