Postari moduan aritu dira Variopintas taldeko artistak. COVID-19ak eragindako itxialdiaren ondorioz elkarren berri izateko eta elkarren artean sortzeko premia zutenez, trukatzen ibili diren zortzi gutun kutxa egin dituzte. Kaxa horien bidez, milaka istorio eta 64 artelan sortu dituzte Korrespondentzia erakusketarako. Iruñeko Ziudadelako bolborategian ikusgai dago otsailaren 11ra arte. Variopintas taldeko kideek egin dute erakusketaren bisita gidatua: Leire Olkotzek, Idoia Iribertegik eta Concha Pasamarrek.
Ekintzaren helburua zera zen, taldeko kide bakoitzak gai bat pentsatzea, eta, nahi izanez gero, gai hori lantzeko zenbait baldintza jartzea; esate baterako, zer kolore edo elementu erabili behar zituzten. Ostean, gai bakoitzaren irizpideak kutxetan sartu, eta taldekidez taldekide trukatu zituzten, bakoitzak obra bat sortzeko. Variopintas taldeko kideek kutxak zabaldu ahala deskubritu zituzten gaiak. «Besteek egindakoa ikus genezakeen, baina nik nahiago nuen ez ikusi, lanean eraginik ez izateko», esan du Iribertegik. Hasierako asmoa kutxak posta bidez bidaltzea zen, baina proiektua «asko» garestitzen zen. Beraz, postari bihurtu, eta elkarri eskuz ematen zizkieten kutxak.
«Besteek egindakoa ikus genezakeen, baina nik nahiago nuen ez ikusi, lanean eraginik ez izateko».
IDOIA IRIBERTEGI Variopintas kolektiboko artista
Truke horretatik ateratakoarekin, gaika antolatutako erakusketa bat sortu dute. Bolborategira sartuta, lehenik, Pasamorrek aukeratutako gaiaren inguruko obrak ikusten dira. Bestelako premisarik jarri gabe, basoa lantzea proposatu zuen: «Basoan dauden soinuek eta hango bakeak arreta pizten didate. Gainera, oso mitikoak dira literaturan». Horregatik, basoa irudikatu nahi izan du erakusketarako sortu dituen artelan guztietan.
Basotik, Gabriela Barrioren Tea en la azotea-k proposaturiko bidaiara salto egiten du erakusketak. Xedea zen egindako edo egin nahiko luketen bidaia bat irudikatzea. Horretarako, mapa bat sortu, eta baldintza bakarra jarri zuen: den-dena kutxan sartu behar zen. Horretarako, grabatu teknika erabili du Olkotzek: «Oso berezia izateaz gain, jende askorentzat ezezaguna da». Erakusketako artelanetan bakarra da teknika horrekin egindakoa: «Eskuz egitearen aldekoa naiz». Teknika horretarako, puntzoi batekin, zuloa egin eta forma eman, tinta sartu, eta, presioa eginez, edozein euskarrira transferi daiteke marraztu nahi dena.
Iribertegik ere bidaia bat irudikatu nahi izan du, eta, arteaz baliatuz, Italiako lorategi batera eraman ditu lagunak. Hutsik dauden lorategiak bilatzen ari zelarik, Italiako etxe «aberats» bateko lorategi «handi» bat aurkitu zuen, eta hango elementu bat eman zion taldekide bakoitzari; hala nola igerilekua, otorduetarako estalpea eta labirintoa. Olkotzek magnolia bat irudikatu behar zuenez, egur zati batean emakume bat marraztea erabaki: «Normalean paperean marrazten dut, baina proiektu honetarako beste euskarri batzuk bilatu ditut».
Variopintas kolektiboaren erakusketa. Iruñeko Ziudadelako bolborategian dago ikusgai. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Emakume bat irudikatu izana ez da ustekabean egindako zerbait; izan ere, emakumeen begiradetan arreta jartzeko eskatu die gainerako kideei Olkotzek. Horretarako, emakume artista batek sortutako obrak birsortzea proposatu zuen: «Artea ikasi nuenean, gehienak emakumeak ginen, baina erakusketetan soilik gizonak ziren».
Formatu txikian
Erakusketaren erdialdean, urrutitik ikusten ez badira ere, pospolo kaxa batzuk daude. Xehetasunez beteriko kaxak direnez, hurbil-hurbiletik ikusi behar dira. Horien bidez, «istorio txikienak» kontatu nahi izan ditu Mila Garciak. Paper zatiz eta poemaz josiriko txori ttipiak sortu, eta kaiolatik ihes egiten dutela irudikatu dute. Horrez gain, zirku baten abenturak ere kontatu dituzte. Iribertegik musika kutxa baten doinuaz lagunduta sortu du berea: «Maitasun eta laguntasun istoriorik handiena kontatu nahi nuen formatu txikian».
«Artea ikasi nuenean, gehienak emakumeak ginen, baina erakusketetan soilik gizonak ziren».
LEIRE OLKOTZ Variopintas kolektiboko artista
Hortik gertu, mataza gorri batez jositako istorio bat dago. Itziar Goñik, testu batzuk sortu, kide bakoitzari bat eman, eta kontakizun horietatik abiatuta obra bat sortzeko eskatu die. Baldintza bakarra da lan guztietan mataza gorri bat agertu behar dela. «Oso polita da, bakoitzak sortutako piezak istorio bat kontatzen duelako, eta testuak, aldi berean, beste bat»; esan du Iribertegik.
Ostean, artista bakoitzaren haurtzaroari lotutako pieza bana dago. Gaia Rebecca Gilek aukeratutakoa da. Artista izateaz gain irakaslea denez, haurtzaroak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Haurtzaroa arakatzeaz gain, berak erabilitako elementuren bat gure obretan erabiltzeko eskatu zigun», esan du Olkotzek.
Aulki bat dute protagonista azkeneko obrek. Arkitekto teknikoa izanik, Berta Sueskunek aulki bat diseinatu du proiekturako. «Etxeko ohiko altzari batetik abiatuta zer sortzeko gai ginen ikusi nahi zuen», azaldu du Olkotzek. Izan ere, elkarri sortzeko bide eta erronka berriak jartzea zen Korrespondentzia erakusketaren helburuetako bat.
Variopintas kolektiboaren erakusketa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU