Gisa horretako lehen asmo publiko-pribatua da, sustatzaileen hitzetan. Eskolamendi karbono hustuleku bilakatzea da helburua.
Edurne Elizondo
Nafarroako enpresen CO2 isuriak konpentsatzeko proiektu bat abiatu dute Lesakan, arlo pribatuak eta publikoak elkarlanean sustatuta; Eskolamendi eremua karbono hustuleku bilakatzea da asmoa. Inguru hori 2021ean erre zen, eta hainbat erakundek eta enpresak bat egin dute orain, ingurua basoberritzeko, eta, aldi berean, atmosferako CO2a xurgatuko duen karbono gordailu natural bat sortzeko.
Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak eta Lesakako Udalak bultzatu dute Eskolamendiko proiektua, eta herri horretan aurkeztu zuten, urriaren 31n. Akordioa sinatzeko baliatu zuten Lesakan egindako agerraldia. Lesakako udal agintariek eskertu dute egitasmoa abiatu izana, hain zuzen, udala ez baitzen gai, bere kabuz, Eskolamendi basoberritzeko lanei ekiteko. “Udalak ez du baliabiderik 2021eko suteak erre zuen guztia basoberritzeko; hagitz interesgarria da proiektu hau, basoa lehengoratzeko aukera ematen digulako”, nabarmendu du Lesakako alkate Ladis Satrustegik.
18.300 zuhaitz landare
2021eko suak Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko lurrei eragin zien, eta denera 1.600 hektarea kiskali zituen; haietako laurehun inguru, Lesakan. Eskolamendin ia 18.300 zuhaitz landare landatuko dituzte. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa ari da zuhaitzak landatzeko prozesua zuzentzen, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko teknikariekin elkarlanean.
Landa Garapen eta Ingurumen foru kontseilari Jose Mari Aierdik, hain zuzen, Nafarroako Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legearen garapenarekin lotu du Eskolamendin abiatutako proiektua: “Egurra bizia da gure landa eremuarentzat, eta Lesakan hasi dugunaren gisako basoberritzeek tokiko lehengai berriztagarri bat sortzen laguntzen dute”.
Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko zuzendari nagusi Francisco Fernandezek, berriz, Eskolamendin abiatu dutenaren gisako egitasmoek enpresei eskaintzen dizkieten “aukerak” nabarmendu nahi izan ditu. Azaldu du Nafarroan gutxi garatu direla, orain arte, enpresen CO2 isuriak orekatzeko proiektuak. “Euren isuriak konpentsatu eta erretako eremuak basoberritzen lagundu nahi duten enpresentzat aukera polit bat eskaintzen dute karbono hustulekuak sortzeko proiektuek”, erran du.
Lesakan hiru enpresak egin dute bat herri horretan hasi berri duten basoberritzearekin: ArcelorMittal Lesaka, Nafarroako Rural Kutxa eta Hidrorubber.
Lesakako proiektua da Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak hango udalarekin sustatu duen proiektua, baina erakunde horren asmoa da halako egitasmoak martxan jartzea herrialdeko gainerako herrietan. Egitasmoaren berri eman die udalei, karbono hustulekuak sortzeko han eta hemen. Erakunde publikoen eta enpresa pribatuen elkarlana sustatu nahi du Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak. Erakunde horrek Nafarroako enpresa publikoak batzen ditu, hain justu. Hamazazpi elkarte dira denera, eta 1.600 pertsona ari dira lanean elkarte horietan.
Argazkia: Nafarroako Gobernua.