Zaintza lanak erdigunean jartzeko egindako grebaren urtea

Zaintza lanak erdigunean jartzeko egindako grebaren urtea

Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8an eman zuen albistea: greba feminista orokorrera deitu zuen azaroaren 30erako, Hego Euskal Herrian. Feministek bertze urrats bat egin nahi izan dute 2018ko eta 2019ko greba feministekin hasitako bidean, eta erdigunean jarri dute aurten zaintzen krisia.

Zaintzari buruz hitz egiteko, halabeharrez aipatu behar da emakumeen lana, haien bizkar baitago zaintza lanaren ardura, soldatapeko zein soldatarik gabeko lan esparruetan. Emakume guztien egoera, noski, ez da berdina, eta, zapalkuntza ardatzak gehitu ahala, are okerragoa eta prekarioagoa da langileon egunerokoa; paperik gabeko emakume migratu eta arrazializatuak dira egoerarik zaurgarrienean direnetakoak. Emakume migratuen eta arrazializatuen zenbait talde, hain zuzen, azaroaren 30eko grebarekin bat ez egitea erabaki zuten, greba egiteko aukerarik ez dutelako. Bertze batzuek, berriz, euren aldarrikapenak zabaltzeko baliatu zuten greba eta hura prestatzeko prozesua, lana egun batez uzteko aukerarik ez dutela onartu arren.

[articles:2118077]

Zaintzaren esparruan, Nafarroan, zahar etxeetako langileena izan da azken urteotako borrokarik nabarmenenetakoa; 2021eko maiatzean hasi zituzten protestak, herrialderako sektoreko hitzarmen bat lortzeko asmoz. Geroztik, euren lan baldintzak salatu dituzte, hamaika protestaren bidez, eta salatu dute, gainera, sektorearen pribatizazioa. Izan ere, Nafarroan dauden zahar etxeetatik hiru baino ez dira publikoak: Iruñeko El Vergel, Lizarrako zahar etxea, eta, abenduaren 1etik, Elizondokoa.

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistak arrasto sakona utzi du aurten herrialdean: uztailean, bikotekideak emakume bat hil zuen, Iruñean. Azaroan, berriz, indarkeria bikariotzat jo duten hilketa bat gertatu zen Urbasan: gizon bat 7 urteko bere semeari helduta amildu zen.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea, azaroan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Uztailaren 1ean hil zuten Zhen Jiang, Iruñeko bizilaguna. Arma zuri batekin eginiko zauriak zituen udaltzainek gorpua topatu zutenean. Handik ordubetera, bikotekideak bere burua entregatu zuen Iruñeko Udaltzaingoaren komisarian, eta aitortu zuen berak hil zuela andrazkoa. Emakumeak lau seme-alaba zituen, eta haien testigantza jasota ondorioztatu zuten hilketa matxista izan zela.

Ehunka lagun elkartu ziren azaroaren 8an Lizarran, Mateo Apestegi haurraren hilketa gaitzesteko, eta salatzeko indarkeria bikarioko kasu bat izan zela. Estellerrian samin handiko egunak izan ziren azarokoak, amak 7 urteko umearen desagerpena salatu eta haren gorpua agertu zenetik. Guardia Zibilaren helikoptero batek aurkitu zituen haurraren eta haren aitaren gorpuak, Urbasan, Ubabako amildegian, eta autopsiak baieztatu zuen aitak salto egun zuela 7 urteko semeari helduta.