Nafarroako Bertsolari Txapelketak toki nabarmena izan du herrialdeko kulturaren aurtengo agendan. Urriaren 7an abiatu zen txapelketa, 24 bertsolariarekin, eta zortzi sailkatu ziren hilaren 2ko finalean aritzeko, lau final-laurden eta hiru finalaurreko egin eta gero.
Hilaren 2an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiak hartu zuen txapelketako finala. Xabat Illarregi, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Eneko Lazkoz igo ziren oholtzara, eta azken bi bertsolariak aritu ziren buruz burukoan.
Soto nagusitu zen, eta Alaitz Rekondo gai jartzaile eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiak jarri zion txapela; Sotoren seigarrena da. Bertsolariak «poztasun handiz» hartu zuen. Bertsotan segitzeko gogoz dela erran zuen txapela jantzi eta hurrengo egunetan: «Plazari zor gatzaizkio, eta asteburuero plan hori dugu. Beraz, etor daitezela etorri beharreko saioak, ni ahal bezain ongi egitera joango naiz, beti bezala».
Arbola eta LEB
Bide luzeko ekinaldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, herrialdeko kulturaren esparruan errotua. Laster amaituko den urteak, halere, uzta berriak jasotzeko aukera ere eman du, eta Iruñean eta Agoitzen kulturaren eremua astintzeko asmoz sortu diren bi jaialdi dira gogo berri horien adierazgarri.
Apirilean, 25etik 30era, Labea Laborategiak Arbola jaialdia egin zuen Iruñean. «Artea, zientzia eta natura gurutzatzen diren tokian» sortua da jaialdia, Isa Ferreira bultzatzailearen hitzetan, eta erantzun bat eman nahi izan dio klima krisiak behartutako egungo trantsizio garaiari. Erakusketak, hitzaldiak, ibilaldiak, dantza ikuskizunak, zinema emanaldiak eta bertze egin zituzten hiriburuan, Arbola jaialdiaren babespean.
Arbola jaialdiaren estreinako aldia izan da aurtengoa, eta LEB Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia ere lehendabizikoz egin dute, abenduaren 1etik 9ra, Agoitzen. Asier Andueza jaialdiko sustatzaile eta zuzendariak «kontent» hartu du jaialdiak izandako arrakasta, eta artea eta kultura hirietatik landa eremura eramateko beharra aldarrikatu.
Iruñeko Baluarte auditoriumaren inaugurazioa, 2003ko urrian. BALUARTE
Nazioarteko hainbat dantza eta antzerki konpainiak eta artistak bat egin dute Agoitzen, LEB jaialdiaren barrenean, baina herritarrek ere izan dute rol aktiboa, eta sortzaile bilakatu dira, La Perra Creaciones etxeko kideen lanari esker. Lau hilabetez aritu dira jaialdiko kideak Agoizko bizilagunekin elkarlanean, eta sortutako lau piezak jaialdian aurkeztu dituzte, herritarren aurrean. Anduezak aitortu du ziurgabetasuna dela nagusi etorkizunari begira, baina garbi du LEB jaialdi ibiltari bihurtu nahi duela, «herriak eta kultura astintzeko».
Iruñeko Baluarte auditoriuma ere, ustez, kultura astintzeko eraiki zuten, duela hogei urte. 2003ko urrian inauguratu zuten. Orduan, anitzek kezka zuten Baluarte kulturgune bizia izanen ote zen benetan. Urteotan izan duen garapena nabarmendu dute zenbait adituk, hain zuzen, baina oraindik ere sumatzen diote itzalen bat: eraikinak Ziudadelari bizkarra ematen diola berretsi dute, adibidez, eta horrek bi kultura guneen arteko elkarrizketa zaildu duela. Antzerkiarentzat eta dantzarentzat ere eskatu dute toki gehiago. Baluartek urte osoan ospatu du 20. urteurrena.