Etorkizuna ate joka du Nafarroako Volkswagenek. Aldaketa garaia da. Urte berezia izan du aurtengoa, auto elektrikora egokitzeko inbertsioa konfirmatu baitu taldeak. Horretarako, moldaketa handiak egin beharko dituzte fabrika barruan datorren urtearen erdialdetik 2026a amaitu arte, eta moldaketa horiek bete-betean eragingo dute eguneroko produkzioan. «Basamortuko zeharkaldia». Halaxe definitu du Alfredo Morales Nafarroako Volkswageneko langileen batzordeko presidenteak aurrean duten erronka, baina abiapuntu horretara iristea ere ez da batere erraza izan.
Azken batean, 2021eko abendutik VW taldeak adierazia zuen auto elektrikoaren produkzioa bere gain hartzeko konpromisoa, baina, hitzetatik ekintzetara pasatzea falta zenez, ziurgabetasun giroa antzematen zen Nafarroan. Zalantza horiek otsailaren 14an uxatu ziren, Volkswagenek 1.024 milioi inbertituko zituela baieztatu zuenean. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak taldearen egoitza nagusian egin zion ongietorria, Wolfsburgen (Alemania), hainbeste espero zen albiste hari: «Nafarroan inoiz egin den inbertsiorik handiena da». Etorkizuna ziurtatzen zuen berri hark: auto elektrikoari esker, Landabenek (Iruñea) aukera izango du egungo enpleguari eusteko, eta autogintza sektorea bultzatuko du.
Inbertsioaren berri eman eta biharamunean egin ziren hauteskunde sindikalak. UGTk eta CCOOk batzordean duten gehiengoa berretsi zuten.
Iragarpena noiz egin ez zen kasualitatez aukeratu. Biharamunean hauteskunde sindikalak egin zituzten Landabenen. Bozketa garrantzitsua zen, hurrengo hilabeteetan auto elektrikorako egokitzeko lanen nondik norakoak eta lan baldintzak negoziatu behar zirelako ondorengo hilabeteetan, eta langileek UGTren eta CCOOren nagusitasuna berretsi zuten. Nahiago izan zuten, hortaz, egonkortasunaren alde egin eta zuzendaritzarekin ados jarri ohi diren bi sindikatuen gaineko konfiantza berretsi.
Oro ez da urre
Hala ere, dena ez da urre kolorekoa izan. Alde batetik, Nafarroako VWek agur esango dio Poloari aurki. Auto elektrikorako bi produkzio lineak eraikitzen hasten direnetik, bi modelo baizik ezingo dira egin Landabenen, eta, gaur egun hiru egiten direnez, Polo autoa Iruñean ez egitea erabaki zuen VWek: Hego Afrikan egingo dute. Galerak esanahi sinboliko berezia du, 1984tik gaurdaino Iruñean ekoitzi den modelo bakarra delako.
Bestetik, VWeko arduradunek iradoki zuten fabrikaren eremu barruan eraikiko zutela auto elektrikoen bateriak muntatzeko lantokia, eta, ondorioz, enpresak hartuko zuela ardura hori, bere baldintzak ezarriz lan horretan ariko zirenei. Orotara, bostehun lagun gehiago beharko ziren, ustez. Promes hura kolokan jarri zen martxoaren amaieran: zuzendaritzak langileen batzordeari helarazi zion asmoa aldatu zuela eta ez zegoela prest bere gain hartzeko berrehun milioi euro inguruko inbertsio haren finantzaketa. Berehala horren berri eman zioten gizarteari langileen batzordeko bost sindikatuek, eskutik helduta.
Hyundai Mobil arduratuko da auto elektrikoen bateriak muntatzeaz, eta lantokia Imarkoaingo Garraioaren Hirian izango du.
Nafarroako Gobernuari azalpenak eskatu zizkioten, jakin baitzuten Hyundairekin hitz egiten aritu zela. Hego Koreako taldearen filial bat lur sail bat erostekotan zen Imarkoaingo (Elortzibar) Garraioaren Hirian, bertan baterien fabrika bat eraikitzeko eta, besteak beste, VW hornitzeko. Susmoak abuztuaren 9an egiaztatu ziren: Hyundai Mobil arduratuko da bateriak muntatzeaz. VWek berak Sagunt-en (Valentzia, Herrialde Katalanak) eraikiko duen gigafaktoria batean egingo dituzte bateria horiek. Lantoki hori eraikitzeko berrehun milioi euro jarriko ditu Hyundaik, eta berrehun langilerekin abiatuko du proiektua. Hain zuzen ere, baterien zelulak muntatzeko lan hori beste enpresa baten esku utzita, VWek dirutza aurreztuko du, baina luzarora auto elektriko bakoitzeko hirurehun euro ordaindu beharko dizkio Hyundairi.
Lan itunaren negoziazioa
Auto elektrikoa erronka handia izango da 2024tik aurrera, eta aurten horren inguruko xehetasunak jakin dira, gutxika-gutxika. Baterien lantokiarena horietako bat baizik ez da izan. Urrian, langileen batzordeak eta zuzendaritzak hurrengo hiru urteetarako lan ituna negoziatu zuten, baina haren baldintzak trantsizio epe horretakoak izango direnez, moldaketaren inguruko ezaugarriak izan zituzten hizpide, batik bat.
Alde batetik, VWek nabarmendu du 2027tik aurrera bi modelo elektriko egingo direla: Skoda markako bat eta VW ID2X. Azken hori Iruñean bakarrik egingo da, eta lehen urteetan, auto elektrikoekin batera, konbustio motorreko bi modelo egiten jarraituko dute Landabenen, auto elektrikoak merkatuan izan ditzakeen gorabeherei malgutasunez erantzuteko eta produkzioari eutsi ahal izateko. Taldeak uste du 2027tik aurrera 350.000 auto egingo direla urtean, bere gehieneko ahalmenetik gertu.
Dena den, basamortua zeharkatu bitartean, 2024 erdialdetik 2025 amaierara, ohiko produkzioa murriztu beharko du, eta, ondorioz, laurehun lanpostu «sobran» egongo dira, VWen arabera. Afera horrek tentsioa eragin zuen sindikatuen artean. Zuzendaritzak UGTrekin eta CCOOrekin hitzartu zuen behin-behinean enpresa utziko zuten langile horiek errelebo kontratuekin ordezkatuko zirela. Alta, autogintzako kontratu mota hori luzatzea Espainiako Gobernuaren esku dagoenez, Moncloak hori egin ezean pizgarri batzuk ezartzea onetsi zuten.
ELA, LAB eta CGT aurka agertu ziren. Akordio zehaztugabea egitea leporatu zieten batzordeko bi sindikatu nagusiei. Salatu dute negoziazioa ez dela ohiko lan itun batena izan, eta enpresak konpromisoak baino ez dituela adierazi. Hala daudela ekingo diote aurki basamortua zeharkatzeari. Beste aldean, auto elektrikoaren errealitate berria.