Hitzen gordailu 90 urtez

Hitzen gordailu 90 urtez

Modernoa da, zabala eta argia. Leihateek zementuzko pareta laranjen artekoa ikusteko modua ematen dute, eta, haietatik begiratuz gero, bi emakume sumatzen dira barnealdean, liburuak batera eta bestera eramanez, urduri baleude bezala. Atea irekitzen ikusi orduko utzi dute esku artean zerabiltena, eta harreraren ondoan dagoen mahai biribilean eseri dira. «Apur bat estresagarria ari da izaten», esan du Mari Luz Oiarbidek. «Baina ilusioz bizi dugu», erantzun dio Elena Aristorenak, konplize. Izan ere, buru-belarri aritu dira bi liburuzainak Altsasuko liburutegiaren 90. urteurrenaren prestaketan.

«Organismo bizi bat da liburutegia», dio Aristorenak; Altsasukoak ia mende bateko ibilbidea bete zuen iragan ilbeltzaren 28an, unean uneko erronkei erantzuteko eraldatuz, halabeharrez zenbaitetan eta borondatez beste hainbatetan. Urtemuga «biziki berezia» da, liburuzainen hitzetan, Nafarroako aurreneko liburutegi publikoa izan baitzen.

Hain justu, adituek diote Espainiako Estatuko lehenengoetarikoa ere izan zela. Jakina da, ordea, II. Errepublikaren haize berritzaileek bulkatu zutela, besteak beste, Altsasuko liburutegia sortzea, kultura estatuko txoko guztietara zabaltzeko ahaleginetan. Beraz, Misio Pedagogikoen Patronatua sortu zuen Espainiako Gobernuak, Errepublika aldarrikatu eta hilabetera. «Iraultzailea izan zen», ondorioztatu dute bi liburuzainek. Helburu hori hedatuz jarraitzeko xedez, Liburutegi Publikoetarako Liburuak Trukatzeko eta Eskuratzeko Batzordea sortu zuen gobernuak, liburutegi sare sendo bat osatzeko.

Altsasuko liburutegia, joan den asteko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Liburuzainen irudiko, ez zen kasualitatea izan Altsasu aukeratu izana lehenengo liburutegia sustatzeko. Ordu hartan, loretan zegoen 3.600 biztanle inguruko herri bat zen, Oiarbidek argitu duenez: «musikarien banda, antzokia, kasinoa… mugida handiko herria zen». Halaber, industria handiko gunea izaki, estatu osoko jende anitz etorri zen lan egitera. «Horrek modua eman zuen orotariko jende eta ideien mugimendua izateko». Era berean, herriaren eta administrazioen arteko harremana bereziki estua zen. «Constantino Salinas altsasuarra zen Nafarroako Diputazioko presidente orduan, herriko alkate izan ondoren, eta horrek bide eman zion hainbat gauzari», esan du Aristorenak. 

Aulkitik altxatu da Oiarbide, eta berehala itzuli da, liburu zahar eta bitxi bat eskuetan dakarrela. Actas irakur daiteke. «Udal Liburutegiaren osaketa-akta originala da», azaldu du Oiarbidek, harro. Hala, 1932ko abenduaren 15ean, Altsasuko hiribildu txit prestuko udalak deituta, liburutegia zuzentzeko batzordea eratu zuten. Luis Goikoetxea alkatea eta Felix Arnaiz zinegotzia izan ziren udal ordezkariak batzordean, eta hiribilduko pertsona ospetsuenak gonbidatu zituzten parte hartzera: Nafarroako Diputazioko presidente Constantino Salinas, Antonio Garcia-Lopez maisua eta Domingo Lunbier medikua.

«Hirurehun liburu eta Espasa entziklopedia batekin osatu zuten lehendabiziko liburutegia».
ELENA ARISTORENA Altsasuko liburuzaina

Akta bidez, Enrique Goikoa Arilla maisua izendatu zuten herriko liburuzain, eta udaletxeko lehen solairua izan zen liburutegia; egungo Gure Etxea erakinean, hain zuzen. «Hirurehun liburu eta Espasa entziklopedia batekin hasi ziren», esan du Aristorenak. «Baina ez dakigu zehatz-mehatz zeintzuk izan ziren liburu horiek», gaineratu du Oiarbidek. 

Urtebeteko prozesua buruturik, Altsasuko Udal Liburutegi Publikoa mustu zuten 1934ko urtarrilaren 28an. Garai hartako prentsak jasotakoaren arabera, ekitaldi jendetsua izan zen, herritarrek irrikaz esperotakoa. «Aipatu liburutegia egunean lau orduz egonen da irekia, eta zirkulatzailea izanen da, hamabost eguneko mailegu zerbitzuarekin», jaso zuen La Voz de Navarra egunkariak. 

