Euskara, aterpe bila

Euskara, aterpe bila

«Batzuek pentsatzen dutenaren kontrara, euskara ez da inondik heldu: euskara hemen zen, euskara hemen da. Eta izango da». Saioa Cresporen hitzak dira, Tuterako Argia ikastolako zuzendariarenak. Ekainaren 10ean esan zituen, Iruñean, euskarak ofizialtasuna aitortua ez duen eremu mistoaren bihotzean. Kostatu zitzaion hitzaldia amaitzea, milaka eta milaka euskaltzaleren txaloen burrunba ozenak behin eta berriro etenarazi baitzion diskurtsoa. Nafarroan euskararen alde eginiko mobilizaziorik handiena izan zen Sorionekuak egitasmoak iragan ekainean antolatutakoa.

Antolatzaileen esanetan, 10.000 pertsona batu ziren deialdira. Besteak beste, Sorionekuak manifestuarekin bat egin zuten euskalgintzako eragile nagusiek —Kontseilua, Topagunea, Behatokia, EHE, AEK, IKA—, hezkuntzaren alorreko zenbait elkartek —Sortzen, Nafarroako Ikastolen Federazioa—, sindikatuek —LAB, ELA, Steilas, ESK—, alderdi politiko batzuek —EH Bildu, Geroa Bai— eta gazte erakunde ugarik —Gazte Euskaltzaleen Sarea, Ikama, Ernai—. Horiez gain, Nafarroako hainbat herritan ere ekitaldi propioak antolatu zituzten aurreko egunetan, egitasmoarekin bat eginez.

Manifestazio bat baino askoz gehiago izan zen ekainaren 10eko deialdia. Egun osoko festa antolatu zuten sorionekuek, eta jai giroa nagusi izan zen Taconera parkearen eta Basotxo kalearen ingurumarietan: dantzaldiak, txarangak, Irulegiko eskuak egiteko tailerrak, kale animazioa, Iruñea Kantuz, Txantreako erraldoi eta buruhandien konpartsa… Crespok bere hitzaldian esan bezala, euskararen herriak erakustaldia egin zuen hiriaren bihotzean.

Saioa Crespo, Iruñeko Taconera parkean, Sorionekuak egitasmoak antolatutako manifestazioaren bukaeran. IDOIA ZABALETA / FOKU

Euskaldun eta euskaltzaleen bilkura hutsa izateaz harago, hizkuntza eskubideen aldeko aldarria ozentzeko balio izan zuen. Bere hitzartzean, Crespok mezu argia eta zorrotza bidali zien euskara «toponimia hutsa» edo «museoetan gordetzeko pieza» izatera mugatu nahi dutenei: «Euskara gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua da […]. Euskara parkeetan eta kaleetan baitago, tabernetan, gure arteko solasaldietan, eskolan, kirolean, kulturan, aisialdian; finean, gure egunerokoan dago, gure bizitzan». Euskara, miretsi bainoago, erabili egin behar dela, eta horretarako aukerak eta baliabideak behar direla aldarrikatu zuen Argia ikastolako zuzendariak.

«Nafarroa euskara da, eta euskara, Nafarroa», laburbildu zuen. «Abestian esaten zen bezala, Nafarroa euskararik gabe ez da arraroa; sorionik gabe, ez da arraroa: euskararik gabe, Nafarroa ez da». Horregatik, «eskubide berdintasuna» eskatu zuen euskaldunentzat: «Justizia soziala aldarrikatzen dugu; ez dugu merezi besteek baino oztopo gehiago». Hitzaldiaren amaieran, azpimarratu zuen euskararik gabeko Nafarroa bat ezin dela «ez ulertu, ez onartu, ezta gozatu ere», eta bertaratutako euskaltzale guztiak gonbidatu zituen «euskararen aldeko bidea batera egitera».

Eragile sozial, sindikal eta politiko ugariren babesa izanagatik, Sorionekuak egitasmoaren aldarriak ez du lortu Nafarroako Gobernuaren politikak aldaraztea. Areago: gobernuari eusten dioten taldeen arteko polemika iturri izan da hizkuntza politika aurten ere.

