Indarkeria

Ez da sekretu bat inorentzat: indarkeria, gudak, gatazka belikoak… negozioa dira, eta gainera monopolizatuta daude. Izan ere, tamalez, hildakoak errentagarriak dira. Gatazka batek biktimak uzten ditu, eta horrek komunikabideetako eta sare sozialetako ikustaldi kopurua igo egiten du. Eta besaulkian, etxeko egongelako epelean, informazio hori jasotzen duten askoren ezinegona ere sortzen du, sua zenbaitetan, sare sozialetan bat idazterainoko sentipena. Judith Butler AEBetako filosofoak argi utzi du: «Gerraren eta komunikabide konplizeen inguruko politikek bizitza bat beste zerbait bihur dezakete. Norbaiten bizitza ‘besteen bizitzarako mehatxua’ zela sinetsarazten badigute, bizitza horri ez diogu bizitza denik onartuko». Eta momentu horretatik aurrera, zilegi dira bizitza horren kontrako sentipen guztiak, eta ekintza guztiak. Egia da hildako batzuk beste batzuk baino errentagarriagoak direla, hau da, bizitza guztiek ez dutela prezio bera, beren balioaren arabera daude sailkatuta. Sozialki bazterturik daudenen bizitzak edota komunikabideetan agertzen ez direnenak ez ditugu ikusten, eta beraz, ez ditugu biktima moduan hartzen. Izendatzen ez direnak ez dira existitzen. Bizitza askori gizatasuna kendua zaie. Picassok Gernika margotzeko egindako marrazkiak Pandemiaren garaian gobernatzaileek, agintariek, politikariek… eskura zituzten lege eta baliabide guztiak erabili zituzten, bizitza babesteko aitzakiarekin. Giza eskubide batzuk urratzera ere iritsi ziren, «guztiaren gainetik» bizitza zegoen-eta. Garai hartan bizitzari (ustez) eman zioten garrantzia izugarria izan zen. Bizitza babesteko dena eman zuten orduan. Zergatik ez da gertatzen gauza bera gerretan? Zergatik ematen du gerrak ezinbestekoak direla gure gizarteek funtzionatzeko? Gatazka belikoa legalizatuta dago, ez dago debekatuta. Are gehiago, nazioarteko eskubide humanitarioak gatazka armatuen ondorioak mugatzeko arauak jartzen ditu, baina ez ditu debekatzen, berez hau da definizioa: «Gerraren legeak edo Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa (formalki ezagutzen den bezala) nazioarteko arauen multzo bat dira, eta gatazka armatu batean egin daitekeena eta egin ezin dena ezartzen dute. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren helburu nagusia da gatazka armatuetan gizatasun pixka bat gordetzea, bizitzak salbatzeko eta sufrimendua arintzeko, eta, gainera, gerra amaitzean berriro elkarrekin bizitzeko aukera ematea». Begiak plater. Benetan? «Gizatasun pixka bat gordetzea»? Nola da posible gudak debekatuta ez egotea? Agian inozo hutsa naiz, ameslaria eta sinplista naiz. Zer nolako gizarteren parte gara? Zer gizarte era eraiki dugu? Gerraren helburua etsaia erabat suntsitzea da, hori gauza jakina da, eta ez da nolanahiko kontua. Gatazka armatuak gordinak dira, basatiak. Eta gizatasuna kentzen digute. Mundu garaikidearen historia, gerren historia da. Palestinan gertatzen dena, heriotza, miseria, giza eskubideen urraketa sistematikoa, injustizia, gosea dira munduaren historia.