Altsasuko liburutegiaren osaketa akta originala. IÑAKI RUBIO.

Garai oparo orori datorkio amaiera, edo ziurgabetasuna, bederen. 36ko gerrak eztanda egin zuenean, errepresioa hedatu zen, eta, hala, mugarik gabeko zentsura. Reyes Berruezo politikari eta ikerlariaren arabera, izugarria izan zen errepresioa Altsasun; hainbestekoa, ezen ez baitago datu edo informaziorik. «Ez dakigu zer gertatu zen liburutegiarekin». Zentsura batzordea sortu zuten matxinatuek, eta liburutegi ororen garbiketa abiatu. Nafarroan ia 2.500 liburu bahitu zituzten, eta erdia baino gehiago suntsitu. «Gainerakoak liburutegietara itzultzen zituzten», dio Berruezok.

Izan ere, bi liburutegi mota ziren nagusiak garai hartan, Berruezoren arabera: «Alde batetik, patronatuak sustaturiko eskola liburutegiak zeuden, gobernu errepublikanoak bultzaturikoak; eta, bestetik, udal liburutegi publikoak». Altsasun, eskola liburutegiaz gain, udal liburutegia eta Tren Geltokikoa zeuden. «Badakigu Altsasuko Tren Geltokiko liburutegian garbiketa egin zutela, baina ez dakigu askorik». 

Gerlaren arrastoa

Jada frankismoan murgildurik, Principe de Viana erakundea sortu zuten, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea sortzeko xedez. Hala, 1950ean, Altsasuko Liburutegi Publikoa birsortu zuten, Nafarroako lehena Miranda Argakoarekin batera. Ordea, bitxia den zerbait sumatu du trantsizio horretan Nafarroako Liburutegien Zerbitzuaren zuzendari Asun Maestrok: gerra ostean liburuzain Goikoak jarraitu izana. «Ikerketen arabera, Enrique Goikoa jardunean egon zen 1934tik 1950era arte. Bitxia da hori, gerra ondoren ere jarraitu baitzuen, eta sobera ezaguna da errepublika garaiko maisuek ze errepresio jasan zuten erregimenaren aldetik». Liburutegia erakunde berrian sartu orduko kargua utzi zuen Goikoak, eta haren emazte Felisa Guerrero izendatu zuten liburuzain.

Geroztik, hainbat liburuzain izan ditu Altsasuko liburutegiak, eta beste hainbeste kokaleku. Gure Etxea eraikin historikotik Domingo Lumbier eskoletara igaro zen lehenengo. Hainbat urteren buruan, Labadero eraikinera mugitu zuten, eta, azkenik, 2003an mustu zuten Iortia kultur gunearen barrenean berrekin. Egun, seiehun metro koadroko espazio erabilgarria du liburutegiak, eta 45.000 liburu inguru dauzka. 5.000 lagun baino gehiago dira bazkide, eta herriko zerbitzu baloratuenetarikoa da. «Ohorea da guretzat», diote Oiarbide edo Aristorena liburuzainek. 

Emozioz bizi du Maestrok urteurrena: «Gure herriaren memoria kulturalaren sustraiak ditugu liburutegi honetan». Harentzat handia da halako zerbait bizi ahal izatea. Hain zuzen ere, 90. urteurrena handikiro ospatzeko asmoz, hamaika ekitaldi prestatu dituzte liburuzainek. Ilbeltzaren 26an egin zuten urteurren besta, Ospatu gurekin! lelopean, eta otsailean eginen dituzte ospakizunak. Hitzak haizeak eraman ez ditzan, horien gordailu izaten segituko dutela argi dute Oiarbidek eta Aristorenak.

egitaraua

Otsailaren 29ra arte. Altsasuko liburutegiaren artxibo historikoaren erakusketa. 14:00-20:00 artean, Altsasuko Iortia kultur gunean —han izanen dira ekitaldi denak—, liburutegian.
Gaur, otsailak 2. Hitzaldia, Karmele Jaiok: Fikzioaren egiak. 18:00etan, hitzaldi aretoan.
Otsailak 7 eta 14. Tailerra: Letrak marrazten dibertitzea, Manolita Thundersekin. 17:30-19:30 artean. Hiru tailer (elebiduna).
Otsailak 9. Hitzaldia, Reyes Berruezok: La segunda República y la creación de Bibliotecas. De las realizaciones a la posterior represión. 18:00etan, hitzaldi aretoan.
Otsailak 16. Adriana Olmedoren haurrentzako ikuskizuna: Txiki: gauza handiak lortzen dituzten pertsona txikien istorioa. 17:00etan, auditoriumean. 4 euro aldez aurretik, 5 euro txarteldegian.
Apirilak 23. Angeles Caso idazlearekin topaketa. 19:00etan, auditoriumean.