PSNren betoa

Maiatzeko hauteskundeen ondotik, gobernua osatzeko negoziazioei heldu zieten PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, eta hasieratik argi geratu zen sozialistek ez zutela asmorik euskararen alorrean urrats esanguratsuak egiteko. Zonifikazioa erauzteko proposamena egin zuen Geroa Baik negoziazio horietan, baina Maria Txibite gobernuko lehendakariaren alderdiak betoa ezarri zion aukera horri. Are: Euskarabidea institutua Hezkuntza Departamentuaren esku utzi nahi zuen PSNk, sozialisten gidaritzapean. Azkenerako, Geroa Baik eutsi zion erakundearen ardurari, Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren bidez. Ana Ollo izendatu zuten sail horren buru, eta Jabi Arakama, berriz, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile, Mikel Arregiri lekukoa hartuta.

Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak. IÑIGO URIZ / FOKU

Hain zuzen, Euskarabideak eta 33 toki entitatek sustatutako Euskara, ahora kanpaina da Nafarroako Gobernuak euskararen alorrean aurten jar dezakeen domina bakanetako bat. Ollo kontseilariak kanpainaren aurkezpenean azaldu zuenez, «5.000 pertsonak baino gehiagok euskara ikasten dute Nafarroan, euskaltegiak, hizkuntza eskola ofizialak eta administrazioak batzen dituen ekimen honi esker». Euskarabideak, gainera, xedetzat hartu du helduen euskalduntzea doakoa izan dadila. Aurten, inoiz baino diru laguntza gehiago eman ditu: 350.000 euro ikasleentzat —iaz baino 50.000 euro gehiago, %30eko igoera—, eta 2,46 milioi euro euskaltegientzat —iaz baino 360.000 gehiago, %17ko igoera—.

Berritasun gutxi

Helduen euskalduntzeari emaniko bultzadaz harago, ordea, urte politikoak berritasun gutxi izan ditu hizkuntza politikaren esparruan, eta iragan legealdiaren bidetik hasi da hau ere: administrazioa euskalduntzeko lege egitasmo guztiak trabaturik dira, infernu burokratikoan ez aurrera, ez atzera. Horien artean dira departamentuetako euskara planak eta Euskararen II. Plan Estrategikoa. Azken hori tiraderan sartua dago, PSNk betoa jarri baitzion. Departamentuetako euskara planei dagokienez, berriz, «legealdi honetan» onartuko dituztela esana du Funtzio Publikoko kontseilari Amparo Lopezek, baina ez du eman data zehatzik.  Plan horiek dira administrazioa euskalduntzeko tresnarik eraginkorrena, horietan zehazten baita zeintzuk diren lanpostu elebidunak: hots, euskara jakitea eskakizun gisara duten horiek.

Euskararen II. Plan Estrategikoa eta departamentuetako planak onartu gabe ditu Nafarroako Gobernuak, baina aurrerabidea eman dio merezimenduen dekretuari: horren arabera, euskara ez da meritu izanen eremu ez-euskalduneko lan deialdietan, baina frantsesa, ingelesa eta alemana bai.

Euskalgintzan haserrea eragin duen merezimenduen dekretua, berriz, aurki onartuko dute: iragan astean, balekoa eman zion Txibiteren gobernuak, eta Nafarroako Kontseilura igorri zuen, onets dezan. Lan deialdi publiko gutxi batzuetan —funtsean, Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan— euskararen ezagutzak zer pisu izanen duen arautuko du dekretu horrek. Euskalgintzak gogor kritikatu du araua, euskara ez baita meritutzat hartuko eremu ez-euskalduneko deialdietan —frantsesa, ingelesa eta alemana, ordea, bai—.

PSNren jokabidea ikusita, euskalgintzak kalera jo behar izan du aurten, botere politikoak eta judizialak euskarari ukatzen dioten aterpea aldarrikatzera. Abenduaren 15ean, esaterako, mosaikoa egin zuten dozenaka lagunek Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ofizialtasuna eskatzeko.