Hariak, teknologia eta fabrika bat Etxalarren

Hariak, teknologia eta fabrika bat Etxalarren

Aspaldi utzi zutela sumatzen da eraikinari so egin bezain pronto; aspaldi hustu zutela; aspaldi ez dela inor lanean ari etxe horren barruan. Errentan jarri dutela dio leihoetako batean ageri den kartelak. Etxalarko bentatik ailegatzen denarentzat, Etxalarko sarreran da herriko galtzerdi lantegia hartu zuen lehendabiziko etxea, errepidearen ezkerreko aldean; eskuinean, berriz, egungo egoitza. Anitzez ere handiagoa; anitzez ere biziagoa.

Etxalarko bost lagunek jarri zuten abian herriko galtzerdi fabrika, duela ia berrogei urte. Duela 25, berriz, marka propio bat sortu zuten: Lorpen. Proiektua nabarmen hazi da geroztik, eta, egun, kirol galtzerdi onenen artean dira Etxalarkoak. 2022an, Lorpenek egindako Biowarmer galtzerdiak ISPO sari bat jaso zuen, kirol galtzerdien arloko garrantzitsuena. Egun, munduko 65 herrialdetan saltzen dituzte Etxalarren egindako galtzerdiak.

Miren Olaetxea, Lorpen etxeko produktuen kudeatzailea, joan den astean, Etxalarko lantegian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Etxalarkoak dira Lorpenen ari diren langile gehienak; gainerakoak, inguruko herrietakoak. Miren Olaetxea Etxalarkoa da, eta duela hamabi urte hasi zen galtzerdi fabrikan lanean. «Ordura arte, ni neu ere ez nintzen jabetzen proiektuak duen neurriaz; banekien herrian galtzerdi lantegi bat zegoela, baina ez nuen hemen egiten zutenaren eta lortu zutenaren berri», aitortu du. Bekadun gisa hasi zen, ikerketarako eta garapenerako zenbait proiektutan laguntzen, eta, egun, Lorpen markako produktuen kudeatzailea da. Etxalarkoak munduko kirol galtzerdirik onenen artean direla nabarmendu du Olaetxeak.

Lorpen markak mendian ibiltzen direnentzako galtzerdiak egiten hasi zuen bere bidea, duela 25 urte. Ordurako, Etxalarko lantegiak hamar urte baino gehiagoko esperientzia zuen galtzerdiak egiten. Herriko bost lagunek jarri zuten proiektua martxan. Kooperatiba bat osatu, eta egungo egoitzatik hurbil dagoen eraikinean hasi ziren merkataritza gune handientzako markarik gabeko galtzerdiak egiten. «Garai hartan, galtzerdien mundua ez zegoen orain bezain espezializatua; Txina ere ez zen gaur egun den hori ehungintzaren arloan. Merkatu bat bazela ohartu ziren, eta lanean hasi», kontatu du Olaetxeak.

Hamar urte luzeko bidea egin eta gero, merkatu hori agortzen ari zela ohartu ziren Etxalarko lantegian, eta galtzerdi teknikoen esparruan murgiltzen eta ikertzen hasi ziren. «Kirol galtzerdien merkatuak gora egin zuen orduan», oroitu du Olaetxeak, eta Etxalarko proiektuak marka propioa sortzeko urratsa egin zuen, azkenean: Lorpen. Mendiko kirolak egiten dituztenentzako galtzerdiena izan da, hasieratik, marka horren berezko esparrua. «Trekkingean espezializatu da Lorpen hasieratik; bide hori ez dugu bazter utzi, baina zabalduz joan gara; orain, eskian eta korrika aritzen direnentzako galtzerdiak ere baditugu, bertzeak bertze», zehaztu du Lorpeneko arduradunak.

Emakume bat, Etxalarko Lorpen etxeko lantegian, joan den astean, galtzerdiak lisatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ehun jasangarriak

Produktua salgai jartzeko prestatu arteko urrats guztiak Etxalarko egungo galtzerdi fabrikan egiten dituzte. Makinak dauden gelan, hariak hartu eta galtzerdi bilakatzen dituzten tresnen zarata da nagusi. Makinak martxan jarri baino lehen, halere, bertze lan prozesu luze bat dago egiteko: galtzerdia diseinatzekoa, alegia. Lorpen etxeko diseinatzaileen lana da produktuen kudeatzaileen ideiak eta helburuak jasotzea eta zehaztea. Eta Etxalarren zer-nolako galtzerdiak eta nola egin nahi dituzten erabakitzeko prozesuan parte hartzen duten langileetako bat da Miren Olaetxea.

