Kontent eta ospatzeko gogoz daude Iruñeko Bigarren Zabalguneko bizilagunak. Hilabeteak daramatzate Zangoza karrikako aparkalekuaren kontrako protestak egiten, eta, azkenean, lortu dute behin betiko lanak geldiaraztea. UPNren eskutik abiatu zen proiektua ekainean; hasieran, Enrique Maiarekin, Iruñeko alkate zelarik, eta, gero, Cristina Ibarrolarekin. Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformako eta Zabalsanche auzo elkarteko kidea da Mertxe Zufia (Tutera, Nafarroa, 1957), eta ilusioz bizi du Bigarren Zabalgunean lortutakoa.
Nola jaso duzue Cristina Ibarrolaren kontrako zentsura mozioa?
Plataforma gisa pixka bat galdua dugu kontaktua, zentsura mozioa izan zenean aparkalekuren inguruan bizilagunei udalak egin zigun kontsulta eten zelako. Hortaz, oraindik ez dugu deus egin, baina ikaragarrizko poza sentitzen dugu. Zabalsanchen, aldiz, alaitasuna adierazteko besta bat egin dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude oposizioaren erantzunarengatik.
Nola bizi izan duzue oposizioko alderdi guztiek aparkalekuaren kontra egin izana?
Ikaragarrizko babesa izan da. Gainera, plataforma gisa lortu dugu alderdiek erabaki bateratuak hartzea. Plataforma existituko ez balitz, uste dut alderdi guztiek ez luketela aparkalekuaren kontra bat egingo. Ibarrolak esaten du talde konkretu batek gidatzen gaituela, baina berak badaki hori gezurra dela, guztiekin oso harreman aberasgarria izan dugulako.
Salatu duzue azkeneraino Iruñeko Udalak ez duela kontuan hartu bizilagunen iritzia, eta galdetegi bat pasatu zuenean baiezkora bideratuta zegoela. Nolakoa zen galdetegia?
Egoeraren arabera, alde edo kontra geunden adierazteko konbinazio gehienak aparkalekua egiteko baiezkora bideratuta zeuden. Horrez gain, idazketa oso korapilatsua zen; adibidez, bi ezezko zituen galdera bat zegoen, eta denek dakigu bi ezezko dituen esaldi batek baiezkoa adierazten duela. Horregatik, uste dugu baiezkoa ateratzea nahi zutela.
Abuztuan Ibarrolak lanak behin-behinean geldiarazi zituenean, behin betiko izatea espero zenuten?
Gorabeheraz beteriko bidea izan da. Ez genuen espero Ibarrolak udala hartu zuenean lanak behin-behinean etetea. Hala ere, oso zaila eta konplikatua zen aparkalekuko lanak berriz martxan jartzea, erantzun soziala eta politikoa oso indartsua zelako. Baina galdetegia egin zutenean, berriz kezkatzen eta beldurtzen hasi ginen.
Ziurgabetasun handia izan duzue?
Dudarik gabe; dena zalantzak ziren. Bizilagunentzat, merkatarientzat eta ostalarientzat oso zaila zen, mugimendu handia dagoen eremua baita, eta aparkalekua egiteko lanengatik bi urtez geldirik egon behar baikenuen.
Aparkalekua eginez gero, zer beste ondorio izanen zituen?
Hiriaren erdigunean egin nahi zuten eraso ikaragarri bat da. Gurutze plazatik Tafalla kaleraino doazen zuhaitzak moztu nahi zituzten. Esaten dute batzuk birlandatu behar zituztela, baina hori oso konplexua da. Aparkalekuak hamabost metro sakon izan behar zuen hirurehun auto sartu ahal izateko, baina kalea oso estua da, eta inguruko eraikinak oso zaharrak dira. Ez zegoen aparkalekuak eraikinetan eragin zitzakeen ondorioen inguruko ikerketa sakonik, eta ez zegoen argi zer eginen zuten goiko partearekin. Gainera, plaza elkartzeko leku garrantzitsu bat denez, auzo bizitza galduko zen. Denontzat oso gogorra da bi urtez plaza erabili gabe egotea, baina pertsona zaharrentzat, are gehiago.
Uste duzue herritarren mobilizazioak eragin handia izan duela lanak geldiarazteko?
Erantzun sozialari esker lortu dugu aparkalekuko lanak etetea. Gainera, Bigarren Zabalgunean ez gaude ohituta horrelako gauzetara, orain arte ez baikara auzo baten parte sentitu. Udalak eta erakundeek gutxitan hitz egiten dute Zabalguneaz auzo gisa, hiriaren erdigunetzat daukatelako. Erakundez eta bulegoz beterik dago, baina bizikidetza urria da. Horregatik, abaguneaz baliatu gara auzo bizitza egiteko. Ibarrolak esan zuen aparkalekua gelditzeko arrazoietako bat erantzun soziala izan zela.
Aparkalekua egiten hasteko, zorua zulatu zuten; bere hartara itzuli dute plaza?
Ez; argiak eta txorkoak jarri gabe daude, eta zuloak hormigoiarekin estali dituzte. Horregatik, gure beldurretako bat zen berriz lanak hastea. Badirudi oraingoz Gurutze plaza horrela gertatuko dela, udal berriak proiektu berri bat aurkeztuko duelako.
Zer espero duzue udal berriaren aldetik?
Zabalsanche elkarteko kide gisa, uste dut udalak egin dezakeen lehenengo gauza dela HJPB [Hiri Jarduketarako Plan Berezia] aztertzea, osatzea eta definitzea. Zabalgunean gauza asko egin daitezke; adibidez, Askatasunaren plazako lehiaketa geldirik dago. Horrez gain, Zuria Nafarroakoaren plaza erreformatzeko proiektu bat dago. Guk oinezkoentzako izatea nahi dugu, elkartzeko leku gutxi daudelako Zabalgunean; soilik, bi ditugu: Gurutze plaza eta Askatasunaren plaza. Geltokirekin zer egin nahi duten ere pentsatu beharko lukete, elkartzeko beste leku bat delako. Hortaz, gauza asko daude egiteko, eta udalaren ardura da pentsatzea zer lehenetsi nahi duten.