Oharkabean pasatzen den ate bat Iruñeko Kuria kaleko 29. zenbakian, bi arku eta beheraka doazen eskailera batzuk. Harrizko hormak, barra eta eserita goxo-goxo egoteko animal print estiloko sofak. Arkuz josita dago sabaia, eta horietako batean, engranaje forma duten letra handi batzuekin, Ardise idatzita ageri da. Ardise elkarteko beheko solairua da. «Iruñeko Alde Zaharrean artearentzako eta disidente sexualentzako txoko bat izatea nahi dugu», azaldu du Ardise elkarteko kide eta sortzaileetako batek, Lolo Diaz Escobarrek.
Ardise elkarteak abenduaren 8an ireki zituen ateak, eta musika entzuteko, dantzatzeko, jateko eta hitz egiteko tartea egon zen. Haurrek, gazteek zein helduek parte hartu zuten irekieran. Horrekin batera, Kiki House of Anunnaki etxeko kideek vogue ikuskizun bat egiten zuten. Antolatzaileek irekiera aprobetxatu zuten kontatzeko Ardise erabilera anitzeko leku bat izatea nahi dutela; lagunekin elkartzeko, topaketa sozialak egiteko, desfileak egiteko, erakusketak jartzeko, dantzatzeko, entrenatzeko eta ikastaroak egiteko txoko bat.
Lolo Diaz Escobar, Ardise elkarteko kide eta sustatzailea, abenduan, Iruñean, aurkezpen ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Horrez gain, bi norabide izatea nahi dute; hau da, norberak ekintza bat proposatu dezake edota ekintza batean parte hartu. Oraindik gauzak lotu gabe dituzten arren, dagoeneko ideia batzuk dituztela kontatu du Diazek: «Arnes ikastaro bat eta zinema kinkiaren inguruko ziklo bat egin nahi ditugu». Horrekin batera, kanpotik etorritako proposamenak ere jasotzen ari dira: «Iruñeko ziegetan BDSM praktikatzen duten batzuek idatzi zidaten gustatuko litzaiekeela elkartean BDSM topaketak egitea. Oso ongi iruditu zitzaidan horrelako zerbait egitea».
Askatasunez bizitzeko leku seguru bat sortzea dute helburu, eta erdigunean jartzea horrekin batera bazterrean geratzen diren identitateak, gorputzak eta beste: «Gizartearentzat ulertezinak diren gauzen inguruan hitz egin beharra dagoela ikusi dugu». Gaineratu du «hutsune handi bat» dagoela Iruñean: «Alde Zaharrean dauden lokaletan ez dago errespeturik, eta jazarpen handia dago. Horregatik, uste dut leku seguru bat behar dugula bereziki kolektiboarentzat, baina gizarte osoarentzat ere bai». Horrez gain, nabarmendu du LGTBI aisialdi «gutxi» dagoela.
«Garrantzitsuena da jendea heztea besteak ere kontuan hartzeko, eta, horrekin batera, energia eta kode komun batzuk sortzea».
LOLO DIAZ ESCOBAR Iruñeko Ardise elkartearen sustatzailea
Diazen arabera, leku seguru bat sortzeko «nahitaezkoa» da mundu guztia errespetatzea, elkar zaintzea eta ez epaitzea. Horregatik, ekitaldietan argazkirik ez ateratzea da elkar zaintzeko eta intimitatea errespetatzeko modu bat, esan duenez. Hala ere, momentu jakin batzuetan argazkiak atera daitezkeela azaldu du; betiere ingurukoak zainduz eta beste inor ez dela agertzen ziurtatuz: «Garrantzitsuena da jendea heztea besteak ere kontuan hartzeko, eta, horrekin batera, energia eta kode komun batzuk sortzea».
Antolatzeko moduari dagokionez, bazkideen artean batzarrak egiten dituzte, eta modu horizontalean hartzen dituzte erabakiak. Era berean, hilabeteko hamar euroko kuota ezarri dute proiektua finantzatzeko.
Sortzeko lantegia
Ateak duela gutxi ireki dituzten arren, Diazek aspaldi buruan zuen ideia bat da. Ohlolo izeneko bitxiak egiten ditu, eskuz, baina ez zuen lan egiteko lekurik aurkitzen. Orduan, duela hiru urte, orain Ardise den lokala alokatu zuen, eta goiko solairua lantegi moduan erabiltzen hasi: «Oso ongi dago, goiko partean josteko, margotzeko eta bitxiak egiteko lekua baitugu».
Ardise elkartearen inaugurazioa, abenduan. JAGOBA MENTEROLA / FOKU
Nahiz eta hasieratik sortzeko leku gisa erabili, duela urtebete arte ez dira hasi espazioa kanpora begira irekitzeko lanetan. Diazek nabarmendu du «oso zaila» eta «oso gogorra» izan dela elkartea irekitzeko prozesua: «Prozesua oso burokratikoa da. Gainera, legeei dagokienez, ezjakintasun handia dago». Horrez gain, dena «oso legeztatuta» dagoenez, Iruñeko Udalak «traba handiak» jartzen dituela salatu du: «Oso zaila da baimenen kontua; adibidez, bingo sozial bat egiten badugu, lizentzia galtzen dugu».
Horrekin batera, kontatu du «lan handia» egin dutela lokala apaintzeko: «Hasieran, dena zen harria, ez zegoen intsonorizatua, hezetasuna zegoen, eta beste gauza asko». Lokala apaintzeko ahalik eta material birziklatu gehien erabiltzen saiatu dira: «Lokalean dauden gauza gehienak eman egin dizkigute». Bidea «zaila» izan den arren, kontent da emaitzarekin: «Elkartea sortzea merezi izan du».