Kultura astronomikoa sustatzeko asmoz sortu zen Iruñeko Planetarioa, duela 30 urte. 1993ko azaroaren 26an inauguratu zuten. Egindako bidea azpimarratu du Javier Armentia astrofisikari eta planetarioko zuzendariak.
Olaia L. Garaialde
“Uste nuen pare bat urtez egonen nintzela Iruñean, baina, azkenean, ez naiz joan”, esan du, harrituta, Javier Armentiak (Gasteiz, 1962). Astrofisikaria da, eta Iruñeko Planetarioko zuzendaria. 30 urte bete ditu planetarioak —1993ko azaroaren 26an inauguratu zuten—, eta bidean egindako lana nabarmendu du Armentiak.
30 urte bete ditu Iruñeko Planetarioak. Zer moduz?
Jakin-min handiarekin sortu genuen planetarioa, Nafarroan, eta, oro har, Euskal Herrian ez zegoelako kultura astronomikorik. Horregatik, ez genekien ongi zer egin, eta erabaki genuen aztertzea nola egin zientzia bereziki interesgarria ikasleentzat.
Zerk ahalbidetu zuen tradizio astronomikoa sortzen hastea?
Zientzia zentro gehienak 1990eko hamarkadaren bueltan sortzen hasi ziren, trantsizioak modua eman zuelako agendan zeuden gaiak zabaldu ahal izateko. Zorionez, administrazio publikoek kultura zientifikoaren aldeko apustua egin zuten. Hala ere, babesak ez zuen asko iraun, ez zirelako askoz zentro gehiago sortu. Baina horrek lagundu zuen ulertarazten zientziak presente egon behar duela hirietako kultur agendan.
Zer harrera egin zion jendeak planetarioari?
Iruñean eskari handia zegoen, ez baitzegoen areto handi bat kultur ekitaldiak egiteko. Gaiarre antzokia zegoen, baina, oso ongi egon arren, txikia zen, eta Baluarte hamar urte geroago sortu zuten. Jendeak hasieran ez zuen federik proiektuan, eta ez zuen ulertzen zergatik behar genuen planetarioa. Batzuek uste zuten bi urteren ostean desagertuko ginela, baina, zorionez, guztira bost milioi pertsona egon dira planetarioan.
Zientzia ikasteko leku bat izateaz gain, gogoetarako espazio bat ere izatea nahi zenuten?
Ez genuen nahi soilik zientzia edo astronomia maite dutenentzako leku bat. Zientziaz, astronomiaz, arteaz eta literaturaz gozatzeko espazio bat izatea nahi genuen. Horregatik, unibertsoa bezala, kolorez eta zaporez beteriko eskaintza bat sortu nahi genuen. Ahalik eta zientziarik hurbilena egin nahi dugu planetarioan; bideo sorkuntzak egin ditugu, eta artista plastikoak, zientzialariak eta ikertzaileak ekarri.
Jende gehiago erakarri du?
Bai. Egia da, publikoaren parte handi bat ikasleak direnez, gatibu dagoen publiko bat dela. Hau da, haiek ez dute erabakitzen planetariora etortzea, baina, gero, askok asteburuetan familia osoa ekartzen dute. Anime jaialdia antolatzen dugu, eta telesailak eta filmak ekoitzi. Ikerketak ere egiten ditugu. Horrek publiko gehiago erakartzen du. Zientzia uste dugun baino garrantzitsuagoa da. Uste dugu soilik bata zuria dutenek egiten dutela zientzia, baina eztabaida sozialean dago.
Zer-nolako eztabaidetan parte hartzen du planetarioak?
Adibidez, klima aldaketaren auzian. Trantsizio energetikoaren alde egiten dugu, eta kezka handia da guretzat argi-kutsadura. 1993. urtean, hirietatik gaur egun baino askoz hobeto ikusten zen zerua. Horregatik, argi-kutsaduraren inguruko ikerketa bat egin genuen, eta lan horrekin gune ilunak sortzeko proiektu bat egin genuen.
Uste duzu zientziaren inguruan dagoen irudia aldatzen ari dela?
Jakintza eta interes handiagoa dago; hala ere, apala da oraindik. Gure helburua da gizartean zientziarekiko dugun begirada eta jarrera aldatzea. Horregatik, jarrera eta pentsamendu kritikoa garatzen saiatzen gara. Soilik zientziaren alde onak kontatzeko joera dugu, baina kontuan hartu behar dugu eztabaida zail asko ere badaudela. Guretzat konpromiso sozial bat da eztabaida horietan parte hartzea.
Zientzia hurbilagoa izan dadin, Nafarroako Gobernuarekin batera Planeta STEM proiektuan parte hartzen duzue. Zertan datza?
Ingelesez, zientzia, teknologia eta matematika esan nahi du. Helburua da DBHko eta Batxilergoko gazteentzat zientzia erakargarriagoa eta praktikoagoa izatea. Zientzia ikastea aukera bat dela pentsatzea nahi dugu, eta, batez ere, neskentzako erreferenteak sortu nahi ditugu. Zientzia oso patriarkala da, eta oso lotuta dago gauza serioak egiten dituzten gizon zurien irudiari. Horregatik, proiektuak sustatzen dituzten emakume zientzialariak, ingeniariak eta irakasleak daudela erakutsi nahi diegu.
Zer egiten dute proiektuan parte hartzen duten gazteek?
Proiektu zientifikoak sortzen dituzte. Horretarako, inguruan dagoen auzi bati erreparatu, ikertu, estrategia bat garatu eta jendaurrean aurkeztu behar dute.
Duela hamar urte, Nafarroako Gobernuak Iruñeko Planetarioaren aurrekontua %93 jaitsi zuen. Nola egin zenioten aurre krisiari?
Aurrekontu publikoetan —bereziki, hezkuntzan—, murrizketak egin zituzten. Hortaz, Hezkuntzakoek esan ziguten oso gustukoa izan arren ezin zutela planetarioarentzat dirua bideratu. Nafarroako Gobernutik 540.000 euro jasotzen genituen, eta 50.000 eurorekin geratu ginen. Oso traumatikoa eta zaila izan zen, ezin genituelako nominak ordaindu. Hala ere, Nicdo enpresa publikoari esker aurrera jarraitzea lortu genuen, langilerik kaleratu gabe. Baina, horretako, produkzio maila jaitsi behar izan genuen. Horrez gain, La Caixa fundazioa dibulgazioaren eta hezkuntzaren partea finantzatzen hasi zen. Gaur egun, oraindik zaila da egoera, kontratazio berri gutxi daudelako eta lan handia dugulako, baina motibatuta gaude, gustuko dugun lan bat egiten baitugu.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.