Nafarroako Gobernuak joan den urtarrilean abiatu zuen uteroko lepoko minbiziari aurrea hartzeko programa. Maria Ederra da arduraduna; gutuna jaso dutenak parte hartzera deitu ditu.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuaren Iruñeko egoitzan du bulegoa Maria Ederrak (Iruñea, 1962). Uteroko lepoko minbiziari aurrea hartzeko programako arduraduna da. Urtarrilean abiatu zuten, eta, orain arte, bi minbizia kasu baieztatu dituzte. Giza papilomaren birusaren aurkako txertoak duen garrantzia nabarmendu du.
Kanpaina bat egin berri duzue uteroko lepoko minbiziari aurrea hartzeko programan parte hartzera deitzeko. Zer moduz?
Programa urtarrilean jarri genuen martxan. Kanpainaren bidez, nabarmendu nahi izan dugu garrantzitsua dela parte hartzea.
Zehazki, nor deitu duzue parte hartzera?
35 eta 65 urte bitarteko emakumeak. Kontua da proba bost urtero egiten dela, eta, ondorioz, 35 urterekin hasten direnei bigarrenez 40 betetzen dituztenean eginen diegu, adibidez. 35-65 adin tarte horretako emakumeak, beraz, pixkanaka sartuko dira programan.
Zuzenean deitzen dituzue?
Programa urtarrilean jarri genuen martxan, hilabete horretan jaiotakoekin. Gutun bat bidaltzen diegu etxera, eta bi aukera ematen dizkiegu: batetik, lagina etxean hartzea eta osasun etxean uztea; eta, bertzetik, gure egoitzara etortzea, proba guk egiteko.
Zenbatek hartu dute parte?
Orain arte, 17.000 hartu ditugu; hau da, %65 inguruk parte hartu dute, baina gehiago izatea nahi dugu, noski. Finean, oraingo programak modu antolatu batean heldu nahi dio uteroko lepoko minbiziaren kontuari. Horrek ez du erran nahi lehen deus egiten ez zenik. Programa egon aurretik ere egiten ziren probak, emakumeak haien arretarako zentroetara joaten zirenean. Arazoa da badirela ginekologoarengana inoiz joaten ez direnak.
Anitz dira?
Bai. Emakumeen %20-30 inguruk ez dute ginekologoarengana joateko ohiturarik. Eta horiek dute arta ditzagun behar handiena, hain zuzen ere.
Aipatu duzu lagina etxean hartzeko aukera dutela programan parte hartzen dutenek. Zer proba egiten diezue, zehazki?
Orain arte, emakumeen arretarako zentroetan, zitologia egin izan dugu. Gure programan, berriz, bertze proba bat egiten dugu: giza papilomaren birusa antzemateko proba, hain zuzen ere.
Zergatik hori?
Ikusi dugulako birus hori dutela urteroko lepoko minbizia izan duten emakumeek. Proba egin eta gero, emakume batek birusik ez duela baieztatzen badugu, badakigu ia ziurtasun osoz ez duela umetoki lepoko minbizia izanen.
Minbizia dagoenean, beraz, birusa ere badago? Eta alderantziz?
Minbizia garatzen da birusa dagoelako, baina birusa izateak ez du erran nahi, inondik inora, minbizia izanen duzula.
Zerk eragiten du, beraz, minbizia garatzea?
Birusa behin eta berriz agertzen denean garatu dezake minbizia. Hau da, behar da hainbat urtez izatea birusa. Emakume gehienok gure bizitzako uneren batean badugu birus hori; %80k, hain zuzen ere. Gehienetan, gure gorputza bere kabuz garbitzen da, nolabait erranda. Birusa behin eta berriz hartzen duenak, beraz, aukera gehiago izanen du minbizia garatzeko. Sexu bidez kutsaturiko gaixotasun bat da giza papilomaren birusa
Proba egin eta gero, zer urrats egiten dituzue zuen programan?
Birusa duten emakumeei zitologia bat egiten diegu. Zitologiaren bidez ikusten badugu umetoki lepoa min emana dutela, behar diren gainerako probak egiten dizkiegu, diagnosi bat lortu arte. Orain arte parte hartu duten 17.000 pertsonatik %4k zuten giza papilomaren birusa, eta, denera, bi minbizia kasu baieztatu ditugu.
Orain giza papilomaren aurkako txertoa ere badago. Lagundu du?
Bai, anitz. Lehen mailako prebentzio neurri hagitz garrantzitsua da. Hamabi urterekin hartzen dute neskek. 1992an jaiotakoak izan ziren txertoa hartzen lehenak. Aurten, gainera, 12 urteko mutilak ere hasi dira txertoa hartzen. Txertoa hartu dutenek, noski, anitzez ere arrisku txikiagoa izanen dute birusa hartzeko.
Hasieran eztabaida piztu zen txertoaren inguruan, ezta?
Bai; hainbat guraso ez ziren txertoarekin fiatzen. Sexu bidez kutsaturiko gaixotasun baten kontrako txertoa zen, eta guraso anitzek ez zituzten 12 urteko euren alabak sexuarekin lotu nahi. Gaur egun, halere, %87k baino gehiagok hartzen dute txertoa.
Sexu bidez kutsaturiko gaixotasun bat izanda, sexu heziketa ere garrantzitsua da?
Funtsezkoa da gure seme-alabak hezitzea sexualitate osasuntsu bat izan dezaten. Sexu bidez kutsaturiko gaixotasunek gora egin dute, eta hori hagitz kezkagarria da. Sexu heziketaren esparruan jarri behar dugu indarra. Kontua ez da beldurra eragitea, baizik eta ardura nabarmentzea.
Hori da programaren xedea?
Gutuna jaso dutenei parte har dezatela eskatu nahi diet. Hartu behar dugu prebentziorako ohitura bat, eta programa honek hori egiteko aukera ematen digu.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.