Erriberako Ekologistak Martxan-ek inkesta bat egin du bizikleta erabiltzen dutenen artean. Gehienek ez dituzte bideak segurutzat.
Edurne Elizondo
Tuterako txirrindulariak ez dira seguru sentitzen bizikletentzako bideetan. Horixe utzi du agerian Erriberako Ekologistak Martxan taldeak hiri horretan egindako inkesta batek. Irailean, Europako Mugikortasunaren Astea ospatu zuten Tuteran, eta Erriberako ekologistek aukera hori baliatu zuten karrikara atera eta txirrindulariei galdetzeko. Txirrindularien segurtasunaren aldeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Ekologistek bizikleta erabiltzen duten herritarren artean egin zuten inkesta, eta jasotako datuen arabera, txirrindularien %87 ez dira seguru sentitzen bidegorriak autoen bidea gurutzatzen duen tokietan. %68k, berriz, onartu dute ez direla seguru sentitzen bizikletentzako kaleetan.
“Eredu hori Madrildik ekarri du Tuterako Udalak; ez du funtzionatzen, autoen abiadura murrizteko neurririk ez baitute hartu”, azaldu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek, bizikletentzako kaleei buruz.
Gisa horretako karriketan txirrindulariak aukera du bere bidearen erditik joateko, eta autoek euren abiadura egokitu behar dute txirrindulariak ezartzen duen abiadurara. “Hori egin ahal izateko, karrika horietan autoen abiadura murrizteko bertzelako neurriak hartzen ohi dira, baina Tuteran ez dute egin. Anitzek ziklo-kale horietan ibiltzeko beldurra dute”, erran du Navascuesek.
Bidegorrietan, txirrindularientzako bideak autoenarekin gurutzatzen diren tokietan sortzen dira arazoak, Ekologistak Martxan taldeko kideak azpimarratu duenez: “Seinale gehiago behar dira; kasu horietan txirrindulariak du lehentasuna, baina auto gidari anitzek ez dute hori errespetatzen, eta gatazkak sortzen dira”.
Ekologistak Martxan taldeak garbi du azken hogei urteotan hobera egin duela egoerak, baina Navascuesek nabarmendu du oraindik ere urrats anitz badirela egiteko. “Egia da bidegorriak eraiki direla, baina ez dute benetako sare bat osatzen, ez baitaude lotuta”.
Autoari tokia kendu
Navascuesek oroitu du Tuterako Udalak hiriko mugikortasunari buruzko ordenantza berritzeko prozesua hasi zuela urte hasieran. Erriberako Ekologistak Martxan taldeak, hain zuzen, alegazioak aurkeztu zizkion udalak proposatutako testuari, eta agerian utzi zuen, batez ere, ordenantzak ez zuela autoak errepideetan eta kaleetan egun duen nagusitasuna zalantzan jartzen. Udalak tramitea hasi zuen ordenantza berria onartzeko, baina maiatzeko hauteskundeak egin eta gero, proiektu hori bazter gelditu da, eta ez dute onartu.
“Tuterako Udalak ez du mugikortasunaren piramidea iraultzeko asmorik; autoa da nagusi”, erran du Navascuesek, martxoan udala prestatzen ari zen mugikortasunaren ordenantza berriari egindako alegazioetan nabarmendutakoa oroituz.
Mugikortasun jasangarri baterako bidean urratsak egiteko, baina, “ezinbertzekoa” da autoari egun duen “espazio handi horren zati bat” kentzea. Horixe berretsi du Navascuesek.
Garbi du konponbidea ez dela bizikletak espaloietan ibiltzea. “Alderantziz, espaloiak handitu behar dira oinezkoentzat; autoari kendu behar zaio tokia, bizikletaren erabilera sustatzeko. Klima aldaketak ere gisa horretako neurriak hartzera behartzen gaitu”.
Argazkia: Erriberako Ekologistak Martxan.