Iritzia: Diru laguntzak, nora?

Iritzia: Diru laguntzak, nora?

Bidatz Villanueva Etxague

Han-hemenka, gobernu guztiek bezala, Nafarroakoaren diru laguntzekin herritarroi bizitza erraztea asmo duten instalazioak eraikitzen dira. Diru laguntzen burokraziak nola funtzionatzen duten jakitea artea da, eta hori ongi kudeatzea arrakastara gerturatuko zaituen dohaina. Hala, milaka euroko inbertsioarekin, bizikletentzako aparkalekuez, komun publikoez, haurrentzako jolaslekuak estaltzeko arkupeez eta abarrez goza dezakegu herritarrok.

Hirigintza izan ohi da legegintzaldietako alorrik garrantzitsuenetakoa. Herrietan, askotan, taldeek zin egiten dituzten proiektu horiengatik irabazi ahal dute; diru gehiena, gainera, eremu horrek hartzen du, eta denboran irauten duten eta herritarrontzako begi-bistakoak diren eraikinak eta guneak dira horren guztiaren ondorio.

Diru laguntzetan milaka eta milaka euro inbertitzen dira, aipatu bezalako proiektu handi eta ikusgarrietan. Europak diruz laguntzen dituen proiektuetan ehunka mila euroren fluxuaren eta erabileraren lekuko ere izan naiz; ekimen interesgarriak eta beharrezkoak izan ziren, herritarron bizitza hobetzea helburu zutenak, baina diru dezente xahutzen da nahitaezkoak izan beharko ez luketen lanetan. Aldi berean, langile eta ikertzaileek diru laguntzengatik bizirauten dute, baina askoz ere diru gutxiago ukitzen.

Diruaren kudeaketa da afera. Zein kontraesankorra den gure bizitza hobetzeko egiten diren hirigintza hobekuntzetan milaka euro inbertitzea, baina lan horiek egiten dituztenen soldatak bizitza duin eta erosoa izateko nahikoa ez izatea. Europako kooperazio proiektuak bezala, hainbeste balio aldarrikatzen dituztenak, baina ikertzaileek miseria bat kobratzen dutelarik. Bi eremu guztiz ezberdin, baina agerian uzten dutenak diruaren kudeaketaren zentzugabekeria.

Zizur Nagusian, esaterako, bi komun publiko eraiki dira. Ez naiz ni izanen horien erabilgarritasuna auzitan jarriko duena, beharbada bizilagun asko daudelako horrekin kontent. Alabaina, horretarako diru inbertsioa kontrajartzen da, adibidez, kalean bizi den jendea egoera horretatik ateratzen laguntzera edo denon ahotan dagoen osasun mentala zaintzera bidera litekeenarekin. Sufrimendu handia dago gizartean, norbanakoarena, isilean eramaten dena. Oso egoera kaxkarrean egon beharra duzu bide publikotik laguntza jasotzeko, eta horrek ere ez dizu bermatzen hitzordua garaiz iritsiko denik. Hainbeste diru ezinbestekoak ez diren lan horietan xahututa, legegintzaldi amaieran “hau eta beste eraiki dugu” harro esan eta nork bere buruari domina jartzeko. Dena den, hirigintzan bainoago, beste sail batzuk beharko lirateke diruz murriztu

Bitartean, ezinezkoa dugu herrian etxerik erosi edo alokatu, hutsik dauden pisuen kontrolik ez dago, eta espekulaziorako erosten dituztenek neurriz kanpoko preziotan jartzen dituzte merkatuan. Diru laguntzen baldintzak ez dira errealitatean eskaintzen zaigunera egokitzen, eta oso noizbehinka argitaratzen diren arrazoizko eskaintzen atzetik ibili behar dugu besteekin lehian. Baina, tira, kalean sabela libratzeko larrialdirik suertatzen bazaigu komun publiko bat izanen dugu eskuragarri.