Irizpideak garbi dituzte fabrikan: «Kalitate handiko galtzerdi teknikoak» egitea da haien asmoa. Olaetxeak erantsi du badituztela bertze zenbait ardatz nagusi: «Egiten dugun produktu horrek irautea nahi dugu, eta jasangarria izatea». Jasangarritasunarena da haren «kezka nagusietako bat», hain zuzen. Arlo horretan «etxeko lanak eginak» dituztela erran du Lorpeneko kideak, argi eta garbi.

Izan ere, Lorpen etxeko egungo katalogo osoko galtzerdiak ehun jasangarriekin eginak dira. Hariak ongi aukeratzea da, hain zuzen, Etxalarren egiten dituzten galtzerdiak lortzeko urrats garrantzitsuenetako bat. Osagai kimikorik gabeak eta birziklatuak dira Lorpen markak erabiltzen dituenak. Ez da hori jasangarritasunaren alde Etxalarren eman duten pauso bakarra, halere: «Erabiltzen dugun elektrizitatea berriztagarria da».

«Lanean hasi arte, ni neu ere ez nintzen jabetzen proiektuak duen neurriaz. Banekien herrian galtzerdi lantegi bat zegoela, baina ez nuen hemen egiten zutenaren eta lortu zutenaren berri». 
MIREN OLAETXEA Lorpen etxeko produktuen kudeatzailea

Energia aurrezteko, gainera, aldaketak egin dituzte galtzerdiak garbitzeko eta lehortzeko prozesuan. Galtzerdiak josi eta gero, garbitu egin behar dira, ehuna uzkur dadin. Lehen, garbigailu bat eta lehorgailu bat baliatzen zituzten. Orain, berriz, lurrunarekin funtzionatzen duen makina bakar bat dute prozesu hori egiteko: «Energia eta ur anitzez gutxiago behar dugu, ondorioz». Galtzerdiak lisatzeko ere lurruna baliatzen dute, eta galtzerdiei etiketa josteko, berriz, hari biodegradagarria, plastikoaren ordez.

Lantegiko hondakinak kudeatzeko ere egin dituzte urratsak, eta, egun, Etxalarren sortzen diren ehun hondakin guztiak lehengai gisa erabiltzen dituzte autogintzaren eta eraikuntzaren arloko bertze zenbait enpresatan.

Talde baten barruan

Etxalarko galtzerdi lantegiak kooperatiba gisa hasi zuen bidea, 1980ko hamarkadan; egun, berriz, sozietate mugatu bat da, eta 2014. urtetik, Ternua Group taldearen barruan dago. «Taldeak Arrasaten [Gipuzkoa] du egoitza nagusia; guk hemen segitzen dugu lanean. Ez dugu uste autonomia galdu dugunik; elkarri laguntzeko aukera gisa hartu dugu Ternua Groupen sartu izana», azaldu du Olaetxeak. Lorpen markako galtzerdiez gain, hain zuzen ere, bertze zenbait etxetakoak ere egiten dituzte Lorpenen fabrikan.

20.000

Zenbat galtzerdi pare egiten dituzten astean. Etxalarko galtzerdi lantegian 20.000 galtzerdi pare inguru egiten dituzte astean. 70 diseinu ezberdin ditu Lorpen etxeak egungo katalogoan.

Etxalarren, kirol galtzerdien arloan ikertzen eta bide berri eta jasangarriagoak bilatzen segitzen dute lantegiko kideek. «Galtzerdiak ez dira osagarri soil bat», berretsi du Lorpeneko produktuen kudeatzaileak. 46 pertsona ari dira Etxalarren lanean, denera, eta haietako %75 emakumeak dira. «Egia da ehungintzaren sektorean emakumeak izan ohi direla nagusi, baina gure etxean arlo guztietan gaude; finantza zuzendari gisa, adibidez, emakume bat dugu».

Fabrikako makinen soinua ez da oraindik isildu. Lanean segitzen dute Etxalarko lantegian. Hariak hartu eta galtzerdi bilakatzen.